euskaraespañol

Joxerramon Bengoetxea

Europar Hauteskundeak eta Populismo Ultrak: hiru narratiba sendoren beharra

Zuzenbide Filosofian katedraduna. Zuzenbide Fakultatea.

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2024/06/13

Joxerramon Bengoetxea
Joxerramon Bengoetxea | Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

Europar hauteskundeak izan dira eta beste behin ere partehartzeari uko egin dioten abstentzionistek osatzen dute lanbro politiko nabamenena (% 50), kezkatu beharko gintuen hutsunea. Emaitza orokorrak, Europarlamentuko 720 eserlekutan, hauexek izan dira:

Europar Hauteskundeen emaitzak:
EPP 185 (+9)
S&D 137 (-2)
Renew-liberalak 79 (-23)
ECR - eskuin mutur 73 (+4)
ID ultrakontserbadore 58 (+9)
Green/EFA 52 (-20)
Ezkerra 36 (-1)
NI - ez-lerratuak 45
Besteak, solteak 54

Galerarik nabarmenena liberalena da, baina ñabardura batekin: liberalen artean Ciudadanos desagertu egin da (-7), Macronen alderdiak emaitza oso eskasak izan ditu (-8), eta Erresuma Batuko liberalak ez dira aurkeztu Brexit dela eta. Berde/EFA koalizioaren 20 eserlekuen gainbehera Alemaniako (-8) eta Frantziako (-7) berdeen emaitzetan legoke (SNPko 3 eskoziarrik gabe), besteak beste. Irlandako emaitzak ez dira oraindik ezagutzen (Estatukide bakoitzak berezko hauteslegea izanda, Europar hauteskundeak bakoitzak bere kultura politikoaren arabera antolatu eta zenbatu egiten ditu, hori bai, ordezkaritza proportzionala zainduz).

Europar Parlamentuko hauteskundeen emaitzak iruzkintzea zaila da, beti. Joera nagusia norberaren herrialdearen betaurrekoekin aztertzea izaten da. Gure euskal kasuan Iparraldean, Lapurdin batik bat, Rassemblement National (RN) lehen indarra da (Europan ID taldean); Nafarroan, Bizkaian zein Araban sozialistak; Gipuzkoan eta, orokorrean, Euskal Erkidegoan, Orain Errepublikak (ERC, EH Bildu eta BNG). Gure estatuetara igaroz, Frantzian Macron presidentearen alderdiak galdutako eserleku bezainbeste Marine Le Pen-ek irabazi ditu (RNko Jordan Bardella gaztea buru delarik), eta Macronek Parlamentua eten eta hauteskunde legegiletara deitu du. Uztailaren lehen egunak interesgarri datoz: Erresuma Batuan uztailaren 4rako hauteskundeak, non badirudien Labour nagusitu eta Toriak galtzera doazen; Frantzian aldiz eskuin muturraren garaipena izan daiteke, 2027 arte cohabitation berri bat behartuz, Macron presidentzian eta RN gobernuan. Espainiatik aztertuta, hauteskundeen emaitzak PPren (22) eta PSOEren (20) arteko etengabeko gerra zikinak alderdibikotasun mota berri bat dakar, blokebikotasuna. Tirabirak nonnahi: eskuin muturren artean, ezker konfederalen artean, katalan subiranisten artean eta euskal abertzaleon artean. Ultraeskuin espainarra orain, Europan bezala, bi taldeetan bereizten da. Muturreko ezkerra aldiz, Europan bat eginda, senide biren arteko borroka hispanikoan odolustutzen non egitasmo konfederal, ezkertiar, errepublikazalea Orain Errepublikak gorpuzten duen. Liberalak ia desagertu egin dira, PPk irentsita (CEUSeko eserlekua salbuetsita). Horrek ere azaltzen du popularren igoera.

Eta horrela segi genezake emaitzen azterketa “nazionalak” egiten, baina ez dugu tokirik. Eta orain zer? Europar Batasunean parlamentukideek ez dute Batzordeko burua zuzenean aukeratuko: spitzenkandidat sistema nagusitu ez delako, baina Kontseilu europarrak kontutan hartuko ditu emaitzak eta Batzordeburua izendatuko du, eta hori egitean orekak egingo ditu: Komisioko burua, Kanpo Ekintzarako Ordezkari Gorena, Europar Kontseiluko koordinatzaile, Batzordeko sailburu nagusiak, ...  Azken urteotan halako makrokoalizio bat egon da popularren, sozialisten eta liberalen artean, gehiengo absolutua lorturik. Egitasmo eta lege berri asko, eta hagitz garrantsitsuak onartu dira azken bost urteotan, pandemiaren erronkak garaitzeaz gain. Oraingo gako nagusia da zein talde politikoen artean lortuko diren adostasun politikoak. Oso litekeena makrokoalizio hau errepikatzea oraingoan ere, eta hauxe zen orain arteko kezkarik handiena, zeren pronostiko batzuek eskuinmutur populista bigarren indarra bezala kokatzen zuten, eta horrek koalizio egonkor bat eragoz zezakeen. Agian horregatik popularren artean buruzagi batzuk ultrapopulisten artean “bereizketak” egiten hasi ziren, adibidez, Italiako Anaien liderra, Meloni, zuritu nahian, Eurowashing ariketa susmagarri batean, atlantista eta zuzenbidezko estatuzale omen zelako. Alajaina, halako ariketarik ez da beharrezkoa izanen: Ursula von der Leyenek bere burua postulatu du batzordeburu gisa, eta marra gorriak lehen zeuzkan tokian berrezarri ditu: eskuin muturra zein ezker muturra; zalantza izpi bat amatatu gabe, alegia Berdeak/EFA koalizio zabalean sar daitezkeen ala ez.

Baina adostasun zabal hori, makrokoalizio hori, zertarako? Hona proposamena: Europar proiektuaren narratiba sendoak finkatzeko. Hiru narratiba nagusi bistara daitezke datorren 2024-2029 legintzaldirako: demokrazia bera, jasangarritasuna (2030 Agenda) eta bakea. Ez dira dinamika berriak, baina hauen premia areagotu egin da.

  1. Demokrazia (eta bere eskutik zuzenbidezko estatua eta funtsezko eskubideak) arriskuan dagoela esatea ez da alarmismo hutsa. Badakigu Europar Batasuna «demokrazia» bitxia dela, supranazionala eta konplexua oso. Aspaldian mintzatu gara demokrazia defizit batez, baina egun, arlo askotan, Europar Parlamentua legegile-kidea da, estatu kideetako gobernuak ordezkatzen dituen Kontseiluarekin batera. Baina Europar Batasunean demokrazia kolokan jar dezaketen jarrera populistak areagotu dira, Italian, Frantzian, Belgian, Hungarian edo Austrian nagusitu dira; Alemanian, Polonian edo Herbeheretan, bigarren indarra. Demokrazia «iliberala» dute eredu, eta neoliberalismoaren irudi txarraz baliatuz, demokrazia eta zuzenbidezko estatuari kalte egiten dioten jarrera arrazistak, xenofoboak, ultranazionalistak eta islamofoboak zabaltzen dituzte. Populismoek nazioa gorestu, eta federalismoa, «nazioartekotasuna» edo «naziogainekotasuna» arbuiatzen dute. Europar Batasuna arerio nagusitzat jotzen dute, gutxiengoak babestu eta diskriminazioak baztertzen dituelako.
  2. Ultren beste pizti beltza 2030 Agenda da. Jasangarritasuna da munduan daukagun erronkarik handiena. EBk klima aldaketaren aurkako borrokan helburu handinahiak ezarri dizkio bere buruari, energia berriztagarriak, hondakinen gutxitzea, kutsaduraren arintzea, energia fosilekiko dependentzia jaistea, eta horrek guztiak eskatzen dituen aurrerakuntza teknikoak. Agian arlo batzuetan asko teinkatu du, nekazariak batez ere kudeaketa burokratikoaz kexu dira. Baina, ekologiarekin batera, jasangarritasun ekonomikoa eta soziala ere bultzatzen da, aldaketa energetikoa eta ekonomia zirkularra bat datozelako. Horrekin batera, produktibitatea handitzea du helburu (kezka nagusi bilakatu da EEBB eta Txinaren aurrean ez garelako hain lehiakor), eta sortzen den aberastasuna ondo birbanatzen bada, sistema ekonomikoa jasangarriagoa izango da eta eredu sozialari eutsi dakioke. Arrakala ekonomiko areagotuak eta arrisku demografikoa kezka nagusi dira. Jaiotze tasa apala, zahartze areagotua eta honek ekarriko dituen ondorioak nekez orekatu daitezke immigrazio politika ireki bat garatzen ez bada. Baina inmigrazioak ere bere erronkak dakartza, eta horregatik European way of life delakoa bermatzea proposatzen da Batzordetik. Adi egon behar gara.
  3. Azkenik, ez azkena, bakea. Europar Batasunaren sorreraren narrazioa dugu. 2012. urtean Bakearen Nobel saria irabazi izanak, gainera, erantzukizun berezia ezartzen digu. Baina Errusiak Ukraniaren aurka hasitako gerrak gure europar ethos edo nortasun bakezalea kolokan jartzen du eta panorama politikoa asaldatu du. Orain badakigu bakea ezin dela ziurtzat jo, landu egin behar dela. Europar Batasunak behar du adostutako bake politika bat, hona hurrengo urteetako erronka, Estatukideen defensa politika zaharretik, Batasunaren benetako segurtasun eta defentsa politika batera joateko eta hori ulertzeko modu berrian, ez bakarrik guda eta honen mehatsuak saihesteko, baita hondamendi ekologikoen aurrean ere, segurtasuna bermatzeko.

Hiru dinamika hauek Europar Parlamentu berrian jorratu ahal izango dira gehiengo zabalak -berdeak eta ezkerrak barne- eskuin muturraren populismo ukatzaileak baztertzen baditu. Denborak esango du horrela den. Bitartean, geurea bezalako unibertsitate publiko nazional eta europazaleen ekarpenak behar beharrezkoak izan daitezke hiru narratiben ildo, izkin eta harimutur guztietan aurrera egiteko.