Kanpoko Praktikak nahitaezkoak dira Zuzenbideko Graduan; 12 kredituko balioa dute, eta 4. mailan egiten dira. Ikastegian bertan praktiketarako lekuak hautatzeaz arduratzen gara, baina zuk ere zure praktikak proposatu eta kudeatu ditzakezu, ikastegiarekin dagokion hitzarmena sinatuko duen erakunde bat aukeratuz gero.
Berritasun gisa, nabarmendu nahi dugu Justizia Sozialaren aldeko Klinika Juridikoa sortu dela eta hor ere tutoretzapeko kanpoko praktikak egin ditzakezula.
Justizia Sozialaren aldeko Klinika Juridikoak (JSKJ edo klinika) UPV/EHUko Zuzenbide Fakultatean du egoitza, eta espazio bat da, non ikastearekin batera zuzenbide eta kriminologia ikasketen sistema pedagogikoa eraldatu nahi den. Horrez gainera, laborategi bat ere bada, gogoeta egiteko eta bazterkeriaren aurkako estrategia juridikoak identifikatzeko.
Hala, Klinikaren oinarrizko zutabeak dira; alde batetik, gizarte bazterkeriaren aurka borratzea, eta, bestetik, aniztasuna eta tolerantzia bultzatzea.
JSKJk lankidetzan dihardu, halaber, bazterkeriaren aurkako estrategiak diseinatzeko eta giza eskubideak defendatzeko xedea duten gizarte talde, elkarte eta erakundeekin.
Hementxe daukazu Zuzenbideko Graduak eskaintzen dizkizun kanpoko derrigorrezko praktikei buruzko informazio guztia.