euskaraespañol

Eguneko irudia

Itsasoko haize-erroten kokaguneak egokiak diren determinatzeko metodo berria

Itsasoko aerosorgailu flotagarrien epe luzeko neke mekanikoa analizatzeko metodo berri bat aurkeztu du UPV/EHUko EOLO taldeak

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2024/06/06

Alain Ulazia
Alain Ulazia eta Gabriel Ibarra EOLO ikerketa taldearen kideak. | Argazkia: Fernando Gómez. UPV/EHU.

Irlanda mendebaldeko kokagune oso energetiko bateko 1920-2010 bitarteko haize- eta olatu-datuak erabili ditu Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako (Eibar) Alain Ulazia ikertzaileak, itsasoaren egoerek zer bilakaera izan duten aztertzeko eta egoera horiek epe luzean turbina eoliko flotagarrietan zer neke mekaniko eragin dezaketen kalkulatzeko eredu bat sortzeko. Metodo matematiko-estatistiko horrek aukera ematen du kokagune bateko meteorologiaren arabera turbinek zer bizitza-denbora izan dezaketen kalkulatzeko.

Euskal Herriko Unibertsitateko EOLO ikerketa-taldeak egindako ikerketa batean, metodo matematiko-estatistiko bat garatu dute, aukera ematen duena jakiteko ea “kokagune jakin batean parke eoliko flotagarriak jartzea komeni den, adibidez, tokia oso energetikoa izan arren haize-turbinek jasango duten neke mekanikoa edo itsas egoera muturrekoen probabilitatea oso handia bada”, azaldu du Alain Ulazia Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako (Eibar) irakasleak.

Ikertzaileak dionez, itsasoko energia eolikoaren sorkuntzan galdera ohikoena izan ohi da ea “klima-baldintzen arabera zer aldaketa (igoerarik edo jaitsierarik) gertatuko ote den energia-produkzioan”, alegia, begiratu ohi da zenbat energia ekoitz daitekeen klimatologiaren arabera. Ulaziak gidatutako ikerketan, ordea, beste urrats bat egin dute, eta itsasoko haize-erroten neke mekanikoari erreparatu diote, hau da, bakarka materiala hausteko gai ez diren talka eta tentsio errepikakorren ondorioz hausten amaitzeari: “Itsasoko baldintzek (haizeak eta olatuek) eragina izan dezakete turbina flotagarrien bizitza-denboraren jaitsieran. Izan ere, baliteke energia-ekoizpen industrialean baino eragin handiagoa izatea turbinen atal batzuen iraupenean, eta 20 urte estandar irautetik 15 urte irautera pasatzea. Horrek eragin erabakigarria izan dezake proiektu baten kostuetan eta inbertsioan”.

Kokagune bateko itsas egoerak

EOLO ikerketa-taldeak urteak daramatza meteorologia, klima eta ingurumenaren inguruan lanean. “Ikerketa ugari egin dugu klima-aldaketa eta energia berriztagarrien sorkuntzaren luzera begirako loturaren inguruan. Zenbait hamarkadatako aldaketak kontuan hartuta, azterketa historikoak eta etorkizunerako proiekzioak egiten ditugu”, azaldu du Ulaziak.

Ikerketa honetan, Irlandako oso toki energetiko bat hautatu dute: Irlanda mendebaldeko Galway badian 1920 eta 2010 bitartean jasotako haize- eta olatu-datuak hartuta, hamarkada horietako denbora luzeko aldaketa historikoak zehaztu dituzte eredu meteorologiko aurreratuak erabiliz, Irlandako Maynooth Unibertsitateko Centre for Ocean Energy Research-eko kideekin lankidetzan. Datu historiko horiek erabili dituzte itsas egoeren bilakaera determinatzeko eta horiek aerosorgailuetan epe luzera eragingo duten nekea errepresentatuko duen eredu bat sortzeko. Eredu hori etorkizuneko proiekzioak egiteko erabili ahal izango da.

 Turbina eoliko flotagarrien dantzaren simulazioa

Simulazioak erabiliz, ikertzaileek kalkulatu dute Galway badian probabilitate handiena duten zortzi itsas egoeretan erreferentziazko turbina flotagarri batzuek zenbat energia ekoitziko luketen eta, bestalde, ikusi dute turbinen elementu batzuetan zer neke mekaniko eragingo luketen. “Olatuen eta haizearen eraginez turbinak egiten duen dantza segundotan ematen duen simulatzaile bat hartu dugu, eta metodo matematiko-estatistiko bat garatu dugu denbora-eskala luzeko itsas egoeren aldaketak inplementatzeko, eta haren bidez makinak jasango lukeen nekearen eboluzioa determinatzeko, aldaketa historiko horiek kontuan hartuta”, dio EOLO taldeko ikertzaileak.

Metodoa Irlandako kokagune hartan aplikatu duten arren, “metodo hau unibertsala da. Analisia munduko edozein tokitan egin dezakegu”, adierazi du. Itsasoko energia eolikoa oso aproposa da, “ez baita turbulentoa, mendietakoa bezala. Baina itsasoan askoz ere inbertsio handiagoak egin behar dira. Hori da itsasoko energia eolikoa ezartzeko arazo nagusia”, dio Ulaziak. Klima-aldaketak muturreko gertakariak ari da eragiten, gero eta gehiago, eta inbertsoreek kontuz begiratzen diote halako proiektuen arriskuari: “Nahiz eta kokagune bat oso energetikoa izan, merezi al du parke eolikoa han jartzea, baldin eta uneren batean kalteak jasan baditzake gertakari klimatologiko baten ondorioz, edo turbinaren elementuek neke-arazo larriak izango badituzte?”, dio. Euskal Herriko Unibertsitateko EOLO ikerketa-taldeak landu duen metodoak argia emango eman dio auzi horri.

Informazio osagarria

Alain Ulazia UPV/EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako (Eibar) irakaslea da; Energia Berriztagarrien Ingeniaritzako Graduan eta Energia Berriztagarriak Itsas Ingurunean Erasmus Mundus Masterrean (REM PLUS) ematen ditu eskolak. Ulaziak gidatutako ikerketa honetan, Gipuzkoako Energia Berriztagarrien Ingeniaritzan (Eibar) graduatutako bi ikasle doktoregaik hartu dute parte. Ikerketan lankide izan duten Centre for Ocean Energy Research zentro irlandarrarekin harremana estua du Eskolak.

Erreferentzia bibliografikoa