euskaraespañol

Gazte gehienek noizbait erabili dute bikotekideekin offline edo onlineko biolentzia

UPV/EHUko ikerketa baten arabera, 17 eta 24 urte bitartekoen bikote-harremanetan indarkeriaren prebalentzia altua da eta desberdin gauzatzen da aurrez aurre edo sarean

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2024/06/20

Joana Jaureguizar
Joana Jaureguizar, Psikologiako doktorea Bilboko Hezkuntza Fakultatean. | Argazkia: Fernando Gómez. UPV/EHU.

Joana Jaureguizar Psikologia doktorearen ikerketa batek bikotekide gazteen artean gertatzen den online eta offlineko indarkeriak aztertu eta alderatu ditu. Antzekoak izan arren, ezaugarri desberdinak dituztela ondorioztatu dute. Dena dela, bi kasuetan 17-24 urte bitarteko bikoteetan indarkeriaren prebalentzia altua dela ikusi dute. Izan ere, ikerketan parte hartu duten gehienek aitortu dute inoiz erasotzaile edota biktima izan direla.

Euskal Herriko Unibertsitateko PSIDES ikerketa-taldeak online gauzatzen den bikotekide gazteen arteko indarkeria ikertzen dihardu. Berria den fenomenoa hobeto ezagutzea du helburu, ondoren prebentziorako estrategia egokiak diseinatu ahal izateko. Testuinguru horretan, UPV/EHUko 17 eta 24 urte bitarteko 341 ikasleren jokabidea analizatu berri dute.  Offline eta birtualki eragiten den biolentziari buruz galdetu diete. Indarkeria-mota bakoitza zenbat eta nola gauzatzen den aztertu dute, ondoren alderatzeko xedez. Jaureguizar ikertzaileak azaldu duenez, euren hipotesia bete da: “Gure susmoa zen sareetan eragiten den biolentziak ez dituela patroi berdin-berdinak jarraitzen eta, ikerketaren arabera, zuzen genbiltzan. Topatu ditugun kopuruak, jokabide-motak, erasotzaile eta biktimen profil psikologikoak… desberdinak dira”.

Batetik, bikotekideen arteko indarkeria zenbatekoa den neurtu dute. Aurrez aurreko erlazioetan, gazteen % 80,4k aitortu du bikotekidearen kontrako jokabide biolentoak eduki dituela; sare sozialetako hartu-emanetan, ordea, % 55 izan da erasotzaile. Bestalde, biktima izan ote diren galdetuta, % 73,3k erantzun du offline baietz eta, online, % 51,6k. Jaureguizarrek dio datuak ikaragarriak direla: “Bikote gazteetan dagoen indarkeriaren prebalentzia altuagoa da offline, baina, hala ere, bi kasuetan emaitzak izugarriak dira. Kontuan hartu behar da, gainera, halako galdetegietan normalean jendeak ez duela egia osoa esaten eta, beraz, litekeena da benetako datuak altuagoak izatea eta, hortaz, egoera are kezkagarriagoa”.

Bestetik, bikotekideen kontra erabilitako indarkeria-mota aztertu du PSIDES taldeak, eta ondorioztatu du sareetan eta haietatik kanpo ez direla jokabide berdinak izaten. Aurrez aurreko harremanetan ahozko erasoak eta emozionalak nagusitzen dira (irainak, umiliazioak, jeloskor jartzeko moduak bilatzea…). Birtualki, berriz, kontrola da gailentzen den indarkeria-jokabidea (bikotekideari geolokalizazioa eskatzea lagunekin dagoenean, mugikorrera bidalitako mezuak irakurri arren erantzuten ez duelako azalpenak eskatzea…). “Kasu honetan kezkatzeko modukoa dena da gazte askok ez dutela uste kontrola biolentzia denik. Zalantzan jartzen dute eta ez dira ohartzen eraso-mota horietatik ekintza bortitzagoetara pasatzeko arrisku erreala dagoela”, dio Jaureguizarrek.

Horri lotuta, ikertzaileak azpimarratu nahi izan du indarkeria fisikoaren erabilera hain ohikoa ez bada ere, portzentajea esanguratsua dela. Izan ere, ikerketan parte hartu duten gazteen % 11k aitortu du inoiz erabili duela.

Profil psikologiko ezberdinak

Bukatzeko, bikote gazteetan biolentzia erabili eta sufritzen dutenek online eta offline ezaugarri berdinak ote dituzten ikertu dute. Profil psikologikoetan aldea topatu dute, batik bat, biktimen roletan. Aurrez aurreko biolentzia jasan dutenen kasuan, autoestimu baxua ezaugarri esanguratsua dela ikusi dute. Indarkeria birtuala sufritu dutenengan, berriz, ez da hain nabarmena. Ikerketaren egileen ustez, horren atzean dagoen arrazoietako bat izan daiteke biolentzia presentziala gogorragoa izaten dela.

Aldiz, erregulazio emozionalari begiratuz gero, onlineko indarkeriaren biktimek zailtasun handiagoak erakutsi dituzte. “Offlineko biolentzia jasan dutenek baino gaitasun gutxiago daukate egoera emozional negatiboak eteteko eta positiboak luzatzeko. Zergatik izan daiteke hori? Agian, onlineko biolentzia edozein unetan eta tokitan gertatzen delako. Ondorioz, zailagoa da gelditzea. Eta, beraz, etengabekoa da emozioak erregulatzeko gaitasun falta”, azaldu du Jaureguizarrek.

Informazio osagarria

Joana Jaureguizar Psikologiako doktorea da. Bilboko Hezkuntza Fakultateko irakaslea da. Zehazki, Bilakaeraren eta Hezkuntzaren Psikologia sailekoa. Horretaz gain, Psikodidaktika: Hezkuntzaren Psikologia eta Berariazko Didaktikak Masterraren arduraduna da eta PSIDES ikerketa-taldearen zuzendaria.

Erreferentzia bibliografikoa