Kontsulta publikoa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko gradu bikoitzei eta graduko ikasketa desberdinak aldi berean egiteari buruzko arautegiaren ingurukoa
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak (39/2015 Legea, urriaren 1ekoa), 133.1 artikuluan dioenez, legearen edo erregelamenduaren proiektua edo aurreproiektua prestatu baino lehen, kontsulta publiko bat bideratuko da administrazio eskudunaren webgunearen bitartez, eta bertan jasoko da zer iritzi duten etorkizuneko arauaren eraginpean dauden subjektuek eta erakunde ordezkagarrienek.
Dokumentu honen helburua da unibertsitateko kideei eta gaiaren eraginpean dauden erakundeei jakinaraztea unibertsitate honek asmoa duela izenburuan aipatutako arautegia onartzeko, hura prestatzeko prozesuan parte har dezaten.
a) Ekimenaren bidez konpondu nahi diren arazoak.
2013. urtean jarri zen martxan UPV/EHUko lehen gradu bikoitza, arautegi propio batekin, eta ordutik ugarituz joan dira horrelakoak, harik eta gaur egun gradu bikoitzen 14 programazio izateraino. Horietako bakoitzerako araudi espezifiko bat onartzen da, eta ez dago guztiak barnebiltzeko esparru orokorra ezartzen duen araurik. Urte hauetan guztietan, zehaztu beharreko hainbat kontu sortu dira; hori dela eta, funtsezkoa da horiek guztiak gradu bikoitz guztiei ezartzeko moduko arau batean bildu eta zehaztea.
Horrekin lotuta, graduko ikasketa desberdinak aldi berean egiteko aukera araututa dago Graduko Ikasketak Kudeatzeko Arautegiaren 17. artikuluan. Hortaz, komenigarria da gradu bikoitzei eragiten dieten unibertsitateko arautegien aurreikuspen guztiak testu bakarrean biltzea, baita orain arte aurreikusi ez diren alderdiak jorratu eta garatzea ere.
Gradu bikoitzei arautegi akademikoetako zenbait xedapen aplikatu dakizkien arren, informazioa sakabanatuta dago; horrek nahasmena eragin dezake unibertsitatean arau horiek bete behar dituzten ikastegi eta kideen artean, eta areagotu egiten du arauon berri ez izateko aukera.
b) Araua onestea beharrezkoa eta egokia den.
Oso kontuan izan behar da graduen egungo antolamendua abian dagoenetik nabarmen aldatu dela titulazioen mapa; gainera, gero eta programazio akademiko gehiagok ematen dute aukera graduko ikasketa desberdinak aldi berean egiteko, hainbat modalitatetan, gainera. Horren ondorioz, arautegi argia behar da ikastegietan, besteak beste, ikasketa horietan diharduten ikasleek aplika daitezkeen arauak ezagutu ditzaten.
c) Arauaren helburuak.
Arautegi honen helburua da graduko titulazio bikoitzei edo gradu bikoitzei dagozkien programa akademikoen baldintzak definitu eta arautzea, baita programazio horietatik kanpo ikasketa desberdinak aldi berean egiteko aukera definitu eta arautzea ere.
d) Izan litezkeen bestelako aukera erregulatzaile eta ez-erregulatzaileak.
- Gradu bikoitzeko programazioetarako esparru komunik ez ezartzea.
- Graduko ikasketa desberdinak aldi berean egiteko baldintzak ez garatzea.
Beste aukerarik ez dago UPV/EHUko gradu bikoitz guztiak eta graduko ikasketa desberdinak aldi berean egiteko aukera barne hartuko dituen esparru komun bat ezartzeko.
Beraz, unibertsitateko kideek eta arautegiaren eraginpean dauden elkarte edo bestelako erakundeek ekarpenak aurkeztu ahal izango dituzte (iradokizunak, iritziak eta abar) 2023ko MARTXOAREN 3ra arte, egun hori barne. Ekarpenak helbide honetara bidali beharko dira: vicer.grado-innovacion@ehu.eus eta, horretarako, nortasuna behar bezala akreditatu beharko du bidaltzaileak.
Leioan, 2023ko otsailaren 17an.