-
UPV/EHUko 44 Unibertsitate-Enpresa-Gizarte Gelek prestakuntza espezializatua eta ezagutzaren transferentzia errazten dute
-
José A. Fernándezek, Olatz Fresnedok eta Lucía Martín Saizek egindako ikerketa batek Fundación Renal fundazioaren 2023ko saria jaso du
-
Su motelean egindako 40 lan berri eramango ditu UPV/EHUk Durangoko Azokara
-
'Zain barneko terapietarako medikazioaren infusio ekipamendu optimizatzailea' ekimenak eta 'Yekar' master amaierako lanak Manuel Laborde 2023 sariak lortu dituzte
-
Ikasteko lau moduak eta nola erabili gelan
Idoia Legorburu Fernández, Israel Alonso, Nahia Idoiaga Mondragon, Naiara Berasategui Sancho
Oinez goaz eskolara, eta heldurik gabe
Hezkuntza arloko ikertzaileak
- Cathedra
Lehenengo argitaratze data: 2023/07/20

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.
Duela hamarkada batzuk ikasleak taldetan biltzen ziren eskolara oinez joateko, heldu baten gainbegiradaren beharrik gabe. Gaur egun, gero eta ohikoagoa da umeak kotxez edo autobusez eramatea ikastetxera. Dinamika horrek haien autonomia murriztu du eta bidaiak etengabeko zaintzapeko egoera pasibo bihurtu ditu.
Egia da jarduera fisikoaren galerak ondorio kaltegarriak izan ditzakeela adingabeen osasunean, hala nola haurren obesitatea areagotzea. Hala ere, garraio ohituren eraldaketa horrek osasunaz harago ere baditu ondorioak. Izan ere, pertsona heldu baten etengabeko gainbegiradak mugatu egin dezake umeen autonomia pertsonala, baita gatazkak konpontzeko gaitasunaren garapena ere.
Heldutasuna eta erantzukizuna
Hainbat autorek erakutsi dute eskolarako bide aktiboek eta autonomoek hainbat alderdi hobetzen dituztela, hala nola espazio-kontzientzia, erabakiak hartzea, eskolako kontzentrazioa eta inguruneari buruzko ezagutza, eta horrek haien heldutasuna eta erantzukizuna sustatzen ditu.
Gainera, praktika horrek ez dio adingabeen garapen fisiko eta pertsonalari bakarrik eragiten, haien gizarte garapenean ere badu eragina. Izan ere, libre eta seguru sentitzen diren uneak onenak dira ikasteko giroa sortzeko eta harreman osasungarriak ezartzeko.
Kide izatearen sentimendua
Garraio ohiturak aldatzeak (eta autoz edo autobusez egiten diren joan-etorrien kopurua handitzeak) dakarren ingurumen arazoaz gain, haurrek egunero beren auzoan ibiltzen ematen duten denbora murrizteak atxikimendu falta eta kide izatearen sentimendurik eza eragiten ditu.
Era berean, hutsune horrek ondorioak ditu adingabeen bizitza pertsonalean eta sozialean. Izan ere, frogatu da auzoan libre ibiltzea onuragarria dela beren ingurunearekin eta bertan bizi diren pertsonekin harreman hobeak garatzeko, baita bizi diren tokiarekin loturak sortzeko ere.
Egunero kaleetan zehar ibiltzen ez direnez edo inguruan dituzten saltokiak eta merkatariak ezagutzen ez dituztenez, komunitatearekin konektatzeko eta bertako kide sentitzeko aukera paregabea galtzen dute.
Familien pertzepzioa
Ikasleek erabili ohi dituzten inguruneak ez dira iraganean bezain seguruak eta egokiak haientzat, eta hori ohitura berrien ondorioa eta kausa da aldi berean.
Trafikoaren dentsitateak, puntu beltzek eta berdegunerik ezak familia askok eskolarako bidearen segurtasuna zalantzan jartzea eragin dezakete. Horren harira, familien arriskuarekiko pertzepzioa elementu erabakigarrietako bat da eskolara bidaiatzeko modua aukeratzeko. Heldu arduradunek erabakitzen dute, azken batean, ikasleak bakarrik joan daitezkeen oinez ikastetxe eta institutuetara.
Bide seguruak, partaidetza prozesuak
Horregatik, funtsezkoa da erakundeak tartean sartzea, eta bidaia autonomo eta aktiboetarako bide seguruak sortzeko beharra ulertzea. Hiriaren aldaketak dira, eta partaidetza prozesu bidez egin ditzakete.
Prozesu horiek une egokia dira familiei (helduei eta adingabeei) entzuteko eta udal erabakien protagonista bihurtzeko.
Martxan dauden proiektuak
Hainbat udalerritan, erakundetan eta ikastetxetan adingabeen bidaia autonomoak eta aktiboak sustatzen dituzten proiektuak gauzatzen ari dira, eta emaitzak oso positiboak dira. Zehazki, Espainian, emaitza positiboak izan dituzten hainbat adibide daude, bai umeentzat baita gizarte orokorrarentzat ere.
Haietako bat da Haurren Hirien Sarea, eta haren bidez jarri dute martxan Eskolara Lagunekin proiektua Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat udalerritan. Ekimen horren bidez, hainbat udalerritan, hala nola Leioan edo Bilbon, milaka haur dira mugikortasun autonomorako eta eskolarako bideetarako proiektuen protagonistak.
Gizarte eraldaketa ingurune hurbiletik
Hala ere, ekimen horietako askok ez dute emaitza esanguratsuak lortzeko behar den gizarte aintzatespenik. Horregatik, ahalegin handiagoa egin behar da mugikortasun autonomoko proiektuak jendarteratzeko eta abian diren proiektuei ikusgarritasun handiagoa eskaintzeko. Horrela, familiak eta, oro har, gizartea gehiago jabetuko dira haurren autonomiak eta eskolara egindako bidaia aktiboek duten garrantziaz.
Eskoletarako joan-etorriak aukera baliotsua dira haurrek trebetasun fisikoak, pertsonalak eta sozialak gara ditzaten, bai eta haurrek gizartean duten protagonismoa alda dadin ere.