euskaraespañol

UPV/EHUren graduondoko eskaintzak 114 master eta 35 berezko titulu barne hartuko ditu 2015-16 ikasturtean

UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak berezko titulu berriak onartu ditu gaur eta onarpen horrekin osatu egin du datorren urterako graduondoko eskaintza

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2015/06/09

Irudia

UPV/EHUren graduondoko eskaintza era askotako premiei aurre egiteko diseinatuta dago eta hainbat baliabide eskaintzen ditu, ikerketa ibilbideari ekin nahi diotenek behar dituztenetatik hasi eta garapen profesionala hobetzeko beharrezkoak direnetara. Eskaintza horretan daude, batetik, unibertsitate masterrak: ikasketa aurreratuak edo diziplina anitzekoak dira, espezializazio akademiko zein profesionalera bideratuak, edota ikerlanei ekiteko helburua dutenak, eta doktoregorako sarbidea ematen dutenak. Datorren ikasturtean (2015-16) guztira jakintza arlo guztietako 114 master ikasi ahal izango dira UPV/EHUn eta horietako bat, "Paisaiaren Kudeaketa. Ondarea, Lurraldea eta Hiria", lehenengo aldiz eskainiko da.

Master guzti horien artean lanbiderako ahalmenak ematen dituzten hamaika master daude, esaterako, abokatutzan edo Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzan jarduteko beharrezkoak diren gaitasunak ematen dituztenak. Gaitasun master horietako bat, Arkitekturako masterra, datorren ikasturtean emango da lehen aldiz. Une honetan 7.381 pertsonak daukate izena emanda datorren ikasturtean UPV/EHUn master bat egiteko eta eskainitako plazak, guztira, 3.733 dira. Matrikula egiteko epea uztailean hasiko da, Eusko Jaurlaritzak prezio publikoei buruzko agindua argitaratu ondoren.

Bestalde, berezko tituluak unibertsitateak berak antolatutako ikasketak dira, gizartearen eskakizunei erantzun arina eta malgua emateko sortuak. Hortaz, espezializazio handiko titulazioak dira, lanbide orientazio argia dutenak. Berezko tituluen artean, titulazio mota desberdinak daude: masterrak (60-120 ECTS kreditukoak, Europako Unibertsitate Eremura egokitutakoak) eta unibertsitateko espezialista tituluak (30 eta 59 ECTS kreditukoak).

Datorren ikasturtean berezko sei titulu gehiago egongo dira graduondoko eskaintzan. Hiru unibertsitateko espezialista tituluak izango dira (Mendizaletasuna, Mendi Jardueren Ikasketak; Geoinformazioaren Analisia; eta Makina-erreminta eta Fabrikazio Teknologia Aurreratuak), eta beste hiru, masterrak (Nazioarteko Lankidetza eta Hezkuntza Askatzailea; Enpresen Sorkuntza eta Zuzendaritza; eta Aeronautikako Teknologiak). Guztira graduondoko berezko 35 titulu eskainiko dira (20 espezialista eta 15 master) eta, horrez gain, graduko Detektibe Pribatua berezko titulua. Berezko tituluetan izena emateko epea ekainaren 5ean irekiko da eta online egin ahal izango da Berezko Tituluen weborrian. Matrikula, aldiz, irailean egin beharko da.

Azkenik, doktorego programek ikerketaren arloan prestatzen eta aurrera egiten jarraitzeko aukera ematen diete doktoregaiei, ikertzaileen zuzendaritzapean egiten dituzten jardueren bitartez, doktorego tesiaren defentsa egin arte. Tesiaren defentsa eginda doktore titulua eskuratzen da, kalifikazio akademiko gorena. Datorren ikasturteko eskaintzan, aurtengoan bezala, 65 doktorego egongo dira. Matrikularako epea urrian irekiko da.

Beste erabaki batzuk

Gobernu Kontseiluak, bestalde, presondegietan diren pertsonentzako 2015-16 ikasturteko titulazioen eskaintza onartu du. Presondegietan diren pertsonei buruzko protokoloa 2004an onartu zuen UPV/EHUk eta Auzitegi Konstituzionalaren 2011ko abenduaren 19ko epaiak berretsi zuen. Datorren ikasturtean, guztira, 27 gradu eta hiru master eskainiko dira. Graduetatik lau aurten sartu dira eskaintzan (Matematikako Gradua, Geografia eta Lurralde Antolakuntzako Gradua, Politika Zientziako eta Kudeaketa Publikoko Gradua eta Soziologiako Gradua) eta masterretako bat (Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntzen Irakaskuntzako Irakasleen Prestakuntza. Espezialitatea: Giza eta Gizarte Zientziak) aurten eskainiko da lehen aldiz.

Azkenik, Gobernu Kontseiluak Garapenerako Lankidetzarako Kontseiluko hiru kideren izendapena onartu du. Kontseilu hori 2009an sortu zen Garapenerako Lankidetzaren arloko Unibertsitateen Jokabide Kodean ezarritako irizpideei jarraiki, arlo horretako jarduerak sustatzeko eta koordinatzeko, eta arlo horretako eztabaida gunea izateko. Garapenaren arloko eskumenak dituen zuzendaritzari (egun, Gizarte Erantzukizuneko Zuzendaritza) laguntzen dio UPV/EHUko beste edozein gobernu, ordezkaritza eta aholkularitza organori bezala.