euskaraespañol

Eguneko irudia

16.000 parte-hartzaile baino gehiago erakarri ditu XVI. Zientzia Asteak

'Koloso Jurasikoak' erakusketa ikusgai dago oraindik Bizkaia Aretoan, azaroaren 27ra arte

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2016/11/09

Irudia

Oso harrera ona egin diote, beste behin ere, adin guztietako herritarrek UPV/EHUren Zientzia Asteari; azaroaren 2tik 6ra izan da hamaseigarren edizioa. 16.000 lagun baino gehiago bertaratu dira Zientziaren Astea hartu duten hiru egoitzetara, ikastetxeetako eta partikularren bisitak kontuan hartuta: 9.000 bisitari baino gehiago izan ditu Bizkaia Aretoak, 3.500 inguru hurbildu dira Bibat museora, eta, beste hainbeste, Donostiako Kursaalera.

UPV/EHUren Zientzia Astearen, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren astearen, edizio honetan, ekintza eta jarduera ugari antolatu dituzte. Zehazki, 50 stand egon dira ikusgai (20 Bilbon, 15 Vitoria-Gasteizen eta 15 Donostian), 41 tailerretan hartu ahal izan da parte (17 Vitoria-Gasteizen, 15 Bilbon eta 9 Donostian), 25 ibilbide didaktiko izan dira (10 Bilbon, 8 Vitoria-Gasteizen eta 7 Donostian), 6 hitzaldi, haietako bost Bilbon eta bat Barakaldon, eta, gainera, lau erakusketa jarri dira (bi Donostian eta beste bi Bilbon) hiru ikuskizun zientifiko txikienei zuzenduta,  eta Zientzia Club  bakarrizketa zientifikoen programa arrakastatsua, zeina UPV/EHUren Zientzia Astea antolatutako hiru hirietan ikusgai egon baita. Zientzia Clubean ez ezik, Big Van taldeak beste ikuskizun bat ere eskaini zuen Barakaldon.

Beste alde batetik, hiru lehiaketa antolatu dituzte, eta haietako bitan irabazleak izendatu dituzte dagoeneko. Kaligrama Matematikoen lehiaketan, Lauaxeta Ikastolako Maider Rioja Egileorrek irabazi du saria, ‘Fibonacci' kaligramarengatik, eta Nerea Larrabe Berasateguik, akzesita, ‘Penroseren paradoja' lanarengatik, euskarazko modalitatean. Gaztelerazkoan, Guatemalako Claudia Dolores Juárez Martinirentzat izan da lehenengo saria, ‘Espiral' lanarengatik, eta, akzesita, berriz, Oaxaca-ko (Mexiko) Anahí Rojas Carrascok jaso du, ‘Epsilon' kaligramarengatik. Euskarazko modalitatera 14 kaligrama aurkeztu zituzten, eta, gaztelaniazkora, 24. Bigarren lehiaketan, Bilboko argazki geologikoen VIII lehiaketan, Bigarren Hezkuntzako 113 ikaslek eta Batxilergoko 33k hartu dute parte, eta, denera, 217 argazki aurkeztu dituzte. Nicolás Martínez-en (Bizkaia Ikastetxea, Zamudio) lanak lortu du puntu gehien DBHko argazkien artean, eta Carla Vega Garciarenak (Urola Ikastola Azkoitia-Azpeitia BHI), Batxilergokoen artean.

Hirugarren lehiaketan, Saridun buruketak deritzonean, ez dira irabazleak ebatzi, irekita baitago oraindik jarritako buruketen erantzunak bidaltzeko epea; ostiralera arte, hilaren 11 arte, jasoko dira erantzunak. Logikako, azkartasuneko edo, besterik gabe, aritmetikako sei buruketaren emaitzak asmatu behar dira, zailtasun desberdinekoak.

XVI. Zientziaren Astea amaitu bada ere, irekita jarraitzen du Bizkaia Aretoan ‘Kolosos Jurasikoak' erakusketak. Azaroaren 27ra arte, Europako dinosaurorik handiena ikusi ahal izango da, Turiasaurus riodevensis delakoa, besteak beste. UPV/EHUk antolatu du erakusketa hori, Zientziaren Asteko ekintzen baitan, eta Euskaltelek, Bilboko Udalak, Iberdrolak eta Dinópolis Fundazioak babesten dute. Doakoa da eta ikusgai egongo da urriaren 20tik azaroaren 27ra arte ordutegi honetan: astelehenetik ostiralera, 8:00etatik 20:00etara; larunbatean, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara; eta igandean, 10:00etatik 14:00etara.

Horrez gain, azaroaren 7tik aurrera bisita gidatuak antolatu dira, astelehenetik ostiralera, Lehen Hezkuntzako ikastetxeentzat. Hain zuzen ere, ikastetxeen bisitak ordu erdikoak izango dira, eta 9:00, 10:00, 11:00 eta 12:00etan egin ahal izango dira. Partikularrentzako bisita, berriz, 18:30ean izango da. Bisita egin ahal izateko ezinbestekoa da izena ematea turiasaurus.otri@ehu.eus emailean.

UPV/EHUko Ikerketa arloko errektoreorde Fernando Plazaolak edizio honetako berrikuntzak azpimarratu ditu: "Aktibitateen kopurua igo da –haien artean nabarmen dezakegu ‘Koloso Jurasikoak' dinosauroen erakusketa, eta bertan ikus daitezkeen eskeletoak-. Arrakasta handia izan da, prestatutako aktibitateen kalitateagatik eta adin guztietako publikoaren erantzunagatik".
"Zientzia dibulgazioaren adierazgarririk garrantzitsuenetakoa da Zientzia Astea Euskal Herrian", adierazi du, "eta gure helburua lanean jarraitzea da, ikerketara talentu berriak erakartzeko eta gizarteak zientzian duen interesa animatzeko". Plazaolak edizio honetan parte hartu duten unibertsitateko kideei beren lana eskertu die jarraian.

Informazio guztia eta jardueretan ateratako argazkiak zientzia-astea.eus webgunean

Argazkiak: UPV/EHU