presentacion

Aurkezpena

Duela berrogei urte, 1981eko urriaren bian, sortu zen ofizialki gure Fakultatea, hasiera batean Euskal Herriko Informazio Zientzien Fakultatea izena hartu zuena. Bere sorrera ez zen erraza izan. Diktaduraren lanbroak desagerrarazi gabe zirauen oraindik, baina errealitatea askatasun osoz komunikatzeko ilusioak eta irrikak kazetari gazte belaunaldi oso bat gidatu zuten.

Ofizialki eratu aurretik, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoaren (Bellaterra) babesean eman zituen lehen urratsak. Kataluniako unibertsitatearen konplizitatearekin, kazetaritza fakultate propioa izatearekin amesten zuen ikasle eta irakasle taldearen ekimen hura 1977ko urrian ernetzen hasi zen, Bilboko Unibertsitate Autonomoak eskainitako Medikuntza Fakultateko ikasgeletan. Garai ilun baina itxaropentsu haietan, unibertsitate hasiberri hura sustatzeko balio izan zuen lelo bat zabaldu zen: "Euskadik euskal informatzaileak behar ditu".

Euskadik euskal informatzaileak behar ditu

Izan ere, Euskal Herriak informatzaile profesionalak behar zituen. Gaztelaniaz. Baina, bereziki, euskaraz. 1981ean, azkenik, fakultatearen sorrera ofiziala argitaratu zen Estatuko Aldizkari Ofizialean:

 

onstitución oficial de esta Facultad en el Boletín Oficial del Estado

Fakultate honen eta osatzen duten pertsonen hazteko grinak eta euskal gizartearen prestakuntza eta ezagutza eskaerei aurre egiteko bokazio argiak bigarren mugarri bat izan zuen 1988-89 ikasturtean, dekanotza taldearen ekimenez Soziologia eta Zientzia Politikoko ikasketak eskaintzea bultzatu zenean. Fakultate mistoa izatera pasa zen, aipatu  bi ezagutza arloak biltzen zituena eta Gizarte eta Informazio Zientzien Fakultatea izena hartu zuena. Halaber,  Kazetaritzako ikasketa-planaren bigarren zikloan eskaintzen ziren publizitate ikasketen eta irudi zein zinema ikasketen espezializazioekiko eskaria eta interesa geroz eta handiagoa zela agerikoa zen. Horrenbestez, 1995-96 ikasturtetik aurrera, Publizitate eta Harreman Publikoetako eta Ikus-entzunezko Komunikazioko lizentziaturak eskaintzen hasi ziren. Era berean, Soziologia eta Zientzia Politikoko ikasketak bereizi eta lau urteko titulazio gisa eskaini ziren.

Fakultate hasiberri hura bost gradu, hiru gradu bikoitz, hamar master ofizial, bi berezko eta graduondoko titulu eta bost doktorego programa biltzen dituen zentroa da gaur egun. Horrezaz gain, 27 ikerketa-talde ere barne hartzen ditu. Lankidetza estua du ikus-entzunezko informazioaren eta komunikazioaren arloan esanguratsu diren erakunde eta entitateekin eta, oro har, gizartearekin. Hala, 700 lankidetza-hitzarmen ditu, gutxi gorabehera. Aipamen dualeko zigilua du bost gradutan eta nazioartekotze ibilbidearen zigilua Ikus-entzunezko Komunikazioaren graduan. UPV/EHUko hirugarren ikastegia da mugikortasun egoeran den ikasle kopurua aintzat hartuta, eta % 47 hazi da atzerriko hizkuntzaren eskaintza azken hirurtekoan. Euskal Autonomia Erkidegoan eta bere ingururik hurbilenean, erreferentziazko ezagutza eta prestakuntza eskaintza publikoa bezala nabarmentzen da. Ez alferrik, zientzia sozialen esparruko hiru titulazioak (Zientzia Politikoa eta Kudeaketa Publikoa, Soziologia, eta hauek biak biltzen dituen Gradu Bikoitza) eskaintzen dituen fakultate bakarra da EAEn.

Osatzen duten kideen kulturak nahiz haien hobekuntza eta berrikuntza espirituak ere eratu dute egun ezagutzen dugun Fakultatea. Ahalegin horri esker, hainbat sari bereganatu ditu Fakultateak esparru ezberdinetan: unibertsitate mailako kalitate sariak (AUDIT), kudeaketa mailakoak (EUSKALIT “A ZILARRA”) eta euskararen erabilerari dagozkionak (Bikain Zilarra), besteak beste. Eta, hori guztia gutxi balitz, komunikazioaren eremuko saririk esanguratsuenetarikoak ere erdietsi ditu (Rikardo Arregi Saria eta Euskal Kazetarien Elkargoko Saria).