acuerdo-identidad-corporativa

UPV/EHUko Nortasun Korporatiboaren Eskuliburua zabaltzeari buruzko AKORDIOA, Universidad del País Vasco /Euskal Herriko Unibertsitatea izenaren eta haren nortasun korporatiboaren erabilera erregulatzeko

UPV/EHUko nortasun korporatiboa elementu garrantzitsua da bere erakunde -eta ordezkaritza- balioagatik. Horrez gainera, Unibertsitate osoari eragiten dio, eta erakundearen ospearekin harreman zuzena dauka. Unibertsitatearen nortasuna zehazten du gizartearen aurrean, oro har, eta unibertsitateko kideen aurrean: ikasleak, irakasleak eta ikertzaileak eta administrazio eta zerbitzuetako pertsonala.

UPV/EHUko aurreko estutuetako 8.3 puntua garatzean, Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak UPV/EHUko Nortasun Korporatiboaren Eskuliburua onartu zuen 2006ko ekainaren 15ean egindako bileran. Eskuliburu hori UPV/EHUko kideei eta beste eragile batzuei laguntzeko asmoz egin zen, iraunkorra eta kalitate handikoa den marka bisual baten nortasuna mantentzeko, unibertsitateko kideei eta gizarte osoari begira. Nortasun Korporatiboaren Eskuliburu horrek UPV/EHUko marka bisuala zehazten du, eta unibertsitateko marka korporatiboa erabiltzeko kontuan hartu behar diren arauak aurkezten ditu. Halaber, Eduardo Chillidak sortutako ikurraren jatorrizko balioa berreskuratzen du, izan ere, artistaren lana errespetatzeaz gainera, UPV/EHUko nortasuna zorrotz babesteko modua eskaintzen du.

Urte hauetan zehar, zientziaren, teknologiaren, berrikuntzaren eta gizartearen arteko harremanak eta elkarrizketa egituratzeak honako hau eragin du: I+G+b sistema eta ekonomiaren eta gizartearen sektorea osatzen duten erakundeen artean lankidetzako eta koordinazioko formula berriak bilatzea. Horixe islatzen du, halaber, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko Legeak eta Unibertsitateko Estatutuek . Hortaz, Unibertsitatea asko garatu da, gizarteari begira dituen funtzioak hobeto betetzeko, eta hainbat egituraren bidez gauzatzen ditu bere jarduerak, hain zuzen ere, unibertsitateko antolakuntza klasikoa gainditzen duten unibertsitateak sortu dituen edo parte hartzen duen egituren bidez.

Azken urteetan, UPV/EHUk zientziaren, teknologiaren, ekoizpenaren, gizartearen eta kulturaren sektoreko gure inguruan dauden beste erakunde batzuekin egindako elkarlanak, beraz, garrantzi geroz eta handiagoa hartu du kantitatearen eta kalitatearen ikuspuntutik. UPV/EHUk era askotako harremanen bidez beste I+G+b erakunde batzuei laguntzea, haiekin lankidetzan aritzea eta haietan parte hartzea fenomeno moderno garrantzitsua da; horrek, gainera, UPV/EHUk ezagutzaren garapenean gauzatu beharreko egitekoa islatzen du, ideiatik hasi eta burutu arte, gizarte aren mesederako. UPV/EHUk erakunde horiekin lan egin nahi du, proiektu komunak sortzeko eta, agregazio-testuinguru batean, zientziaren, teknologiaren eta ezagutzaren arloko bikaintasunaren ingurunea sortzeko.

Gaur egun, UPV/EHUk eta hainbat I+G+b erakundek harreman estua eta geroz eta handiagoa daukate, eta unibertsitateak eragin esanguratsua dauka horietan. UPV/EHUk eragina dauka hainbat erakundek osatzen duten antolakuntzan, hots: UPV/EHUk ondare bidez parte hartzen duen erakundeek, UPV/EHUk erabakia hartzeko eskumena duten organoetako kideak izendatzen dituen erakundeek edo lankidetza horietan UPV/EHU lehentasunezko erreferentzia zientifikoa eta teknologikoa den erakundeek osatzen dutenean. Horrek azaltzen du, hain zuzen ere, gaur egun EHU taldeaz hitz egin ahal izateko aukera. Unibertsitateak erakunde multzo horrekin duen harremanak ematen dio bide UPV/EHUri bere xedeak garatzeko, UPV/EHUko estatutuetako 4 a) eta b) artikuluetan ezarritakoaren arabera.

Hortaz, beharrezkotzat hartzen da UPV/EHUk egitura horietan zuzenean parte hartzen duela behar bezala ikusaraztea. Kanpora begira, UPV/EHUk erakunde horietan parte hartzen duela ikusgarri egin behar da modu egokian, UPV/EHUren partaidetzak lortutako emaitzen kalitatea areagotzen baitu.

Hori dela-eta, UPV/EHUko Nortasun Korporatiboaren Eskuliburua onartu zenetik bost urte baino gehiago igaro ondoren, beharrezkoa da hura zabaltzea, Unibertsitatearen ikusgarritasuna eta nortasuna ez galtzeko. Hortaz, eskuliburu horrek nortasun korporatiboa erabiltzeko arauak erregulatuko ditu, UPV/EHUko berariazko egiturentzat, UPV/EHUk parte hartzen duen edo UPV/EHUrekin lotutako beste egitura batzuentzat eta UPV/EHUko berariazko edo harekin lotutako langileentzat.

Horregatik guztiagatik, eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko estatutuetako 3.3 artikuluan ezarritakoa kontuan hartuta, 2006ko ekainaren 15eko Nortasun Korporatiboaren Eskuliburua zabaltzea proposatu zaio Gobernu Kontseiluari, honako zehaztapen hauen arabera:

Lehena. -

UPV/EHUko antolakuntza-egituraren (UPV/EHUko Estatutuen V. tituluko 120. eta 152. arteko artikuluek Unibertsitatearen egitura zehazten dute) unitate guztiek unibertsitateko nortasun korporatiboa erabili beharko dute unibertsitateko jarduerari buruzko komunikazio orotan eta sortutako ezagutzaren hedapen guztietan; horrela, UPV/EHUren nortasun korporatiboaren ikusgarritasuna bermatuko da Eskuliburuan ezarritako moduan, egokiak diren beste batzuei kalterik egin gabe.

Bigarrena. -

  1. Berariazko nortasun juridikoa duten beste erakunde batzuetan UPV/EHUren parte-hartzea zehazten duten lege-dokumentuak idaztean, unibertsitatearen izenaren eta haren nortasun korporatiboaren erabilera aurreikusi beharko da, eta hori UPV/EHUko Nortasun Korporatiboaren Eskuliburuan ezarritakoaren arabera erabili beharko da. Eskuliburua zabaltzeko testua indarrean jarri baino lehenago osatutako erakundeek aurreikuspen horietara egokitzeko beharrezkoak diren neurriak hartu beharko dituzte.
  2. Aurretik esandakoari kalterik egin gabe, EHU Taldea osatu dezaketen erakundeek EHU taldearen markaren elementu grafikoak eta tipografikoak sartu beharko dituzte haien markan, UPV/EHUko Nortasun Korporatiboaren Eskuliburuan eta Akordio honetako eranskin moduan joango den dokumentuan, akordioaren zatia izango delarik. Nolanahi ere, eskumena duen errektoreordetzak oniritzia eman behako dio erakunde horiek onartzen duten behin betiko markari.

Hirugarrena. -

Unibertsitateko estatutuetan jasotzen den moduan, UPV/EHUrekin lankidetzako, zerbitzuak eskaintzeko edo beste zerbaitetarako akordioak edo hitzarmenak egiten dituzten kanpoko erakundeek aldez aurretiko baimenarekin soilik erabili ahal izango dute Unibertsitatearen izena edo/eta haren nortasun korporatiboa; hitzarmenetan baldintzak erregulatuko dituen klausula bat sartuz emango da baimen hori, edo bestela, erabilera-baimenari buruzko kontratu espezifiko baten bidez.

Laugarrena. -

UPV/EHUko edo UPV/EHUri lotutako langileek garatutako ezagutza hedatzeko eta ustiatzeko ekintza guztietan eta ikerketen bidez lortutako emaitza guztietan (argitalpen zientifikoak, patenteak, prototipoak eta baliagarritasun-modeloak) beti agertu beharko du Euskal Herriko Unibertsitatearen erreferentziak. Zentzu horretan, UPV/EHUrekin lotutako langileen ekoizpen zientifiko guztietan unibertsitatearen afiliazioa honako hau da:

Izen-abizenak1

1[Taldea (hala badagokio)], [Saila/Institutua/Unibertsitate-egitura (hala badagokio)], [Ikastegia (hala badagokio], [(Unibertsitatearen izena*) UPV/EHU (nahitaezkoa) ], [Posta-helbidea]

*Proposatutako aukeren artetik bat hautatu:

  • Universidad del País Vasco
  • Euskal Herriko Unibertsitatea
  • Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea
  • University of the Basque Country

Hortaz, unibertsitatearen izendapen bibliografikoan, beti idatziko da haren izen ofizialaren forma laburra (UPV/EHU) eta proposatutako aukeren artetik hautatuko izen osoa.

Bosgarrena. -

UPV/EHUko Estatutuetako 3. artikuluaren lehenengo atalak adierazten du unibertsitatearen izen ofiziala UUniversidad del País Vasco /Euskal Herriko Unibertsitatea" dela, edo modu laburrean, UPV/EHU. Aurretik esandakoari kalterik egin gabe, ingelesezko sinadura erabil daiteke, "University of the Basque Country", hizkuntza ez-ofizialetan egindako argitalpenetarako. Hala ere, kasu guztietan, sinaduraren ondoren, UPV/EHU sigla idatziko da. Hots, "University of the Basque Country UPV/EHU".