euskaraespañol

Eguneko irudia

UPV/EHUk errektorea aukeratzeko hauteskundeak ospatuko ditu

Bozketa azaroaren 24an izango da, 09:00etatik 18:00etara

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2016/11/11

Irudia
Aldeko botoa edo boto zuria bakarrik eman daitezke

Errektorea hautatzeko prozesua aurrera doa. Asteon, inpugnazioak aurkezteko epea igarota, Hauteskunde Batzordeak behin betiko aldarrikatu du hautagaitza bakarra. Beraz, behin betiko izaera hartu du Nekane Balluerka irakasleak aurkeztutako hautagaitzak.

Nekane Balluerka doktorea Portaera Zientzien Metodologia jakintza arloko katedraduna da, eta Psikologia Fakultateko irakaslea. Gaur egun Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen arloko errektoreordea da, eta aurretik UPV/EHUko kudeaketan hainbat kargu izan du.

Azaroaren 24an egingo da bozketa, 9:00etatik 18:00etara. Horretarako, ikastegi guztietan (baita UPV/EHUko beste toki garrantzitsu batzuetan ere) egongo dira botoa emateko kutxak.Bozketan aldeko emaitza lortuz gero, Nekane Balluerka irakaslea litzateke Euskal Herriko Unibertsitatean errektore hautatutako lehenengo emakumea.

Hauteskundeetako egutegia eta prozesuaren ezaugarriak

Azaroaren 7an hauteskunde kanpaina hasi da, eta hautagaiak eta harekin doan taldeak beren programaren berri emango diete unibertsitateko kide guztiei (www.ehu.eus/eu/web/idazkaritza-nagusia/errektore-hauteskundeak). Hauteskunde kanpaina azaroaren 22an amaituko da. Lehen esan bezala, bozketa azaroaren 24an izango da, baina botoa lehenago emateko aukera izango da azaroaren 14, 15, 16, 17 eta 18an, UPV/EHUko ikastegietan.
Hautagai bakarra dagoenez, aldeko botoa edo boto zuria bakarrik eman daitezke. Hautagaiak, hautatua izateko, botoen %33 baiezko boto lortu beharko ditu.

Jakina denez, boto kontaketa ez da egiten emandako boto kopuruaren arabera,  baizik eta unibertsitateko talde desberdinei dagokien ehunekoa kontuan hartuta. Horrenbestez, 2.200 bat irakasle-ikertzaile (IRI) doktoreri botoen %56,25 dagokio. 315 bat IRI ez-doktoreri botoen %7,5. Gainerako IRIri, 3.000 bat lagun, botoen %2,09. Ikasleei, 40.000 lagun inguru, botoen %22,08. Eta administrazio eta zerbitzuetako langileei, ia 1.900 lagun, botoen %12,08.

UPV/EHUren zortzi ikastegitan Batzarra ere hautatuko da

Euskal Herriko Unibertsitateak egun horretan bertan beste hauteskunde batzuk egingo ditu, fakultate eta eskola batzuei lotuak. Prozesu horietan ikastegiko batzarrak berriztatuko dira, eta egoitzako batzordeak eta ataleko batzarrak aukeratuko dira ikastegi berrietan. Izan ere, hauexek dira azaroaren 24an egingo diren hauteskundeak:

  • Ekonomia eta Enpresa Fakultatea
  • Batzar, egoitza eta hiru ataletarako hauteskundeak
  • Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatea
  • Batzarrerako hauteskundeak
  • Hezkuntza eta Kirol Fakultatea
  • Batzar, egoitza eta atalerako hauteskundeak
  • Farmazia Fakultatea
  • Batzarrerako hauteskundeak
  • Letren Fakultatea
  • Batzarrerako hauteskundeak
  • Lan Harreman eta Gizarte Langintzaren Fakultatea
  • Batzar, egoitza eta atalerako hauteskundeak
  • Bilboko Ingeniaritza Eskola
  • Batzarrerako hauteskundeak
  • Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola
  • Batzar, egoitza eta atalerako hauteskundeak