euskaraespañol

UPV/EHUren Euskadi Lan Txostenak "ahulezia kezkagarria" antzematen dio euskal ekonomiari

2014ko lehen hiruhilekoaren azterketak 44 urtetik gorakoen taldeak bizi duen egoera oso delikatua azpimarratzen du

Lehenengo argitaratze data: 2014/06/04

Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaile talde batek, Sara de la Rica katedradunak koordinatuta, 2014ko lehen hiruhilekoari buruzko Euskadi Lan Txostena argitaratu du eta, bertan adierazten denez, epe horretan enplegu-lorpen tasa nabarmen baxuagoa izan da Euskadin Espainiako bataz bestekoaz alderatuz gero, "eta horrek euskal ekonomiaren ahulezia kezkagarria erakusten du", adierazten du txostenak. Hain zuzen ere, urteko lehen hiru hilabeteetan, 46.000 pertsona baino gehiagok galdu dute beraien lana Euskal Autonomia Elkargoan eta, aldiz, 33.000k lortu dute kontratu bat; beraz, enplegu-galera garbia 13.000 pertsona ingurukoa izan da. Datu hau desberdina da aurreko hiruhilekoetakoekin alderatuta, non enplegu sortze garbia lortu zen.

Euskadi Lan Txostena hiru hilabeterik behin prestatzen du Euskal Herriko Unibertsitateko BETS (Bilbao Economic Theory and Statistics) Prestakuntza eta Ikerketa Unitateak, Sara de la Rica katedradunak koordinatuta. Txostenak bi atal ditu, bata estatikoa, Euskadin lan merkatuaren panorama aurkezten duena, eta bestea dinamikoa, azken hiruhileko lan trantsizioak aztertzen dituena, hau da, lana galdu eta aurkitu dutenen kopurua aztertzen duena, hain zuzen ere.

Enplegu-sorkuntza

UPV/EHUren Euskadi Lan Txostenak adierazten duenez beherakada bat eman da kontratu berrien bataz besteko adinean. Langile berrien %56 35 urtetik beherako gazteak dira.  Hezkuntza unibertsitarioa ere aldeko faktorea izan da kontratazioetan, kontratu berriak sinatu dituztenen %36k ikasketa unibertsitarioak baititu. "Zerbitzuena izan da hiruhileko honetan enplegu gehien sortu duen sektorea, baina igoera garrantzitsu eta positiboa eman da industriaren pisu erlatiboan, sarrera berrien %20arekin. Era beran, igotzen jarraitzen du goi-hezkuntzadun teknikari eta profesionalen enplegu gaituen pisu erlatiboak", adierazten du txostenak.

Laneratze berriei dagokienez, nabarmen handitu da 6 hilabete baino gehiago langabezian daudenen pisu erlatiboa. Lana lortu duten guztien artean ia hirutik bi sei hilabete baino gehiago zeuden langabezian.

Azkenik, aipatu behar da sinatu diren kontratu guztien %90 aldi baterako lan-kontratuak izan direla. Aurreko hiruhilekoetan lanaldi partzialerako kontratu mugagabeen bultzada bat antzeman zen, baina joera hori deuseztatu egin da urte honetako lehen hiruhilekoan.

Enpleguaren suntsipena

Enpleguaren galera dakarten lan trantsizioei dagokienez, txostenak adierazten du aurreko hiruhilekoarekin alderatuta aldaketa adierazgarrienak adin nagusidun taldean eman direla, hau da, 44 urtetik gorakoen artean. Lana galdu duten hamar pertsonatik lau talde honetakoak dira. "Datu hau ikusita eta talde honek enplegua lortzeko pisu erlatibo txikiagoa duela kontuan izanda, esan dezakegu hiruhileko honetan egoera bereziki kezkagarria dela 44 urtetik gorakoentzako Euskadiko lan merkatuan", azaltzen du txostenak.

Beste alde batetik, langabezia sektoreka aztertuta, txosten honek adierazten du urte honen hasieran lanik barik geratu direnen %76 zerbitzu-sektorekoak zirela, %14 industriakoak eta %8 eraikuntzakoak. Azpimarratzekoa da baita ere hiru langiletik batek lan-kontratu mugagabea zeukala.