euskaraespañol

Gaurko irudia

Joaquin Gorrochategui hizkuntzalariarentzat da 2023ko Euskadi Ikerkuntza Saria

Letren Fakultateko Irakaslea Hizkuntzalaritza Indoeuroparreko katedradun emeritua da UPV/EHUn

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2024/05/21

Joaquin Gorrochategui hizkuntzalaria | Argazkia: Nuria González. UPV/EHU

2023ko Euskadi Ikerkuntza Saria JoaquIn Gorrochategui hizkuntzalariak jasoko du, epaimahaiaren erabakiz. UPV/EHUko Ikasketa Klasikoen Saileko katedraduna da Gorrochategui, Hizkuntzalaritza Indoeuroparraren arloan. Gizarte Zientzien eta Humanitateen arloan entzute handiko lau ikerlarik osatutako epaimahaiak aho batez onartu du, sariaren 28. edizio honetan, Gorrochategui irakaslearen aldeko ebazpena, goiza horretarako elkartuta eman ondoren.

“Sari guztiak pozgarriak dira baina euskal gobernuak emandako hau, benetan da berezia niretzat. Karrera osoari egindako aitortza da, 45 urteko ibilbide luzea baita nirea, baina azken aldian Irulegiko Eskuari esker nire ospea handitu da eta horrek ere agian eragina izango zuen”, uste du JoaquIn Gorrochategui Hizkuntzalaritza Indoeuroparreko katedradun emerituak.

Hezkuntza Sailak urtero deitzen du Euskadi Ikerkuntza Saria. Urte bakoitietan –hau da 2023ko deialdiaren kasua- Gizarte Zientzien eta Humanitateen arloko profesionalen lana aitortzen du sariak; urte bikoitietan berriz, Zientzia eta Teknologia modalitatean egiten da deialdia. Euskadi Ikerkuntza Sariak jarduera zientifikoa sustatzea du helburu nagusia, bai eta honako beste hau ere: Euskal Autonomia Erkidegoko eta Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko ikertzaileek eta talde kualifikatuek egiten dituzten ahaleginak sustatzea eta bultzatzea, betiere horien lanak oso eragin positiboa badu Euskadin.

Joaquín Gorrochategui Churruca irakasleak (Eibar, 1953) hizkuntzalaritza historikoaren arloan dihardu, eta bere jarduera Mendebaldeko Europako eta bereziki Iberiar Penintsulako egoera linguistikoaren ikerketan ardaztu du, betiere datu linguistikoak eta historikoak uztartuz.

UPV/EHUko irakasleak gogorarazi du Letren Fakultateko hirugarren saritua dela bera Jose Luis Melena eta Ibon Sarasolaren ondoren. “Eskergarria da giza zientzien eta filologiaren inguruko ikerlariak aitortzea. Honelako sariak bultzada bat dira eskuartean ditudan lanekin jarraitzeko. Gaur egun Nafarroako Larunben aurkitu den aldare bat aztertzen ari gara eta Irulegin ere segitzen dut. Hor ere lan asko dugu aurkitu ditugun testuak ikertzen. Urrian Madilen dugun Hizkuntza eta Kultura Paleohispanikoen kongresua antolatzen”, zehaztu du.

Ibilbidea

Joaquin Gorrochategui Filologia Klasikoan doktorea da Salamancako Unibertsitatean (1982), eta onomastika indigenari buruzko doktore-tesia egin zuen Akitanian, Koldo Mitxelenak zuzenduta. Ondoren, doktoratu ondoko ikasketak egin zituen Bonnen (Alemania), non hizkuntzalaritza zeltikoan espezializatu zen, eta bere ikerketa-karrera atzerriko erakunde akademikoetan hainbat egonaldi eginez jarraitu zuen, hala nola Galesko Unibertsitatean (Aberystwyth), Sorbonako École des Hautes Études ikastegian (bertako irakasle bisitaria izan zen), Erromako Tor Vergata Unibertsitatean edo Bordeleko Institut Ausonius-en.

Gorrochategui irakasleak hainbat ikerketa-ildo garatu ditu azken hamarkadetan, eta guztiek ezaugarri bera dute: hizkuntzalaritzaren, epigrafiaren eta historiaren arteko diziplinartekotasuna. Ezaugarri hori, neurri batean, bere lanak (Iberiar Penintsulako erromatarren aurreko hizkuntzei buruzkoa) izan duen azterketa-eremuak zehazten du, baina baita metodologiak bateratzearen aldeko erabaki kontziente batek ere. Horrela, euskararen fase zaharrenak aztertu ditu bereziki, Akitaniako hegoaldeko eta Iberiar Penintsulako iparraldeko hondar onomastikoetan dokumentatua, eta hizkuntzaren beste aldi batzuetara zabaldu da (Erdi Aroko onomastika), hala nola Iberiar Penintsulako indoeuropar hizkuntza zaharren azterketara, bereziki zeltiberiarra eta lusitaniarra, eta

Antzinaroko elebitasuna eta hizkuntza-kontaktura, erromatarren aurreko hizkuntzen (antzinako eta iberiar, akitaniar eta galiar hizkuntzen) arteko kontaktuak barne, baita horien eta latinaren artekoak ere.

Epaimahaiak nabarmendu duenez, Gorrochategui irakasleak egindako lana inspirazio izan da Euskadiko ikertzaileen belaunaldi berrientzat, eta eskola zientifiko bat sortu du hainbat hizkuntzaren bilakaera aztertzeko (zeltikoetatik hasi eta eslaviarretara, baita indoeuroparrak ez diren hizkuntzetara ere, euskal hizkuntzaz gain).

Nabarmentzekoa da, halaber, Hesperia online datu-bankuaren zuzendaritzan egin duen lana, hizkuntzei eta epigrafia paleohispanikoei buruzkoa, eta Jakiundeko euskaltzain oso, Euskaltzaindiko euskaltzain urgazle eta Espainiako Errege Akademiako kide izendatu izana, eta Ikerbasqueko Patronatuan (Zientziarako Euskal Fundazioa) parte hartu izana.

Azkenik, Joaquin Gorrochategui oso inplikatuta egon da bere azterketa- eta ikerketa-eremuko gaietan duen ezagutza euskal gizarteari zabaltzeko zereginean. Nabarmendu beharrekoa da 2022an Irulegiko Eskuaren inskripzioa irakurri eta interpretatzeaz arduratzen den espezialista gisa izan zuen eginkizuna.

Gorrochategui Churruca irakaslearen lan zientifiko bikainaz gain, epaimahaiak honen ibilbide akademikoak, ikerkuntzak eta irakaskuntzak erakusten dituzten sendotasuna eta bikaintasuna jo ditu ibilbide horren alderdirik aipagarrientzat; bai eta ikertzaileen prestakuntzan egindako ekarpena ere, Mitxelena irakasleak sortutako eskolaren prestigioa indartuz, haren ikasle eta jarraitzaile izan baita. Era berean, garrantzitsua da adituen sareetan eta nazioarteko proiektu askotan eta unibertsitateko ekimen zientifikoetan izan duen parte hartzea. Horrela, epaimahaiak adierazi duenez, Humanitateen esparruan euskal zientzia-sistemari egiten dizkion meritu eta ekarpenek euskal komunitate zientifikoaren prestigioa sendotzen dute paleolinguistikaren nazioarteko esparruan.