euskaraespañol

Eguneko irudia

Egoera fisikoa: futbola vs areto futbola

Iñaki Llodiok, Jarduera Fisikoaren Zientzietako UPV/EHUko doktoreak, eliteko kirolarien egoera fisikoa ikertu du bere tesian

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2017/04/12

Irudia
Iñaki Llodio. Argazkia: Nuria González. UPV/EHU

Iñaki Llodiok, Jarduera Fisikoaren Zientzietako UPV/EHUko doktoreak, eliteko kirolarien egoera fisikoa ikertu du bere tesian, batez ere areto futboleko eta futboleko jokalari profesionalei eta bi jokalarion errendimenduaren arteko aldeei erreparatuta (eta futbola aire zabalean jokatzen den kirol klasiko gisa ulertuta).

UPV/EHUko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko irakaslearen tesiak 'Determinación de Condición Física en Deportistas: Diferencias entre Futbolistas y Determinación Indirecta de la Velocidad de Máximo Estado Estable de Lactato' du izena.

"Tesi honek irtenbideak ematen ditu kirolarien hezitzaile fisikoek edo fisiologoek egunero aurki ditzaketen zailtasunei aurre egiteko, hau da, aplikagarritasunerako", esan du Llodiok. Llodioren azterlanak informazio baliagarria ematen die entrenatzaile eta hezitzaile fisikoei; izan ere, entrenatzeko teknika edo jarraibide berriak ezar ditzakete euren jokalarien ezaugarriak tesian jasotako eliteko jokalarienekin konparatuz. "Areto futbolak ospe handia duen arren, informazio gutxi dago areto futboleko eliteko jokalarien gaitasun fisikoen ezaugarriei buruz", dio irakasle arrasatearrak.

Hori dela eta, tesiaren helburu nagusietako bat izan da sakon aztertzea areto futboleko eliteko jokalariek zenbateko gaitasun aerobikoa eta zenbateko indarra, esprint abiadura eta muskulu potentzia duten –ezaugarri antropometrikoak–, eliteko futbolariekin konparatzeko eta asoziaziorik dagoen ikusteko. Bi diziplinen arteko aldeak aztertu nahi izan dira ikerketan, aldeak baitaude zelaiaren azaleran eta dimentsioetan, jokalari kopuruan eta jokaldiaren denboran.

Gorputzeko gantza

Zehazki, areto futboleko zelaiak (kiroldegiko zurezko zoladura edo zoladura sintetikoa) batez beste 23x40 metro ditu, eta 11ko futboleko zelai batek (belarrezkoa), berriz, 60x110 metro; bestalde, areto futboleko jokaldiak 20 minutuko bi denboratan banatzen dira, eta 11ko futbolekoak, berriz, 45 minutuko bi denboratan. Jokalari kopuruari dagokionez, areto futbolak 5 kideko bi talde ditu, eta futbol talde bakoitzean, berriz, 11 jokalari aritzen dira.

Eliteko futboleko gaitasun aerobikoaren adierazle esanguratsuenetako bat da jokalariek partida batean zenbateko distantzia ibiltzen duten gehieneko oxigeno kontsumoaren % 75etik gertuko batez besteko intentsitatean. Erresistentzia aerobikoaren gaitasun hori zenbatekoa den jakiteko, "Gold Standard" erreferentziazko parametroa erabiltzen da, laktatoaren gehieneko egoera egonkorrari dagokion intentsitatea neurtzen duena. Hau da, neurtzen du ariketa fisiko bat intentsitate konstantean egitean gehienez ere zenbateko intentsitatea jasan daitekeen metabolito hori progresiboki metatu gabe.

Azterketen emaitzak erakutsi zuen, besteak beste, areto futboleko eliteko jokalariek futbolari profesionalen antzeko erresistentzia aerobikoa dutela, baina indarraren eta esprint abiaduraren balio okerragoak eta gorputzeko gantzaren ehuneko apalagoa dutela. Bestalde, esprint abiadura eta jauzi bertikaleko garaiera handiena duten futboleko nahiz areto futboleko jokalariek erresistentzia aerobikorako gaitasun txikiagoa dute. Era berean, bi kategorietan, gorputz gantzaren ehunekoaren balio altuenak dituzten jokalariek egoera fisiko okerragoa daukate gorputz gantzaren ehuneko apalagoak dituztenek baino.

Oraindik ez da argitu alde horien zergatia. Halere, Llodiok dioenez, arrazoia izan liteke areto futbolak ahalmen ekonomiko txikiagoa eta jokalari gutxiago dituela, eta futbolaren aldean gaitasun gutxiago duela talentu fisikoa duten jokalariak biltzeko. Ondorio gisa, azterlanean iradokitzen da areto futboleko jokalarien gantz portzentaje handiago horrek zerikusia izan dezakeela "hainbat faktorerekin: areto futbola ez egotea hain globalizatua eta nazioartean kide gutxiago biltzea; pizgarri sozial eta ekonomiko gutxiago izatea; eta aurrerapen gutxiago izatea nutrizioaren, laguntza ergogenikoen, entrenatzeko metodoen eta medikuntza edo kinesiologiako tekniken arloan, adibidez", azaldu du Llodiok.

"Tesi honetan berrikuspen bibliografiko sakona egin dugu, eta uste dut tesiaren indarguneetako bat dela bibliografia, erakusten duelako nola joan diren aldatzen gaitasun aerobikoa kalkulatzeko metodoak", adierazi du tesiaren egileak.

Historia akademikoa

Iñaki Llodiok (Arrasate, 1980) Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako lizentzia lortu zuen UPV/EHUn; horrez gain, Kirol Errendimendu Handiko Masterra egin zuen Goi Ikasketen Zentro Olinpikoan, eta Kirolaren Zientzietako Masterra (Giza Errendimenduaren aipamenarekin) Brunelgo Unibertsitatean, Londresen. Esteban M. Gorostiaga Ayestarán eta Cristina Granados Domínguez doktoreak izan zituen tesiaren zuzendari.

Beste proiektu nabarmen batzuen artean, giro beroan egiten den luzaroko jarduera batek garuneko odol fluxuan zer-nolako eragina duen aztertu zuen Brunelgo Unibertsitateko Giza Errendimenduaren Zentroan, José González Alonso irakaslearen gidaritzapean.