euskaraespañol

Eguneko irudia

Mikorrizen garrantzia

UPV/EHUko eta Córdobako Unibertsitate Nazionaleko ikerketa taldeen lana aitzindaria da Iberiar penintsulan

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2015/06/17

Irudia

Oraintsu, Microbial Ecology aldizkariak artikulu bat argitaratu du, mikorrizek lehorreko ekosistemen funtzionamenduan eta ezarpenean duten funtsezko egitekoaren inguruan. Artikulua egiteko lanetan parte hartu du Estibaliz Sarrionandia Areitio irakasleak, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Landareen Biologia eta Ekologia Saileko Botanika Laborategiko kideak. Artikulua, hain zuzen ere, UPV/EHUko eta Argentinako Córdobako Unibertsitate Nazionaleko ikerketa taldeen arteko lankidetzaren emaitza da.

Microbial Ecology aldizkarian argitaratu da ‘Greenhouse seedlings of Alnus showed low host intrageneric specificity and a strong preference for some Tomentella ectomycorrhizal associates' artikulua; egilekidea da Estibaliz Sarrionandia Areitio irakaslea, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Landareen Biologia eta Ekologia Saileko Botanika Laborategiko kidea. Artikulua, hain zuzen ere, UPV/EHUko eta Argentinako Córdobako Unibertsitate Nazionaleko ikerketa taldeen arteko lankidetzaren emaitza da (Eduardo Nouhra ikertzailea da taldeko burua). Zehazki, ikerketaren helburua da Alnus glutinosa eta Alnus acuminata Iberiar penintsulako eta Argentinako (hurrenez hurren) bikariantza espezieekin lotutako mikorriza espezieen konparazio azterlana egitea.

Sarrionandia irakasleak dioenez, "proiektu hau sortu zen Córdobako Unibertsitate Nazionaleko eta UPV/EHUko mikologia taldeko kideak lehenengoz harremanetan jarri zirenean; ondoren, bisita egin zen Argentinako unibertsitatera, bi lurraldeotan dauden Alnus (Betulaceae) espezieen mikorriza egituren konparazio azterlana bideratzeko; hain zuzen ere, A. glutinosa haltz arruntarena (Iberiar penintsula) eta A. acuminata Andeetako haltzarena (Argentina)". Bestalde, nabarmentzekoa da bi bikariantza espezieek haltzadiak (urertzeko basoak) sortzen dituztela; Europaren kasuan, babestu beharreko lehentasunezko habitaten artean daude (92/43/CE Zuzentaraua), beren egoera eta balio ekologikoa dela eta. Gainera, Afrikan eta hego hemisferioan (hurrenez hurren) dauden familiako espezie bakarra dira.

Mikorrizen bitartez, onddoek lortzen dute garatzeko behar duten karbonoa; eta landareek, berriz, mineralak, ura eta patogenoen aurkako erresistentzia.

Alnus generoa osatzen duten espezieak interes handikoak dira biologiaren, ekologiaren eta ekonomiaren ikuspegitik oro har, eta mikologiaren ikuspegitik bereziki. "Alnus landare generoa Frankia generoko aktinobakterioekin eta mikorriza mota desberdinak (mikorriza arbuskularrak –MA– eta ektomikorrizak –ECM–) osatzen dituzten onddoekin aldi berean lauko lotura egiteko gai diren bakarrenetakoa da (landare sustraien eta zenbait harizpi onddoren hifen arteko sinbiosi mutialista)" azaldu du UPV/EHUko ikertzaileak. Mikorrizen bitartez, onddoek landareetatik lortzen dute garatzeko behar duten karbonoa; eta landareek, berriz, onddoetatik jasotzen dituzte mineralak (fosforoa eta nitrogenoa nagusiki), uraren eta patogenoen aurkako erresistentzia. Berezitasun horri esker, haltz espezieek tolerantzia handia diote ingurumeneko estresari: besteak beste, zingirei, hezeguneei, ur-bazterreko eremuei eta goi mendiko inguruei. Genero horretako espezieak aitzindariak dira, eta azkar hazten dira. Gainera, askotariko habitatetara egokituta daude: esate baterako, glaziarretara, dunetara, errautsak metatzen dituzten zoru bolkanikoetara eta luizietara.

Mikorrizazioaren inguruko ezjakintasuna

Mikorrizek, halaber, funtsezko egitekoa dute lehorreko ekosistemak ezartzen eta funtzionarazten; izan ere, landareen populazioen eta komunitateen egituraz eta dinamikaz arduratzen dira neurri batean. "Garrantzi handia badu ere, oraindik ere ez dakigu mikorrizazioaren alderdi askoren berri. MA mikorrizak dira munduan gehien hedaturikoak (lehorreko landareen % 85) eta aitzindarienak (400 milioi urte), eta soilik Glomeromycota dibisioko espezieak sartzen dira horietan. Gainera, badirudi MA mikorrizak erabakigarriak izan zirela landareek lehorreko ingurua hasieran kolonizatzeko prozesuan –dio ikertzaileak–. Bestalde, ECM mikorrizak espermatofitoen % 3 (8.000 espezie) baino ez dira, baina eragin ekologiko eta ekonomiko handia dute; izan ere, basoko ekosistema askotako zurezko espezie gainartzaile asko sartzen dira talde horretan. Antza denez, duela 50 milioi urte inguru agertu zirenetik, ECM mikorrizek hainbatetan eboluzionatu dute, modu independentean. Zenbait onddo generok ostalariarekiko duten espezifikotasun handiak, gainera, aditzera ematen du benetako koeboluzio prozesua gertatu dela landare eta onddo batzuen artean.

Penintsulan, eskualde eurosiberiarraren eta mediterraneoaren artean kokatzen denez gero, lehendabiziko lana izango litzateke ikerketa Mediterraneo ingurura zabaltzea ahalbidetuko lukeena.

Hauexek ziren azterlanaren hasierako helburuak: Alnus glutinosarekin eta Alnus acuminatarekin lotutako MA eta ECM flora fungikoa deskribatzea, A. glutinosak (Iberiar penintsulan) eta A. acuminatak (Argentinan) ur-bazterrean sortutako basoetako errizosferarekin lotutako mikota konparatzea, eta Alnusaren bi espezieekin lotutako mikorriza espezieen espezifikotasuna aztertzea. "Alnus generoari lotutako onddo flora ektomikorrizikoa oso espezifikoa da, eta ez oso askotarikoa. Fenomeno horri esker, landare onddoen koeboluzio prozesuak azter daitezke, oinarri hartuta Alnus generoaren inguruan egindako lan filogenetikoak eta biogeografikoak. A. glutinosa espeziearekin lotutako flora mikorrizikoa soilik Erdialdeko Europan ikertu da. Penintsulan, hau izango litzateke ikerketa Mediterraneo ingurura zabaltzea ahalbidetuko lukeen lehendabiziko lana, eskualde eurosiberiarraren eta mediterraneoaren artean kokatzen delako; izan ere, Mediterraneo ingurua ez da aztertu oraindik" azpimarratu du Sarrionandiak. Alabaina, eginahalak eginda ere, oraingoz ez da lortu proiektuari ekiteko finantzaziorik. Hala ere, ikerketa taldeko kideek jarritako adorea eta interesa direla medio, artikulua argitaratu ahal izan da.

Lantaldeak

Parte hartu duten talde guztietan, mikorriza egituren ikerketan esperientzia zabala duten pertsonak daude, eta behar besteko ilusioa, dedikazioa eta gaitasuna dute proiektu mota hau sortzeko eta aurrera eramateko. "Taldekide guztiek parte hartu dute, beren kabuz edo elkarlanean, mikorrizazioaren alderdi ezberdinei heltzen dieten hainbat proiektutan. Hala Argentinako nola Iberiar penintsulako baso ekosistema desberdinetako onddo flora ektomikorrizikoaren karakterizazioa landu da. Era berean, hainbat proiektu gauzatu dira haztegietan zurezko landareen mikorrizazioa eragiteko, zur ekoizpenerako basoak berriz landatze aldera; edota zurezko landareen mikorrizazioa eragin da landa eremuan, abandonaturiko lursailetan zuhaitzak landatzeko".

Krisiak eragin orokorra du herrialde askotan eta hainbat sektoretan; besteak beste, zientziaren ikerkuntzan. Hori dela eta, krisiaren ondorioak arintzeko eta helburu komunak lortzeko neurri gisa, indarrak batu daitezke. UPV/EHUko mikologia taldea txikia da, irakasle-ikertzaile gazte, gogotsu eta trebatuek osatua; gainera, lankidetza deialdietan parte hartzeko aukera du. Bestalde, Córdobako Unibertsitate Nazionaleko talde homologoa ez da askoz handiagoa, eta hura ere ikerketan aurrera egin nahi duten pertsona gogotsuek osatzen dute, baina zailtasunak dituzte finantzazioa lortzeko" adierazi du irakasleak.

Espezieak identifikatzeko eta aitortzeko oinarrizko azterlanak behar-beharrezkoak dira baliabide naturaletatik lor daitezkeen onurak eta aplikazioak zehazteko. Alnus espezie batzuk, lan honetan aztertu direnak, kasurako, interes handikoak dira basogintzaren eta ekologiaren aldetik, azkar hazten direlako eta lurzoruen kalitatea eta emankortasuna hobetzen dutelako; bereziki, giza presiopean egon diren lurrena. Mikorrizazioaren teknika asko erabiltzen da soildutako lekuetan, baso landareen egonkortzea eta garapena hobetzeko. Alabaina, onddo espezie guztiek ez dizkiote onura berberak eskaintzen landare ostalariari, eta denak ez dira horren erabilerrazak. Horrenbestez, onddoen inguruko ezagutza zabalduko balitz, Alnus landareen mikorrizazioa hobetzeko eta horien ezarpena optimizatzeko aukera egongo litzateke.

Erreferentzia bibliografikoa

Nouhra E.R., Pastor N., Becerra A., Sarrionandia Areitio E., Geml J. 2014. ‘Greenhouse seedlings of Alnus showed low host intrageneric specificity and a strong preference for some Tomentella ectomycorrhizal associates'. Microbial Ecology, DOI: 10.1007/s00248-014-0522-2.

 

Argazkiak: UPV/EHU.