Kode Etikoa
Zioen azalpena
Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea (aurrerantzean UPV/EHU) zuzenbide publikoko erakundea da, gizartearen zerbitzura dagoena. Erakunde autonomiaduna da, eta berezko nortasun eta ahalmen juridikoak dauzka, bai eta ondare propioa ere. Goi mailako irakaskuntza eskaintzen du, bere eskumenen eremuan, honako hauen bitartez: irakaskuntza, ikerketa, ikasketa, kultura eta unibertsitate hedakuntza, eta bere jardueren oinarri diren kudeaketa prozesuak eta zerbitzuak. UPV/EHUk bere gain hartzen du zerbitzu horien kalitatea, bikaintasuna eta gizartearen eraldaketa eta inplikazioa bermatzeko konpromisoa.
Bere jardunaz, euskal gizartearen premiei erantzungo die, bai eta historiak eta aldaketa sozioekonomiko, politiko, artistiko eta kulturalek ekarritakoei ere. Kultura eta zientzia unibertsalaren jakintza ere zabalduko du gizartean, eta euskara eta euskal kultura bultzatuko ditu bereziki. Era berean, jasangarritasunerako irizpideei jarraiki eramango ditu aurrera eguneroko zereginak (UPV/EHUren Estatutuak, I. titulua).
Euskal Herriko Unibertsitatearen Kode Etikoa bi helburu nagusirekin sortu da:
- Erreferentzia izatea unibertsitateko kide guztientzat, eta organo kolegiatu edo kide bakarreko guztientzat ere, komunitate hau osatzen dugun pertsonen jarduera guztietan jokabide printzipio gorenak sustatuz, gardentasun maila handiagoa lortu eta interes komunak hobeto babestuko badira. Hori guztia unibertsitate bikaintasuna eta erakunde horren ahal denik eta gizarte-aintzatespenik gorena lortzeko helburuaz eta baita balio demokratikoak zabaldu eta finkatzeko, eta euskal gizartearen ondare intelektuala, humanistikoa, kulturala eta zientifikoa aberasteko ere.
- Unibertsitatearen arautegi espezifikoaren berri ematea eta unibertsitatearen erabakiak hartzeko lagungarri izatea. Unibertsitate komunitateko pertsonen askatasuna eta bizikidetza errazteko eta erakunde horren balioak eta filosofia ezagutarazteko tresna izatea.
Kode Etikoak arlo instituzional zein banakakorako jarrerak eta jokabideak sustatzen ditu, unibertsitate komunitatea osatzen dugun pertsonen eta organo ezberdinen etika eta integritatea ardatz eta oinarri hartuta, pertsonoi aplikatu beharrekoa izanik. Jarduera parametro batzuk ezartzen ditu horretarako, batzuetan, indarreko arautegiaz harago joan daitezkeelarik. Hain zuzen ere, UPV/EHUren erantzukizun soziala legezkotasuna betetzetik harago doa, konpromiso sendoa hartzen baitu kode horren balioak, beren hedapena eta gardentasuna sustatzeko eta bere jardueretan aplikatzeko.
UPV/EHUren ospea eta izen ona, erakunde guztietan bezala, bat etorri ohi da bertako profesionalen, bere organo kolegiatuen eta unibertsitate-komunitatea osatzen dugun pertsonen integritatearekin, gu guztiok baikara, gure portaerarekin, Unibertsitatearen praktika gauzatzen dugunak.
Kode Etiko honek ezartzen du unibertsitateko kideek ahal duten guztia egin behar dutela gurekin harremanetan daudenek eta, bereziki, harreman egonkorra, iraunkorra edo ohikoa dutenek ezagut ditzaten geure jarduna artatzen dituzten kodea eta jokabide irizpideak. Izan ere, hori positiboa izango da harremanen kalitaterako, unibertsitate jarduera babestu eta bultzatzeko eta UPV/EHUren ospea eta izen ona sendotzeko.
Kode hau betez, unibertsitatea osatzen dugunok geure konpromisoa adierazten dugu erakundearen izen, ospe eta irudi onarekin, bai eta geuk egindako jarduera guztiak erantzukizun sozialeko irizpideekin bat etor daitezen ere. Erantzukizunez jokatzeak, kalitatezko zerbitzu publikoaren konpromiso integral gisa ulertuta, unibertsitate komunitateko sektore eta pertsona guztien arteko arreta eta zaintza dakar berekin, beren itxaropenei ahalik eta erantzunik onena ematen saiatuz eta entzunez, legezkotasuna errespetatuz, integritate eta gardentasun maila zorrotza bermatuta. Jardueraren dimentsio guztiak (legala, ekonomikoa, gizatiarra, soziala eta ingurumenekoa) kontuan hartzen dituen konpromisoa da, jarduera guztietan bikaintasuneko zerbitzu publikoaren xedearekin identifikatuta. Konpromiso hori guztiz bat dator Euskal Herriko Unibertsitatearen 2022-2025 plan estrategikoan zehaztutako misioarekin eta ikuspegiarekin.
I. atala. Kontsiderazio orokorrak
Izaera
Euskal Herriko Unibertsitateko Kode Etikoak ez du izaera arauemailea, bere helburua izanik unibertsitateko kideen, organoen eta unibertsitatearekin harremanik izan ohi duten pertsona guztien jokabidearen eredu izatea. Horrez gain, kode etiko honen bidez, unibertsitateak gizartearen aurrean dituen balioak eta konpromisoak ezagutarazi nahi dira.
Kode Etiko honi esker interpretatu ahal izango dira UPV/EHUren funtzionamendurako indarrean dauden barne arauak eta, era berean, kodearen beraren printzipioek ondoren letorkeen edozein arau garapenen iturri izan beharko dute.
Kode Etiko honek ez du aldatzen UPV/EHUk bere profesionalekin duen lan edo funtzionario harremana, eta ez du ez eskubiderik ez kontratu loturarik sortzen.
Aplikazio eremua
Kode Etikoa izango da UPV/EHUko organo guztien eta kide guztien jokabidearen iturri eta unibertsitatean garatzen den edozein jardueratan aplikatuko da.
Zehatzago, Kode hau kontuan hartuko da bertako ikastegi, sail, administrazio zerbitzu, gobernu organo eta talde guztietako langileen jardunetan, bai eta unibertsitatearen nortasun juridikorik gabeko beste egitura batzuetan ere. Era berean, ardura hartuko da unibertsitatearen fundazioei, ikastegi elkartuei, hornitzaileei eta kanpoko laguntzaileei lotutako langileek eta organoek ere ezagutu eta aplika dezaten.
II. atala. Euskal Herriko Unibertsitatearen balioak eta jendartearekiko konpromisoak
Unibertsitateko kideek eta unibertsitatearen jarduerak, adierazpen eta sektore guztietan, jarraian zerrendatutako balio hauei eutsi beharko diete, nork bere jardunean edo portaeran:
1. Berdintasuna
Geure jarduera eta erabakietan, unibertsitateko kideok eta UPV/EHUko gobernuak eta ordezkaritzak berariaz zaindu behar dugu pertsonen arteko benetako berdintasuna, eta edozein egoera edo inguruabar pertsonal edo sozialengatik diskriminatzea saihestu behar dugu. Bereziki, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatuko da.
2. Askatasuna
Geure jarduera eta erabakietan, unibertsitateko kideok eta UPV/EHUko gobernuak eta ordezkaritzak berariaz sustatu eta babestu behar dugu pentsamendu, iritzi eta adierazpen askatasun, eta unibertsitate zereginetan jarduteko askatasuna erraztu behar dugu.
3. Egia
Geure jarduera eta erabakietan, unibertsitateko kideok eta UPV/EHUko gobernuak eta ordezkaritzak egiaz jokatu behar dugu, faltsutasuna, engainua eta informazio garrantzitsuaren omisioa saihestuz; horrek esan nahi du, halaber, esparru akademikoan, zientifikoan eta gestioan integritatea eta gardentasuna sustatu eta babestu behar ditugula.
4. Errespetua
Geure erabakietan eta ekintzetan, unibertsitateko kideok eta UPV/EHUko gobernuak eta ordezkaritzak errespetuz jokatu behar dugu beti, hau da, tolerantziaz eta begirunez jokatu behar dugu pertsona guztiekiko (nork bere ideia, sinesmen, ikuspegi eta harremanak izateko eta lankidetzan aritzeko modu desberdinak dituela errespetatuta), kalte fisiko edo psikikorik eragin ez dadin.
Horrek berariaz dakartza arreta, zaintza, entzute aktiboa eta kritikoa sustatzea eta, beti, hitza eta argudioak beste ezer ez erabiltzea; hau da, indarkeria, mehatxua edo derrigortzea saihestea.
5. Zerbitzu publikoa eta gizartearekiko konpromisoa
Unibertsitateko kideok gure lana egingo dugu beti gizartearen eraldaketa beharrei erantzun nahian, eta hala, gizarte justuagoa eta bateratuagoa eraikitzen lagunduko dugu, bai gure inguru hurbilean, baita nazioartean ere.
6. Jasangarritasuna
Geure jarduera eta erabakietan, unibertsitateko kideok eta UPV/EHUko gobernuak eta ordezkaritzak berariaz sustatu eta babestu behar dugu iraunkortasuna eta gizartearen, ekonomiaren eta ingurumenaren ongizatea, eta eremu horietan eragin litekeen kaltea saihestu behar dugu, bai berehalakoa bada, bai ondorioak epe ertain edo luzean ager badaitezke.
Horretarako, berariaz sustatu behar dira garapen jasangarrirako helburuak, trantsizio ekologikoa, ondarearen babesa eta baliabideen kudeaketa, eraginkortasun, efizientzia eta gastuaren arrazionalizazio arduratsuan oinarritutako irizpideekin bat etorrita.
Zehazki, Euskal Herriko Unibertsitateak konpromiso hauek hartzen ditu:
- Jakintza sortu, kritikatu eta zabaltzea eta jakintzaren aurrerabidea eta gizartearen garapena sustatzea, ikerketaren bitartez eta ikerketaren emaitzak gizarteratuz.
- Euskal gizartearen ondare intelektual, humanistiko, kultural eta zientifikoa aberasteko lanetan parte hartzea, baita ekonomia garapenean eta gizartearen ongizatean ere.
- Kalitatezko goi mailako irakaskuntza eskaintzea, ikasleen heziketa osoa bultzatzea, eta lanean hasteko beharrezkoa den prestakuntza ziurtatzea.
- Euskararen garapena eta normalizazioa indartzea, bere eskumenen eremuan.
- Profesionalen etengabeko prestakuntza eta goi mailako irakaskuntza eskatzen duten gizarteko beste taldeen etengabeko prestakuntza edo bizitza osoko prestakuntza sustatzea.
- Unibertsitate zabalkuntza eta hedakuntza bultzatzea, batez ere gizarte eta kultura mailen arteko aldeak gutxitzera zuzenduak, bai eta bizitza politiko, kultural eta sozialean hobeto parte hartzeko baldintzak sortzera zuzenduak ere.
- Nazioarteko trukea eta lankidetza indartzea, bereziki Europako esparruan eta garapenerako lankidetzaren alorrean.
- Harremanak izatea eta hitzarmenak egitea erakunde publiko eta pribatuekin, UPV/EHUko tituludunen prestakuntza hobea izan dadin eta, ondorioz, lanean hasteko aukera gehiago izan dezaten.
- Premia bereziak dauzkaten pertsonak unibertsitateko kide izan daitezen sustatzea.
- Bakea, justizia eta elkarbizitza demokratikoa sustatzea, eta euskal jendartearen garapen jasangarri eta bidezkoa bultzatzea, terrorismo eta indarkeria mota oro gaitzetsita.
UPV/EHUk emakumeen eta gizonen berdintasuna bermatzeko konpromisoa hartzen du bere baitan eta beharrezko neurriak hartuko ditu inor diskriminatua izan ez dadin arrazoi hauengatik: jatorria, etnia, sexua, erlijioa, iritzia, hizkuntza edo bestelako egoera pertsonal edo sozialen bat. Beraz, UPV/EHUk aintzat hartuko ditu honako printzipio hauek: aukera berdintasuna, aniztasunaren eta diferentziaren errespetua, genero ikuspegia txertatzea, ekintza positiboa, sexuari lotutako rolak eta estereotipoak baztertzea, eta gizonen eta emakumeen ordezkaritza parekatua.
III. atala. Euskal Herriko Unibertsitateko jokabide irizpideak
Irakaskuntzaren, ikerkuntzaren eta gestioaren arloetan
Kode Etikoa orientabide gisa erabiliko da unibertsitateko kideen arteko bizikidetzan, unibertsitatearen eta beste eragile batzuen arteko harremanetan eta kide bakoitzaren erantzukizunetan, izan ikasle, izan teknikari eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langile, izan irakasle-ikertzaile. Unibertsitateko arlo guztiak (irakaskuntza eta ikasketa; ikerketa eta garapen zientifikoa, kulturala, artistikoa eta teknikoa; kudeaketa; jakintzaren transferentzia; eta herritarrekiko, gizarte erakundeekiko, enpresarekiko eta administrazio publikoarekiko harremanak) balio horien argitara aztertu behar dira, UPV/EHUko kide guztiek beren jardunaren betekizunean sustatu eta babestu behar dituztenak.
UPV/EHU osatzen dugun organo, egitura eta kide guztiok irakaskuntza publikoa, inklusiboa, parte hartzailea, kritikoa eta kalitatezkoa defendatuko dugu, eta ikasleen kolektiboa aktiboa izango da hezkuntza prozesuaren barruan, hezkuntza arautuan zein arautu gabean. Ikasleen prestakuntza beharrak unibertsitate jardueraren ardatz nagusietako bat dira eta, hortaz, lehentasunez eman behar zaie arreta, jakintzari eta garapen pertsonalari ahal denik eta ekarpen handienak xede. Harreman honek konfiantza behar du sortu, baina elkarren zurruntasun eta exijentzian oinarrituta.
Era berean, ikasleek, UPV/EHUn matrikulatze hutsagatik, Kode Etiko honen balioak hartuko dituzte aintzat, edozein arlotan ari direla. Ikasleek arreta bereziki handiz jardun beharko dute honako alderdi hauetan:
- Beren gain hartuko dute jakintza bere egiteko edo ebaluazio probak behar bezala burutzeko egin beharreko ahalegin pertsonala, kopiatu edo plagiatu gabe, eta zintzotasun eta ahaleginarekin bateraezinak diren bitartekoak edo estrategiak baliatu gabe.
- UPV/EHUk beren eskura jarritako baliabideak behar bezala eta arduraz baliatzea.
Ikerkuntza ezin bana daiteke unibertsitate lanetik, eta eginkizun nagusienetakoa ere bada; hala, gizarteak dauzkan eskaera eta premietara bideratuta dago, eta askatasun, gardentasun eta etikaren irizpideek gidatzen dute. Bereziki, irakasle-ikertzaileek zorroztasun zientifikoz eta zintzotasunez egingo dute lan, esfortzuan eta lankidetzaren aintzatespenean oinarrituta, eta, betiere, beste inoren jakintza modu irregularrean baliatu edota plagiatu gabe.
Unibertsitateko kideen artean
Unibertsitate honetako kideok, baita bere gobernu-organoek eta egiturak ere, ingurune seguru eta osasungarria sustatuko dugu UPV/EHUko langile, ikasle, hornitzaile, kontratista, laguntzaile eta bisitari guztientzat. Honen ildotik, konpromisoa hartzen dugu indarreko lege xedapenak betetzeko eta, areago, jardunbide egokiak har daitezen sustatzeko, unibertsitateko kide guztiei eskatuz ahalik eta arreta handiena jar dezagula helburu hori betetzen dela bermatzeko.
Bereziki, gogor ahaleginduko gara ingurunearen segurtasuna eta osasungarritasuna hobetzen, istripuak prebenitzearren, honelakorik gertatuz gero arduraz jokatu ahal izateko, ingurumena errespetatu eta babestearren, eta baliabide naturalen erabilera eraginkortasunez kudeatzearren. UPV/EHUko bizikidetza arauak ere Kode Etiko honen parte dira.
Eskakizun honek barne hartuko du langileen arteko giroa sendotzeko konpromisoa, konfiantza giroa, informazio gardena eta komunikazio arina ardatz hartuta, talde lana bultzatuz eta sormena eta erantzukizuna sustatuz.
UPV/EHUko kide garenok gure arteko harreman akademikoak eta unibertsitatekoak ikuspegi jakin batetik bideratzen ditugu: entzutearen eta enpatiaren ikuspegitik, hartutako konpromisoetan elkarrekikotasuna izatearen ikuspegitik eta guztioi eta guztion interes publikoari mesede egingo dioten emaitzak sortzearen ikuspegitik, gure eginkizuna behar bezala betetzeko behar ditugun baliabideak eskainiz. Horregatik, adierazi nahi dugu profesionalekiko harremanetan asmoa dugula lehentasun hauek ezartzeko: ahalik eta lan girorik onena lortzea; kontratu baldintzak errespetatzea; inolako arrazoirengatik ez diskriminatzea (dela etnia, nazioa, erlijioa, ideologia, generoa, sexu aniztasuna, hizkuntza, …); aukera berdintasuna, desgaitasunen bat duten pertsonei arreta berezia eskainita; merezimendua eta emaitzak baloratzea; komunikazio eta elkarrizketa bide gardenak, irekiak eta parte hartzaileak ezartzea; hautaketan irizpide gardenak eta objektiboak praktikan jartzea; prestakuntzari garrantzi erabakigarria ematea; laneko osasun eta segurtasun sistemak garatzea; lana eta bizitza pertsonala uztartzeko bideak sendotzea; eta giza eskubideen eta langileen eta ikasleen eskubideen defentsa irmoa egitea, kontuan hartuta indarrean dagoen legedia, Nazioarteko Zuzenbidea, Giza Eskubideen Aldarrikapen unibertsala eta lan arloko araudia.
UPV/EHUren funtsezko interesa da kalitate goreneko profesionalak erakartzea, berariazkoa zaion bikaintasunerako bokazioari dagokion legez, meritu profesionala eta integritatea lehenetsiko lituzketen hautaketa prozesuak garatuz, baina betiere etikaren, objektibotasunaren, gardentasunaren eta aukera berdintasunarekiko errespetuaren irizpideen menpe. Ezaugarriok nagusi izango dira, era berean, jardunaren ebaluazioan, merezimenduaren aintzatespenean eta garapen profesionalerako aukeretan.
UPV/EHUk aurreikusi egingo ditu sor litezkeen interes gatazkak. Horretarako, neurriak ezarriko ditu erabaki eta jardueretan unibertsitatearen interesa beste edozeinen gainetik egongo dela ziurtatzeko.
Gobernantzaren eta ordezkaritzaren arloetan
Kode Etiko honek eta gardentasun eta kontu-emate printzipioek zuzenduko dute Unibertsitateko gobernu eta ordezkaritza organoen jarduna, kasuan-kasuan aplikatzekoa den araudia betez, eta unibertsitateko kideen zein jendartearen hurbiltasun eta irisgarritasuna bermatuta. Kide bakarreko organoetan karguak dituzten pertsonek, edo Unibertsitateko gobernu eta ordezkaritza organoetako kide direnek, osotasunez eta gardentasunez jardungo dute, zuzen eta zintzo, betiere, dagozkien funtzioek eta ordezkatzen duten organoak berezko duten erantzukizunaz jabetuta. Konfidentzialtasuna zaindu beharko da hala behar duten gaietan, hala karguan egon bitartean, nola kargua utzi ondoren. Era berean, jokabide eredugarria izango dute, Kode honetan jasotako balioekin bat.
Jendartearekiko eta inguruarekiko harremanean
Euskal Herriko Unibertsitateak konpromiso osoa du euskal jendartearen eraikuntza eta aurrerabidearen alde. Unibertsitate publikoa garen aldetik, unibertsitateko gobernu-organoak, egiturak eta kideok aktiboki parte hartu behar dugu euskal gizartearen ongizatean eta garapen sozial, ekonomiko eta kulturalean.
UPV/EHUn lan egiten eta ikasten dugunok uneoro zainduko ditugu unibertsitatearen eta beronen balioen ospe eta izen ona, eta ahaleginak egingo ditugu gizarteak gehiago eta hobeto aintzatets ditzan. UPV/EHU marka errespetatuko dugu, eta berori erabiltzeko protokoloa beteko.
Unibertsitateko kideok errespetuz eta jendetasunez jokatu beharko dugu geure eginkizunetan eta unibertsitatearen instalazioetan. Era berean, ekidin beharko dugu edozeinen aurkako jazarpen edo larderia oro, eta halakorik gerta ez dadin borrokatu beharko dugu, bai eta norberaren duintasunaren aurkako jarduerarik gerta ez dadin ere, betiere pertsonekiko errespetu osoari eutsita. Era berean, ingurumena zaindu eta babesteaz arduratuko gara, baita baliabide naturalen kontsumo eraginkorraz ere, eta garapen jasangarriaren helburuekiko konpromisoa erakutsiko dugu.
UPV/EHU osatzen dugunok arduraz eta eraginkortasunez erabiliko ditugu unibertsitateak gure esku jartzen dituen aukerak eta baliabideak, gure eginkizun profesionalak behar bezala betetzeko, eginkizun horiek ez direlarik erabili behar aurreikusitakoez bestelako helburuetarako.
UPV/EHUren eta bere hornitzaile, kontratista eta kanpoko laguntzaileen arteko harremanak, legezko betebeharretatik harago, ekitatean, konfiantzan eta balio partekatuan oinarrituko dira, epeak eta konpromisoak betez. Eskainitako produktuaren edo zerbitzuaren kalitate integrala ezertan ere kaltetu gabe, bereziki positiboki balioetsiko dira kode honen irizpideekin bat datozen produktu edo zerbitzuak, baita etikarekin eta erantzukizun sozialarekin dugun konpromiso orokorra partekatzen dutenak ere, bereziki baloratuko direlarik balio horiek formalki aldarrikatu dituzten eta aitorpen orokorra duten hitzarmen edo itunekin instituzionalki bat egin duten.
Era berean, unibertsitateko kide guztiok, eta gure gobernu eta ordezkaritza organoak, gogoz sustatuko dugu kolektibo horien artean eremu guztietan jardunbide egokiak har daitezela, eta saiatuko gara merkataritza harremanik ez izaten abusuzko edo diskriminaziozko praktikak egiten dituztenekin edo kode honetako irizpideak nabarmen urratzen dituztenekin, sektore publikoaren kontratuen arloko legeriak horretarako aukera ematen duen neurrian. Bereziki, unibertsitateak ez du lagunduko gerra edo indarkeria jarduerak garatzen edo bultzatzen.
IV. atala. Arauak betetzea bermatzeko sistema
Berme sistema
UPV/EHUko Kode Etikoak egoki funtziona dezan, haren eraginpeko eragile eta organo guztiek jarraipen ezin hobea egin behar dute, eta unibertsitateko kideok behar bezala aplikatzen dugula gainbegiratu eta ebaluatu behar da.
Bizikidetza Batzordea izango da, Unibertsitate Bizikidetzari buruzko 3/2022 Legearen babesean sortua, Kode Etikoaren funtzionamenduaren behatoki. Kode hau sustatzeko, aplikatzeko eta betetzen dela ikuskatzeko oinarrizko eskumenak Bizikidetza Batzordeari dagozkio. Zehazki, eta UPV/EHUko beste organo batzuen eskumenei kalterik egin gabe, honako hauek izango dira batzorde honen eginkizunak Kode Etikoaren esparruan:
- Kode hau ahalik eta gehien zabaltzea haren eraginpeko pertsona guztiei, eta unibertsitateko gobernu eta ordezkaritza organoei, eta uler dezaten sustatzea.
- Etengabeko hausnarketa garatzea eta bultzatzea, unibertsitate erakundearen eta unibertsitateko kideen jokabidea gidatu behar duten printzipio etikoen inguruan, erakundearen funtzionamendu egokirako eta kide guztien helburu legitimoak ahalik eta ondoen lortzeko duen garrantziaz sentsibilizatuz.
- Kode honetan jasotako printzipio eta aginduak interpretatzean sor daitezkeen zalantzak argitzea, bai eta bertan aurreikusitakoa hobeto betetzeko komenigarritzat jotzen diren iradokizunak egitea ere.
- Kode hau betetzean egon daitezkeen akatsak identifikatzea, UPV/EHUrako funtzionaltasunean eragin negatiboa izan dezaketen prozeduretan, sistemetan eta egituretan.
-
Kode honetako aginduen aurka hautematen diren jokabideak aztertzea eta, hala balegokio, hobetzeko jarduerak gomendatzea.
Bizikidetza Batzordearen esku hartzea kontsultatzeko edo pizteko legitimazioa
Unibertsitateko kide guztiok, eta gobernu organoak, aukera izango dugu Kode Etikoak Bizikidetza Batzordean sor dezakeen edozein zalantza argitzeko. Gainera, konpromisoa hartzen dugu Bizikidetza Batzordeari jakinarazteko gure ustez Kode hau urratzen ari den edo behar bezala betetzen ez den edozein jarduera edo zirkunstantzia, edo bere letraren edo espirituaren aurkako jokabideak hautematen dituen edozein jarduera edo zirkunstantzia, bai ohartarazpen hori gure eginkizunak betetzean egiten bada, bai beste edozein egoeratan. Horretarako, iradokizunen postontzia eta horiek izapidetzeko prozedura jarriko dira.
Konfidentzialtasuna
Aurreko atalean adierazitako komunikazioak jasotzen dituzten administrazio unitateetako kide guztiek eta horiek izapidetzeaz arduratzen direnek zorroztasun osoz zaindu beharko dituzte komunikazioen eta tartean diren egoera eta pertsonen konfidentzialtasuna, bai eta komunikatzaileen anonimotasuna ere, eta ahalik eta arinen informatu beharko diete pertsona horiei beren zalantza posibleen aurrean jarraitu behar dituzten irizpideen, jakinarazitako egoerak ebazteko prozeduren eta horien aurrean erabakitzen diren irtenbideen inguruan.