euskaraespañol

Arrakala digitala, zortzi urte baino gutxiagoko umeak dituzten familietan

EU Kids Onlinek aztertu du maila sozioekonomikoak tresna digitalen inguruko bitartekaritzan edo gainbegiratzean duen eragina

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2015/09/21

Irudia
Argazkiaren egilea: Sean Dreilinger

Heziketa maila txikiagoa duten gurasoen familietan, belaunaldien artean arrakala handiagoa egon ohi da gaitasun digitalari dagokionez. Era berean, familia horiek ekipamendu maila nahiko handia izaten dute; beraz, erakundeen laguntza behar dute prestakuntza digitala jasotzeko. Horixe ondorioztatzen da EU Kids Online ikerketa sareak Europako Batzordearekin lankidetzan "Niños pequeños y teconología digital" proiektuaren barruan eginiko azken txostenean.

Gurasoek bitartekari lanak egiten dituzte baliabide digitalekin; hau da, beren seme-alabek gailu digitalekin duten harremana kudeatzen eta arautzen saiatzen dira hainbat eratara. Gailuok aukeren edo arriskuen iturri direlako ustea dago, edo aukera eta arrisku, biak direlakoa, baina, hori alde batera utzita, gurasoak dira, dudarik gabe, haurrei tresnak nola erabili erakusteko pertsonarik egokienak. Gainera, haurrak gero eta goizago hasten direnez tresna horiek erabiltzen, gurasoek modu berriak aurkitu nahi dituzte, txikienek baliabide digitalak nola erabiltzen dituzten ikuskatzeko.

8 urtetik beherako seme-alabak dituzten Europako zazpi herrialdetako 70 familiarekin egindako ikerketa kualitatibo bat oinarri hartuta, txosten horrek aztertzen du gurasoen diru sarreren eta hezkuntzaren mailak zer-nolako eragina duen baliabide digitalen inguruan haurrei ematen dieten bitartekaritzan. Horrez gain, txostenak erakusten du hezkuntzako arau eta ohitura orokorrek eragina dutela gurasoek bitarteko digitalen erabilera kudeatzeko moduan.

Inguru sozioekonomiko apalagoetan ez da baliabide digital gutxiago izaten

Familien arteko alde handienak gurasoen diru sarreren eta hezkuntzaren mailan dautza. Gurasoek diru sarrera txikiagoak eta hezkuntza maila apalagoa duten familietan, analisiek erakutsi zuten arrakala handiagoa zegoela belaunaldien artean; batik bat, etorkinen familietan. Familia horiek, baina, tresna ugari izan ohi dute; beraz, gurasoek ezagutza digitala lortzeko prestakuntza handiagoa behar dute. Familia horiei dagokienez, analisiak agerian uzten du joera handiagoa dagoela bitartekotza estrategia murriztaileagoak erabiltzeko; izan ere, denbora falta dela eta, gurasoek ezin dute jarduerarik egin seme-alabekin batera. Deigarria da bitarteko digitalekiko jarreretan dagoen anbibalentzia; izan ere, guraso horien iritziz, gailu digitalak betiko jostailuen ordezko txarrak dira, baina, aldi berean, haurren etorkizunerako elementu garrantzitsutzat jotzen dituzte.

Goi mailako inguru sozioekonomikoetako gurasoek offline jarduera gehiago bultzatzen dituzte

Diru sarrera eta hezkuntza maila handiagoa duten familietan, gurasoek haurrentzako offline jarduerak bultzatzen dituzte (etxeko jarduera digitalak mugatuz), eta, horretarako, bitarteko lanak egiteko jardunbide sorta zabala eta askotarikoa erabiltzen dute. Guraso horiek ahalegina egiten dute online mundu interesgarriaren ordez offline alternatiba erakargarriak eskaintzeko, eta, era berean, arau malguak ezartzen dituzte jarduera digitalei dagokienez. Maila sozioekonomiko hori duten familiek tresna digital asko izaten dituztenez, gailuon erabilera ziurtzat jotzen da gaurko gizartean. Guraso horietako askok, gainera, sarri erabiltzen dituzte bitarteko digitalak lanean (baita etxean ere), eta, horren ondorioz, ez dira hain eraginkorrak izaten seme-alabak offline jarduerak probatzera animatzeko egiten dituzten saioak.

Gurasoek bitartekari lanak egiten laguntzeko eskatu dute

Ikerketaren arabera, guraso guztiek, baina, batez ere, IKTekin segurtasunik/konfiantzarik edo ezagutzarik ez dutenek, laguntza instituzionala eta profesionala behar dute honako hauei dagokienez:

  • Internet erabiltzeak dakartzan onurei buruzko ezagutza.
  • Haurren segurtasuna kudeatzeko tresna teknikoak erabiltzea, pasahitz egokiak sortzea, pribatutasuna babestea eta edukiak iragaztea.
  • Trebetasun eta ezagutza digitala hobetzeko laguntza.
  • Gailu digitalak haurrekin batera erabiltzeko eta arazoen irtenbideei buruz eztabaidatzeko jarduera partekatuei bide emateko komunikazio estrategiak.

Elkarrizketaturiko gurasoek esan zuten nahiago zutela hezkuntza erakundeek ematea orientazio eta laguntza hori. Haatik, diotenez, orientazio gutxi jasotzen dute erakunde horietatik, eta oso gutxi dakite haurrek etxetik kanpo egiten dituzten jarduerez.

Horrenbestez, komeni da familiei laguntzeko programa publikoak gauzatzea ikastetxeetan. Finantzazio publikoa lortuz gero, eskolek zein haurtzaindegiek aukera handia izango lukete familiei laguntzeko.

Informazio gehiago:

Txosten osoa, How parents of young children manage digital devices at home: The role of income, education and parental style,Sonia Livingstone, Giovanna Mascheroni, Michael Dreier, Stephane Chaudron eta Kaat Lagaerena,eskuragarri dago hemen: http://eprints.lse.ac.uk/63378/

JRC ikerketa zentroaren txostena, Young Children (0-8) and digital technology: A qualitative exploratory study across seven countries, Stephane Chaudronena, eskuragarri dago hemen: http://publications.jrc.ec.europa.eu/repository/handle/JRC93239.

Webgunea. www.eukidsonline.net
 

 

sean dreilinger / Foter / CC BY-NC-SA