euskaraespañol

UPV/EHUren Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedrak 10. urteurrena ospatuko du

Bigarren ohorezko kide izendatuko du Bartzelonako Unibertsitateko Carme Junyent hizkuntzalaria

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2017/07/12

Irudia
Itziar Idiazabal. Katedra UNESCO.

Gaur, asteazkena, uztailak 12, 17:00etan, UPV/EHUk Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedraren 10. urteurrena ospatuko du. Ekitaldian Bizkaiko Campuseko errektoreorde Patxi Juaristik eta Katedraren koordinatzaile Itziar Idiazabalek parte hartuko dute. Bertan ere, Unesco Katedrak bigarren ohorezko kide izendatuko du: Bartzelonako Unibertsitateko Carme Junyent hizkuntzalaria, munduko hizkuntza-aniztasunaren eta bereziki hizkuntza mehatxatuen alde egindako lanagatik. Junyentek Katedrarekin egon da elkarlanean sorreratik.

Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedra lanean hasi zen 2007an, Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak (Unesco) munduko hizkuntzen egoerari buruzko txostena egitea agindu zuenean. Txosten hori islatu zen Hizkuntzen mundua: Munduko hizkuntzei buruzko txostena argitalpenean.

Hamarkada honetan, Katedrak munduko hizkuntza ondarea ikertu eta zabaltzeari ekin dio. Halaber, hizkuntzen aniztasuna zaintzearen garrantziaz euskal gizarteari ohartarazten saiatu da, batez ere, gutxitutako hizkuntzak eta desargetzeko arriskuan daudenak direnean.

Itziar Idiazabal Unesco Katedraren koordinatzailea eta UPV/EHUko Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak saileko katedradunaren aburuz gutxitutako hizkuntzek bizi duten zailtasun handienetakoa hizkuntza menderatzaileek inposatzen duten elebakartasuna da, "hizkuntza bakarrean hitz egitea da errazena, baita suntsigarriena ere". Horregatik, adierazi du, "munduko hizkuntzen etorkizuna, elebakartasunaren desagerpenaren ondoren emango da".

Katedratik horretarako ekimenek hartu beharreko norabidea argi dute, "hizkuntza aniztasuna bizirik nahi badugu, hizkuntza horiek eskolan landu beharko dira, hori horrela ez bada, beste guztiak ez du ezertarako balioko".

Erronka nagusiak

Hala, kultura ezberdinek duten erronka nagusienetakoa da hizkuntza ondarea elkarrekin bizitzea, "hizkuntzak berreskuratzea garapenerako motorra da munduarentzat", azaldu du Idiazabalek. Hartara, Katedra elkarlanean ari da Euskal herriko hainbat erakunderekin Kolonbiako nasa-yuwe eta embera hizkuntzak indartzeko, horretarako, hezkuntza elbidunarentzako material didaktikoak sortu dira eta  irakasle prestakuntza  bultzatu da Caucako komunitatean. Gainera,  Beningo bariba komunitatearentzat Hizkuntza Normalkuntzarako teknikariak prestatu ditu Katedrak

Idiazabalek adierazi duenez, "hizkuntza aniztasunaz harro egon behar dugu, baina horrezaz gain, beren erabilera bultzatu behar dugu arlo guztietan". Euskal Herrian, ikerketa lanak egin dira haurtzarotik helduaroaren arteko eremu elebidun eta eleanitza garatzeko, hala nola euskal hiztun berrien jarrerak eta nortasunak ulertzeko.

Gainera, katedrak prestakuntza eta zabalkuntza arloetan lan handia egiten du, jardunaldiak, kongresuak eta ikastaroak antolatuz. Horietariko bat da Hizkuntza gutxituetako hiztun berriak: eskola eta gizartea uda ikastaroa, hamargarren urteurrena ospatzeko hautatutako eszenatokia.