euskaraespañol

Praktikak egingo dituzte Europako enpresetan 75 tituludunek

Lehenengo argitaratze data: 2017/03/01

Irudia
Aurreko edizioko EPEZ programako kideak

Gaur hasi, martxoak 1, eta ekainera arte, Erasmus + programaren baitan kokatzen den EPEZ (Enpresetan Praktikak Europan Zehar) Beken XI. edizioaren bidez, Europako hainbat hiriburutako enpresetan beraien prestakuntza osatuko dute UPV/EHUko 75 tituludunek.

Beka hauen helburua, lan merkatuari arrakastaz aurre egin ahal izateko behar diren gaitasunak garatuz ikasleen perspektiba profesionalak hobetzea da. Bekadunek atzerriko egonaldiaren kostu nagusiak finantzatuta izango dituzte: bidaiak, aseguruak, prestakuntza, ostatua, gestioa eta antolakuntza… Edizio honetan, lan-praktikak Erresuma Batuko, Irlandako, Austriako, Txekiar Errepublikako, Italiako, Portugaleko eta Alemaniako enpresetan burutuko dira.

"UPV/EHUk EPEZ programa hau gidatu du, berriki graduatutako irakasleen aukera profesionalak ontzea helburu duena. Horretarako, ikasleek ingurune profesionaletara  moldatzeko duten gaitasuna, nazioarteko ikuspegia, atzerriko hizkuntzen irakaskuntza… suspertu nahi dira. Azken finean, lan merkatuari arrakastaz aurre egiteko beharrezko diren profil horiek bermatu nahi dira. Honelako programak behar-beharrezkoak dira, gainera, gure enpresen lehiakortasuna bultzatzeko, baita gure gazteen enplegagarritasunaren alde egiteko ere", adierazi du Txelo Ruizek, Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreordeak.

Parte hartzaileak enpresa batean hasiko dira lanean unibertsitatean ikasi duten guztia praktikan jarriz. Gainera, enpresek beraien esku jarriko duten tutore baten aholkularitza ere izango dute. Halaber, bai hasieran bai bukaeran azterketa bat egin beharko dute abegi herrialdeko hizkuntza ezagutzaren aurrerapenak ezagutzeko. Ildo horretan, egonaldian zehar hizkuntzaren hobekuntza on-line ikastaroak burutuko dituzte.

"Aurreko edizioetan, praktikak bukatzearekin batera, UPV/EHUk txosten bat egin du ikasleen asebetetzea eta laneratzeko orduan mugikortasunak izan duen inpaktua neurtzeko. Hala, programa honetan parte hartu duten 500 lagun ingururi galdetu zaie, eta %90ak mugikortasuna oso ondo balioetsi du, eta lana bilatzeko orduan erabakigarria izan dela esperientzia hori adierazi du", azaldu du Ruizek.