euskaraespañol

Eguneko irudia

Unibertsitate Ministerioak II. Konferentzia antolatu du UPV/EHUn, akademian genero-indarkeria ezabatzeko

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2023/10/23

Irudia

Eva Ferreira euskal unibertsitate publikoko errektorea eta José Manuel Pingarrón Unibertsitateetako idazkari nagusia bertan zirela, gaur inauguratu da Bizkaia Aretoan Genero-Indarkeriekin Akademian Amaitzeko II. Konferentzia  (II Conference Ending gender based violence in Academia), Unibertsitate Ministerioak antolatuta, Euskal Herriko Unibertsitatearen eta UniSAFEren laguntzarekin. Bi egunez luzatuko da konferentzia.

UniSAFE Europako Batasunean sortutako proiektua da, eta ikerketa-erakundeetan eta unibertsitateetan genero-indarkeriak amaitzeko lan egiten du, ezagutza sortuz eta ezagutza hori tresna praktiko eta gomendio bihurtuz. Pragan egin zen lehen konferentzia, joan den azaroan. Helburua da Goi Mailako Hezkuntzaren eremuan genero-indarkerien errealitatea sakonago ezagutzea, eta indarkeria horiek murrizteko eta ezabatzeko estrategiak partekatzea.

Jose Manuel Pingarrón Unibertsitateetako idazkari nagusiak, inaugurazio-ekitaldian, honako hau nabarmendu du: “Erakunde garen aldetik, unibertsitate-sisteman indarkeria mota hori murrizteko eta desagerrarazteko beharrezkoak diren neurriak entzun, ikasi eta hartu behar ditugu, gizartearen funtsezko pieza gisa, Europa mailan abangoardiako pieza gisa”.

Bestalde, Eva Ferreira UPV/EHUko errektoreak euskal unibertsitate publikoak arlo horretan garatu dituen proiektuak nabarmendu ditu: “Genero-indarkeriaren aurkako protokolo espezifiko bat dugu, funtsezko tresna gure unibertsitate-erkidegoko edozein pertsonari eragiten dioten genero-indarkeria edo orientazio-indarkeria mota guztiei aurre egiteko. Protokoloan lehentasunak dira biktimaren segurtasuna eta konponketa-neurrien proposamena. Prebentzioaren arloan, bi prestakuntza-programa ditugu: Indartu, ikasle gazteei zuzendua, eta Eraldatzen, gizonezko ikasleei zuzendua, gai horiei buruz sentsibilizatzeko asmoz”.