Taldeaz
Seinale eta Komunikazioen ikertaldea (GSC Grupo de Señal y Comunicaciones) 1990ean sortu zen Telekomunikazioko ikasketak eratu zirenean Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Bilboko Ingeniaritza Eskolan. Gaur egun hauek gara taldea osatzen dugunok: 5 irakasle, guztiak bete-beteko arduraldikoak eta doktore tituludunak; 2 ikertzaile kontratatu, doktore tituludunak; eta beste 2 ikertzaile, doktore tesirako lanetan murgildurik daudenak. GSC ikertaldeak UPV/EHUren aintzatespena du 2004tik ikertalde egonkor gisa. Eusko Jaurlaritzaren aintzatespena du 2007az geroztik ikertalde finkatu gisa, eta gaur egun A kategoria du (maila gorena).
GSC taldearen ikerketa lana maiztasun baxuko seinaleen prozesaketa digitalaren inguruan garatzen da. Bi ikerketa lerrotan antolatzen da:
- Seinale elektrikoen prozesaketa digitala. Energia elektrikoaren eta sorgailu eolikoen hornitze kalitatearen eremuan garatzen da. Arlo honetan zenbait ildotan lan egiten dugu, besteak beste, osagai harmonikoak eta interharmonikoak balioztatzen, tentsioaren gorabeherek sortutako flicker-a neurtzen, eta erregistro oszilografikoetan oinarritutako gertaeren analisi adimentsua egiten.
- Seinale biomedikoen prozesaketa digitala. Bihotz bizkortzearen eremuan garatzen da. Hainbat seinale biomediko prozesatzen ditugu: elektrokardiograma; bular inpedantzia; bularreko sakaden indarra, azelerazioa, abiadura eta sakontasuna; kapnograma eta pultsioximetria.