euskaraespañol

UPV/EHU, ENLIGHT unibertsitate partzuergoaren beste topaketa baten antolatzaile

ENLIGHT aliantzak biltzen ditu Europako 10 herrialdetako 10 unibertsitate eta kontinenteko unibertsitateen arteko lankidetza proiekturik sendoenetako bat bihurtu da

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2024/06/13

Irudia

UPV/EHU arduratu da azken egun hauetan ENLIGHT unibertsitate partzuergoaren beste topaketa bat antolatzeaz (Mid-Year Meeting). Euskal unibertsitate publikoa partzuergo horretako kideetako bat da eta seihileko honetan Eva Ferreira errektorea izan da haren presidentea. Txandakako presidentetza abenduan jaso zuen, Anders Hagfeldt Uppsalako Unibertsitateko errektorearen eskutik, eta gaurko ekitaldian Virginia Richter Bernako Unibertsitateko hurrengo errektorearen esku utzi du.

Topaketaren lan jardunaldiak joan den asteartean hasi ziren, eta gaur izan dute une gorena, aliantzaren Gobernu Kontseiluaren bilerarekin. Partzuergoko unibertsitateetako errektoreetako zortzi izan dira bileran.

Ekitaldi horretan, UPV/EHUko errektoreak nabarmendu du proiektuaren izaera estrategikoa taldeko unibertsitate guztientzat: “ENLIGHT aliantza da bikaintasuna eta anbizioa ezaugarri dituen Europako unibertsitateen aliantza bat. Espazio ireki bat sortu dugu, gure unibertsitateetako pertsona guztiak elkarlanean aritu daitezen, modu kooperatibo, sortzaile eta berritzaile batean, betiere garapen jasangarriaren, konpromiso globalaren eta aldaketa sozialaren ikuspegitik.  Lankidetza hori areagotuz doa, gure harremanak estutu ahala. ENLIGHT aliantza benetako unibertsitate europar bihurtuko da, balio partekatu batzuekin eta gero eta solidarioagoa, oparoagoa eta inklusiboagoa izango den gizarte baten aldeko apustu argiarekin”. 

ENLIGHT topaketa berri honen saioak asteartetik gaur arte luzatu dira, osoko bilkuren eta hainbat lantalderen bidez, eta lau egun horien xedea izan da taldeko unibertsitateen arteko elkarlana indartzea.               

ENLIGHT Europako Unibertsitate Aliantza

UPV/EHUz gain, ENLIGHT Europako Unibertsitate Aliantzaren barruan daude unibertsitate hauek: Bordele (Frantzia), Gante (Belgika), Groninga (Herbehereak), Gotinga (Alemania), Comenius-Bratislava (Eslovakia), Tartu (Estonia), NUI Galway (Irlanda) eta Uppsala (Suedia). Duela gutxi, bat egin du egitasmoarekin Europar Batasunetik kanpoko erakunde akademiko batek: Bernako Unibertsitatea. ENLIGHT aliantzaren helburua da Europako goi-mailako hezkuntzaren funtsezko eraldaketa gauzatzea: ikasleak munduarekin konprometitutako herritar gisa heztea; ezagutza, gaitasun eta berrikuntza potentzial aurreratuenak ematea ikasleei, gai izan daitezen aurre egiteko trantsizio sozial handiei; eta bizi kalitate ekitatiboa eta jasangarritasuna sustatzea.  

ENLIGHT akronimo bat da: European university Network to promote equitable quality of Life, sustainability and Global engagement through Higher education Transformation. Proiektua Europako Batzordeak onartu zuen, 2020ko uztailean. Aliantza osatzen duten unibertsitateen ezaugarri nagusiak dira izaera jeneralista, ikerketa bikaintasuna eta konpromiso soziala. Guztira, 330.000 ikasle baino gehiago biltzen dituzte.

2023an, Europako Batzordeak ENLIGHT aliantza hautatu zuen berriro, Europako Unibertsitateen Erasmus+ deialdiaren barruan, 14,4 milioi euro jasotzeko datozen lau urteetan. Helburua izango da finantzatzea irakaskuntza, ikaskuntza eta ikerketa kooperatibo, sortzaile eta berritzaileagoetan eragina duten egitasmo akademikoak.

Gehiago jakiteko ENLIGHT Europako Unibertsitatearen Aliantzari buruz.