IRUZURRAREN AURKAKO PLANA UPV/EHU 2021

IRUZURRAREN AURKAKO PLANA UPV/EHU 2021

AURKEZPENA

Ogasun eta Funtzio Publikoko Ministerioaren irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduaren 6. artikuluaren arabera (Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Plana kudeatzeko sistema eratzen duen agindua), Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 241/2021 (EB) Erregelamenduaren 22. artikuluan ezarritako betebeharrak betetzeko, plan horren neurrien egikaritzean parte hartuko duten erakunde guztiek “Iruzurraren aurkako plan” bat eduki beharko dute, aukera emango diena honako hau bermatu eta deklaratzeko: hots, dagokion jarduera eremuan, aplikatu beharreko arauen arabera erabili direla funtsak; bereziki, iruzurra, ustelkeria eta interes gatazkak prebenitzeari, detektatzeari eta zuzentzeari dagokienez.

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) Estatutuen 2.2 artikuluak berariaz aipatzen du unibertsitatearen konpromisoa legezkotasunaren, eraginkortasunaren, efizientziaren, gardentasunaren, kalitatearen eta gizarteari nahiz unibertsitateko kideei zerbitzu hoberena ematearen printzipioetara egokitzen den kudeaketarekin. Hala ere, UPV/EHUk ez du iruzurraren aurkako neurrien planik, aipatutako aginduak eskatzen duen bezala.

Arrazoi horregatik, plan honen helburua da portaera desegokiak prebenitzea, detektatzea, zuzentzea eta jazartzea, oso noizbehinkakoak eta ezohikoak izan arren indarrean dagoen legedia urra dezaketenak, kalte larria egin diezaieketelako erakundearen interesei eta gizarteak unibertsitateaz duen irudiari.

Helburu hori bete nahi da neurri zehatz batzuen bidez, eta horietako bat da UPV/EHUko Arriskuen Mapa eta Ebaluazioa egitea, dokumentu dinamiko bat, berrikusi eta eguneratu egingo duena aldian-aldian aztergai den arloko pertsonek osatutako autoebaluazio talde batek. Dokumentu hori oinarri gisa erabiliko da iruzur arriskuaren inpaktu eta probabilitatearen ebaluazioa egiteko unibertsitate sistemaren kudeaketa arlo nagusietan. Gainera, dokumentu horretan jasoko dira hainbat neurri prebentibo eta zuzentzaile, egoera jakinetarako pentsatuak, iruzurraren hondar arriskua murrizteko gutxieneko maila onargarri batera.

Plana egoki garatzeko, UPV/EHUren Iruzurraren Aurkako Batzordea sortuko da, organo tekniko eta independente bat, legezkotasunaren, objektibotasunaren, inpartzialtasunaren eta konfidentzialtasunaren printzipioetan oinarritua. Halaber, Salaketen kanal bat sortuko da, unibertsitatean hauteman diren eta ikertu egin behar diren jokabideak salatzeko era anonimo eta guztiz konfidentzial batean. Bestetik, Hobekuntzak proposatzeko kanal bat ere sortuko da, unibertsitate jardueretan iruzur aukerak ahalik eta gehien murriztuko dituzten hobekuntzak helarazteko.

Planaren edukietan sartu aurretik, komeni da zehaztea zer hartzen den “iruzurtzat”. Oro har, “iruzur” terminoa erabiltzen da etikoa ez den portaera multzo askotariko bat izendatzeko (lapurreta, ustelkeria, funtsak desbideratzea…), askotan engainuaz baliatzen diren portaerak, irabazi pertsonalak lortzeko erakunde publiko bati lotutako pertsona batentzat eta hirugarren batentzat.

Zehazkiago, Plan hau egitean, kontuan hartu da 2017/1371 (EB) Zuzentarauaren 3.1 artikuluan jasota dagoen “iruzur” terminoaren definizioa (Europar Batasunaren finantza interesei eragiten dien ruzurraren aurkako borrokari buruzko zuzentaraua). Gastuen alorrean, “iruzurtzat” hartzen da “nahita eginiko edozein egite edo ez-egite, honako egoera hauei dagokiena:

  • Adierazpen edo dokumentu faltsuak, zehaztugabeak edo osatugabeak erabiltzea edo aurkeztea, ondorioa denean funtsak bidegabe jasotzea edo atxikitzea, Europako Erkidegoen aurrekontu orokorretik edo Europako Erkidegoek edo haien kontura administratutako aurrekontuetatik datozen funtsak.
  • Informazio bat emateko betebeharra ez betetzea, ondorioa aurreko berbera denean. 
  • Funts horiek desbideratzea, eman diren helburuez bestelako xedeetarako”. 

Beraz, definizio horren arabera, irregulartasun guztiak ez dira zertan iruzurtzat hartu. Nahita egitea, horixe da funtsezko elementua iruzurrean; aldiz, ez da nahitaezko elementua irregulartasunean. Bestetik, finantza ondorioez harago, komeni da nabarmentzea iruzurra kaltegarria ere izan daitekeela bere funtsak modu eraginkor eta efizientean kudeatzeko ardura duen organismo baten ospearentzat.

Plan hau egiteko, irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduaz gainera (Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Plana kudeatzeko sistema eratzen duen agindua), kontuan hartu dira ere iruzur arriskua ebaluatzeko araua eta iruzurraren aurkako neurri eraginkor eta proportzionatuak (DG REGIO) EGESIF 14-0021-00 (Guidance note on fraud risk assessment for 2014-2020), eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018/1046 Erregelamendua (EB, Euratom), 2018ko uztailaren 18koa, Batasunaren aurrekontuari aplikatu beharreko finantza arauei buruzkoa (EBren Finantza Erregelamendua). Halaber, aintzat hartu dira ere Cadizeko Unibertsitatearen arriskuen mapa eta Gaztela-Mantxako administrazio publikoetan ustelkeria prebenitzeko gida.

ERAKUNDE ADIERAZPENA

UPV/EHUren kudeaketa lana oinarritu da eta oinarritzen da gardentasunaren, zuzentasunaren, inpartzialtasunaren eta zintzotasunaren printzipioetan. Printzipio horiek oinarrizkoak izan behar dute diru publikoa erabiltzen duten erakunde guztietan. Horixe izan da beti, atzo eta gaur, gure unibertsitatearen jokabidea, eta etorkizunean hala izatea nahi dugu. Hori dela eta, Iruzurraren Aurkako Plan hau egin dugu, UPV/EHUk iruzurraren eta ustelkeriaren kontra erabiltzen duen “zero tolerantziaren” aldeko apustua berresteko.

UPV/EHUk konpromisoa hartzen du kalitatezko kudeaketa lana egiteko eta iruzurren eta irregulartasunen detekzio sistemak ezartzeko bere baliabideen kudeaketan.

Plan honek idatziz azaltzen ditu aspaldi ezarri ziren kontrolak, eta neurri berriak proposatzen ditu, bultzada emateko gure unibertsitateko kideen artean disuasio efektu bat izango duen kultura bati, aurre egiteko edozein motatako iruzur jarduerari. Aldi berean, prozedura berri batzuk garatuko dira iruzurraren eta iruzurrari loturiko delituen ikerketa errazteko, kasu horiei modu eta epe egokietan helduko zaiela bermatze aldera.

Horregatik, unibertsitate hau konprometituta dago arau juridikoak, etikoak eta moralak betetzeko estandar gorenekin eta bat egiten du zuzentasun, objektibotasun eta zintzotasun printzipio zorrotzenekin, unibertsitatearekin harremana duten eragile guztiek iruzur eta ustelkeria mota guztien aurkakotzat har dezaten haren jarduera.

Langile publiko gisa, guztiok engaiatuta gaude printzipio horiekin, baita interes orokorrekin eta ordenamendu juridikoa betetzearekin ere.

IRUZURRAREN AURKAKO NEURRI OROKORRAK

Iruzurraren aurkako neurri orokorrak dira iruzurraren, ustelkeriaren eta interes gatazken prebentzio, detekzio eta zuzenketa multzo bat, unibertsitatearen esparru guztietarako balio dutenak. Hona hemen horietako bakoitzaren xehetasunak.

PREBENTZIO NEURRIAK

Iruzurraren hondar arriskua maila ahalik eta baxuenera murrizteko prebentzio neurriak dira.

Azpimarragarrienak:

  • Iruzurraren prebentzioari loturiko kultura bat garatzea:
    • Zuzentasuna, objektibotasuna, kontuak ematea eta zintzotasuna bezalako balioak sustatzea. HFP/1030/2021 agindua betetze aldera, UPV/EHUk interes gatazkari eta iruzurra eta ustelkeria prebenitzeari buruzko test bat (ikus dokumentu honen I eranskina) erabiliko du erakunde mailan, aldian behin berrikusiko dena.
    • Iruzurraren kontrako kode batek hainbat alderdi hartzen ditu kontuan: interes gatazkak, opariak, konfidentzialtasuna, salaketarako bideak… Horregatik, aintzat harturik aipatutako agindua, Interes Gatazkarik Ezaren Deklarazio bat (ikus dokumentu honen II eranskina) erabiliko du UPV/EHUk bere jardueretan.
  • Prestakuntza eta kontzientziazioa. Maila hierarkiko guztietara zabaldu behar diren prestakuntza ekintzen barruan, bilerak, mintegiak, lantaldeak… daude. Unibertsitatean zuzendaritza karguak dituzten pertsonen betebeharrak izango dira:
    • Konpromiso irmo eta argia adieraztea iruzurraren aurkako borrokarekin, zero tolerantzian oinarritua.
    • Arlo bakoitzaren barnean, planteamendu proaktibo, egituratu, espezifiko eta eraginkor bat garatzea iruzur arriskua kudeatzeko erabakiak hartzeko orduan.
    • Iruzurraren aurkako neurriak hartzea eskumen arloaren barruan, iruzurrari eta ustelkeriari dagokienez haren jarrera argia transmitituko dutenak unibertsitatearen barruan eta kanpoan, plan honekin bat eginik.
  • Eginkizunen eta arduren banaketa argia eta bereizia kudeaketa, kontrol eta ordainketa jardueretan, agerian utziz bereizketa hori modu argi batean.
  • Arriskuak ebaluatzeko mekanismo egokiak erabiltzea hartutako neurri guztietan, iruzurra gertatzeko arrisku handiagoa duten prozesu zatiak identifikatzeko, eta neurri horiek kontrolatzea bereziki honako oinarri honen arabera:
    • Iruzurra gertatzeko arrisku handiago bati lotutako neurriak identifikatzea: hala nola intentsitate altua dutenak, aurrekontu handia, eskatzaileak justifikatu beharreko baldintza asko dituztenak, kontrol korapilatsua dutenak…
    • Interes gatazka posibleak identifikatzea.
    • Barne auditorien edo Herri Kontuen Euskal Epaitegiko kontu ikuskapenen emaitzak.
  • Barne kontrol sistema eraginkorra, ondo diseinatua eta kudeatua, identifikatutako arriskuak modu eraginkorrean murriztea xede izango duten kontrolen bidez.
  • Datuen analisia. Datuak babestearen mugen barruan, datuak gurutzatzea beste erakunde publiko edo pribatu batzuekin, arrisku handiko egoera posibleak detektatzeko funtsak eman aurretik.

DETEKZIO NEURRIAK

Prebentzio neurriek ez dute berez erabateko babesik ematen iruzurraren aurkako borrokan eta, beraz, sistema batzuk behar dira, garaiz detektatzeko prebentzioari itzuri egin diezaioketen iruzurrezko portaerak. Hortaz, iruzurra detektatzeko tresnek barne hartu behar dute:

  • Datu baseak (hala nola Dirulaguntzen Datuen Base Nazionala - BNDS) eta datuen prospekziorako edo arriskuak puntuatzeko (ARACHNE) tresnak erabiltzea.
  • Iruzur adierazleak sortzea (bandera gorriak) eta jakinaren gainean jartzea adierazle horiek detektatzeko moduan dauden langileak.
  • Mekanismo argiak eta egokiak ezartzea iruzur susmoak dituzten pertsonek susmo horien berri eman dezaten.

Neurri horiek osatzeko, Salaketen kanal bat sortuko da, Iruzurraren Aurkako Batzordeak ikertzeko modukoak diren gertakizunen berri emateko edo salatzeko, unibertsitate barrutik edo kanpotik, modu guztiz anonimo eta konfidentzial batean. Salatutako gertakizunak modu ahalik eta zehatzenean azaldu beharko dira, ikerketan lagun dezaketen froga dokumentu guztiak aurkeztuta.

ZUZENKETA NEURRIAK

Iruzur posible bat detektatzeak, edo susmo sendoa izateak, berekin ekarriko du berehala etetea prozedura, horren berri ematea epe ahalik eta laburrenean agintariei eta dagozkion ekinbideak martxan jarri behar dituzten organoei, eta iruzurrak barne hartu ahal izan dituen proiektu guztiak berrikustea. Hala, arlo bakoitzeko lantaldeek egoera aztertuko dute, gauza puntual bat edo sistematikoa den ikusteko. Era berean, beren ustez hartu behar diren neurriak proposatuko dizkiote Iruzurraren Aurkako Batzordeari, gertaerak errepika ez daitezen.

Hori horrela, Hobekuntzen kanal bat zabalduko da, neurri edo kontrol berriak proposatzeko, gure kudeaketa sistema osoaren fidagarritasuna areagotze aldera. Iruzurraren Aurkako Batzordea arduratuko da hobekuntza proposamenak jasotzeaz eta aztertzeaz.

JAZARTZE NEURRIAK

Aurreko neurriei gehitu behar zaizkie iruzurra jazartzekoak (iruzurra gertatu denean).

Hala, tramite hauek egingo dira ahalik eta lasterren:

  • Gertakizunen eta hartutako neurrien berri ematea kontrol agintariari.
  • Martxan jartzea barne prozedura bat erantzukizunak argitzeko eta, hala badagokio, diziplina espediente bat irekitzeko.
  • Gertakizun zigorgarriak salatzea eskumena duten agintari publikoen aurrean.

IRUZURRAREN AURKAKO NEURRI ESPEZIFIKOAK

Iruzurraren aurkako neurri espezifikoak oinarritzen dira nagusiki iruzurraren aurkako neurri orokorrak aplikatzean eta garatzean unibertsitatearen eremu bakoitzean.

Xede hori betetzeko, unibertsitatearen arlo nagusien Arriskuen Mapa eta Ebaluazioa egin behar da, iruzurra sor dezaketen irregulartasun posibleak zehazteko eremu bakoitzean.

Unibertsitatearen arlo nagusien Arriskuen Mapa eta Ebaluazioa

Mapa horretan jaso beharrekoak dira:

  • Arriskuen Mapa eta Ebaluazioa unibertsitatearen zer eremutan den beharrezkoa erabakitzea.
  • Lantalde bat aukeratzea arlo bakoitzean. Pertsona horiek, beren ezagutzei eta esperientziari esker, arduratuko dira arrisku egoerak aztertzeaz eta detektatutako arriskuak arintzeko kontrolak eta neurriak zehazteaz.
  • Arriskuak ebaluatzeko metodologia probatu eta baliozkotu bat erabiltzea. Arriskuen ebaluazioak balio du kontrol eraginkorrak diseinatzeko, lan burokratikoa handitzen duten alferrikako kontrolak saihesteko, eta erakundeak izan ditzakeen arazo larriagoetarako prestakuntza egoki bat egiteko. Azken batean, arriskuak analizatu ezean, ezin da erakunde publiko zehatz bati egokitutako prebentzio neurri eraginkorrik hartu.

Hasteko, 5 arrisku eremu nagusi proposatzen dira Arriskuen Mapa egiteko. Eremu bakoitzerako, Excel orri bat sortu da, laguntza tresna gisa, informazioa zutabetan antolatuta, arlo bakoitzeko lantaldeak bete beharko duena. Bost eremu nagusiak dira:

  • Kontratazio Publikoaren kudeaketa
  • Irakaskuntzaren kudeaketa
  • Ikerketaren kudeaketa
  • Kudeaketa ekonomikoa
  • Langileen kudeaketa

Bost eremu handi horien arriskuen eta ebaluazioren mapa eta metodologia dokumentu honen III eranskinean daude.

IRUZURRAREN AURKAKO BATZORDEA

Iruzurraren Aurkako Batzordearen eginkizunak izango dira plan hau martxan jartzea, hartutako neurriak betetzen direla zaintzea eta arrisku arlo bakoitzeko lantaldeen lanak koordinatzea.

Batzordeko kideak izango dira: zerbitzuen ikuskapena zuzentzen duen pertsona (batzordeburua izango da), barne kontroleko zerbitzuaren arduraduna (batzordeko idazkaria), batzorde etikoaren arduraduna, antolakuntza akademikoaren koordinatzailea, Ikerketaren arloko Errektoreordetzan kontrol ekonomikoaz arduratzen den pertsona, eta Gobernu Kontseiluko batzorde ekonomikoak izendatutako bi pertsona.

Iruzurraren Aurkako Batzordeak UPV/EHUko beste batzordeen funtzionamendu orokor berbera izango du. 6 hilabete izango ditu erregelamendu bat egiteko, Gobernu Kontseiluak onartu beharko duena.

I. ERANSKINA

INTERES GATAZKARI ETA IRUZURRA ETA USTELKERIA PREBENITZEARI BURUZKO TESTA

Galdera

Betetze maila   

4 3 2 1
1. Badago <<Iruzurraren aurkako neurrien plan>> bat, aukera ematen diona erakunde betearazleari edo erakunde erabakitzaileari bermatzeko eta adierazteko bere jardun eremuan funtsak erabili direla aplikagarriak diren arauen arabera, iruzurra, ustelkeria eta interes gatazkak prebenitzeari, detektatzeari eta zuzentzeari dagokienez zehazki?        
2. Exekuzio maila guztietan erabiltzen da dagokion <<Iruzurraren aurkako neurrien plana>>?        
Prebentzioa        
3. Badago iruzurraren aurka borrokatzeko konpromisoa jasotzen duen maila goreneko adierazpenik?        
4. Egiten da autoebaluaziorik arrisku zehatzak identifikatu eta haien inpaktua eta probabilitatea zehazteko? Aldian behin berrikusten da?        
5. Badago kode etikorik eta ematen da oparien politikari buruzko informaziorik?        
6. Ematen da iruzurra detektatzen lagunduko duen Etika Publikoari buruzko prestakuntzarik?        
7. Badago interes gatazketan erabiltzeko prozedurarik?        
8. Betetzen dute esku hartzaile guztiek interes gatazkarik  ezaren adierazpena?        
Detekzioa        
9. Zehaztu da iruzur adierazlerik edo alerta zeinurik (bandera gorriak) eta jakinaren gainean jarri dira adierazle horiek detektatzeko moduan dauden langileak?        
10. Erabiltzen da datuen prospekziorako edo arriskuak puntuatzeko tresnarik?        
11. Badago biderik edozein pertsonak salaketa aurkezteko?        
12. Badago salaketak aztertu eta neurriak proposatuko dituen Unitaterik?        
Zuzenketa        
13. Ebaluatzen da iruzurra eta sistemiko edo puntual gisa sailkatzen da?        
14. Eteten dira iruzur pean dauden proiektuak edo haien zatiak, MRRk finantzatutakoak edo finantzatu behar dituenak?        
Jazartzea        
15. Jakinarazten zaizkio gertatutakoa eta hartutako neurriak erakunde betearazleari, erakunde erabakitzaileari edo agintari arduradunari, dagokionaren arabera?        
16. Salatzen dira gertakizun zigorgarriak Estatuko edo Europar Batasuneko Agintari Publikoen aurrean edo fiskaltzaren eta eskumendun auzitegien aurrean?        

Puntuak, guztizko partziala

       

Puntuak, guztira

 

Gehieneko puntuazioa

64

II. ERANSKINA

INTERES GATAZKARIK EZAREN ADIERAZPEN EREDUA

Espedientea:

Kontratua/dirulaguntza.

Goian aipatutako kontratazio/dirulaguntza prozeduran inpartzialtasuna bermatzeko, honako hau adierazten du/dute espedientearen prestaketan eta tramitazioan parte hartu duen/duten eta behean sinatzen duen pertsonak/pertsonek:

Lehenengoa. Honako honen berri baduela/badutela:

  1. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren uztailaren 18ko 2018/1046 Erregelamenduaren (EB, Euratom) (EBren finantza erregelamendua) 61.3 artikuluak ("interes gatazka") honako hau dio: "interes gatazka sortuko da arriskuan jartzen direnean eginkizunen inpartzialtasuna eta objektibotasuna, hainbat jatorritako arrazoiengatik: familia arrazoiak, afektiboak, kidetasun politikoa edo nazionala, interes ekonomikoa edo interes pertsonalei lotutako edozein zuzeneko edo zeharkako arrazoi."
  2. Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 64. artikuluaren ("ustelkeriaren aurkako borroka eta interes gatazken prebentzioa") helburuak dira lehia ez desitxuratzea, prozeduraren gardentasuna bermatzea eta hautagai eta lizitatzaile guztien tratu berdintasuna bermatzea.
  3. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluak ("abstenitzea") ezartzen duenez: "prozeduran esku hartzetik abstenituko dira administrazioetako agintari edo langileak, hurrengo zenbakian aipaturiko egoeretakoren batean daudenean:

a) Interes pertsonala izatea aztertuko den gaian edo besteren batean, baldin eta azken horren ebazpenak lehenari eragin badiezaioke; sozietate edo entitate interesdunen bateko administratzaile izatea, edo interesdunen batekin ebatzi gabeko auziren bat izatea.

b) Ezkontza lotura edo antzeko egitatezko egoera izatea, eta ahaidetasuna izatea, laugarren gradurainoko odolkidetasunezkoa edo bigarren gradurainoko ezkontza ahaidetasunezkoa, interesdunetako edozeinekin, entitate edo sozietate interesdunen bateko administratzaileekin, bai eta prozeduran esku hartzen duten aholkulari, legezko ordezkari edo mandatariekin ere, edo haien bulego berekoa izatea edo haiekin elkartuta egotea aholkularitza, ordezkaritza edo mandataritzarako.

c) Aurreko letran aipaturiko pertsonetakoren batekin adiskidetasun mina edo ikusiezin nabarmena izatea.

d) Dagokion prozeduran aditu edo lekuko gisa parte hartua izatea.

e) Gaian zuzeneko interesa duen pertsona fisiko edo juridikoren batekin zerbitzu harremana izatea edo pertsona horri, azken bi urteetan, zerbitzu profesionalak eskainiizana, edozein motatakoak eta edozein baldintza eta tokitan."

Bigarrena. Ez dago/daude EBren Finantza Erregelamenduaren 61.3 artikuluaren arabera interes gatazkatzat jo daitekeen ezein egoeratan, ezta lizitazio/emakida prozedurari eragin diezaiokeen Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23.2 artikuluko ezein abstentzio kausatan ere.

Hirugarrena. Konpromisoa hartzen du/dute berehala jakinarazteko kontratazio organoari/ebaluazio batzordeari edozein interes gatazka edo abstentzio kausa, egoera hori sortzen duena edo sor dezakeena.

Laugarrena. Badakit interes gatazkarik ezaren adierazpenak, faltsua dela frogatzen bada, ondorioak izango dituela, aplikatu beharreko araudiak ezartzen dituen diziplina/administrazio/lege ondorioak.

 

(Data eta sinadura, izen-abizenak eta NAN)

III. ERANSKINA

UPV/EHUren BOST ARLO NAGUSIEN ARRISKUEN MAPA ETA EBALUAZIOA

Metodologia

  • Arrisku gordina
  • Kontrol aringarriak
  • Arrisku garbia
  • Ezarri beharreko neurri berriak
  • Arrisku objektiboa

Arrisku eremuak

  • Kontratazio publikoaren kudeaketa
  • Irakaskuntza
  • Ikerketaren kudeaketa
  • Kudeaketa ekonomikoa
  • Pertsonalaren kudeaketa

METODOLOGIA

Irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduak (Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Plana kudeatzeko sistema eratzen duena) honako hau dio III.C eranskinean: "Iruzurraren arriskuaren ebaluazioa eta iruzurraren aurkako neurri eraginkor eta proportzionatuak (DG REGIO) EGESIF 14-0021-00, 2014/06/16 (Guidance Note on fraud risk assessment for 2014-2020)" izeneko dokumentua lagungarri izan daiteke iruzurraren aurkako neurriak definitzeko eta praktikan jartzeko.

Ogasun Ministerioaren jarraibide horiek gure eginez, UPV/EHUk dokumentu horretan aplikatutako metodologia erabiliko du arriskuak ebaluatzeko.

Arriskuak ebaluatzeko metodologia zehaztu eta azaldu aurretik, gogoratu behar da ezinbestekoa dela lantalde bat osatzea aztertu beharreko eremu edo arlo bakoitzean, iruzurraren aurkako neurri espezifikoen oinarria den zati hau garatu ahal izateko. Talde horretan izango dira zuzendaritzako eta kudeaketako langileak, eta arduratuko dira arlo bakoitzeko arrisku egoerak zehazteaz, osatzeaz eta ebaluatzeaz.

AUTOEBALUAZIO TRESNA ERABILTZEKO JARRAIBIDEAK

Hona hemen gure arrisku ebaluazioa osatzen duten puntuazio eta balorazio eremuak eta prozedurak.

1. ARRISKUA DESKRIBATZEA

Lantaldearen lana errazteko, arrisku batzuk zehaztu dira tresnan. Lantaldeak ebaluatu behar dituen arriskuak dira. Dena dela, beste arrisku batzuk identifikatuko balira, aurrekoei gehituko litzaizkieke.

Zutabearen izenburua Orientabideak
EREMUA Zutabe honetan, hurrengo zutabean azaldutako arrisku egoerari loturiko eremuaren deskribapen txiki bat egiten da, aztertutako arloaren barruan.
ARRISKUEN EGOERA Lauki hau bete behar da detektatu diren arrisku berriekin. Komeni da deskribatutako arrisku egoerari buruzko azalpen oso bat ematea, eremutik kanpoko pertsonek argi eta zalantzarik gabe uler dezaten.

 

2. AUTOEBALUAZIOAREN FUNTSEZKO BOST URRATSAK

ARRISKU GORDINA

Arrisku gordina da egun dauden edo etorkizunean aurreikusitako kontrolen eragina kontuan hartzen ez duen arrisku maila. Arriskuaren kuantifikazioa honako hau da funtsean: arriskuaren «probabilitatea» balioestearen (zer neurritaraino gerta daitekeen) eta haren «inpaktuaren» (zer ondorio izan ditzakeen) arteko konbinazioa, finantza ikuspegitik eta finantzaz kanpoko ikuspegitik. Ebaluazioaren koherentzia ziurtatzeko, denbora muga bat ezarri behar da arriskuaren probabilitatea zehaztean, kasu honetan lau urteko programazio aldia izan daitekeena.

Zutabearen izenburua Orientabideak
Arriskuaren (GORDINA) inpaktua Ebaluazio taldeak 1etik 4ra bitarteko puntuazio bat hautatu behar du menu zabalgarrian, arriskuak gauzatuz gero izan dezakeen inpaktua ebaluatzeko, honako irizpide hauen arabera:
  Ospean Helburuetan
1 Inpaktu mugatua Beste prozesu batzuk atzeratzea dakarren lan gehigarri bat
2 Inpaktu ertaina Helburu operatiboa betetzea atzeratzen da
3 Inpaktu esanguratsua (adibidez, iruzurra bereziki larria delako edo onuradun bat baino gehiago dagoelako) Arriskuan jartzen da helburu operatiboa betetzea edo atzeratu egiten da helburu estrategikoa lortzea
4 Alde interesdunen ikerketa ofiziala (adibidez, legebiltzarra) edo pertzepzio negatiboa hedabideetan. Arriskuan jartzen da helburu estrategikoa betetzea.

 

Arriskuaren (GORDINA) probabilitatea Ebaluazio taldeak 1etik 4ra bitarteko puntuazio bat hautatu behar du menu zabalgarrian, arriskua programazioaren zazpi urteetan gauzatzeko probabilitatea adierazteko, honako irizpide hauen arabera:
  1 Oso kasu gutxitan gertatuko da
2 Noizbait gerta daiteke
3 Litekeena da gertatzea
4 Maiz gertatuko da

 

Arriskuaren (GORDINA) puntuazioa guztira Lauki hau automatikoki kalkulatzen da, arriskuaren inpaktu eta probabilitate balioetatik abiatuta. Arriskuak sailkatzen dira guztizko puntuazioaren arabera:
  • 1etik 3ra: onargarria (horia)
  • 4tik 6ra: adierazgarria (laranja)
  • 8tik 16ra: larria (gorria)

 

EGUNGO KONTROL ARINGARRIAK

Ebaluazio taldeak aztertuko ditu deskribatutako arrisku egoerak, eta horietako bakoitzarentzat egun dauden kontrolak aipatuko ditu. Gainera, ebaluatu egingo du zer neurritan murrizten dituzten kontrol horiek arriskuaren inpaktua eta probabilitatea, identifikatu diren arriskuei aurre egiteko.

Zutabearen izenburua Orientabideak
Egungo kontrolen deskribapena Lauki honetan aipatzen dira arrisku egoera bakoitzarentzat egun dauden kontrolak.
Zer konfiantza maila sortzen du kontrol honen eraginkortasunak? Ebaluazio taldeak adierazi behar du zer konfiantza maila sortzen dion kontrolak arriskua murrizteko duen eraginkortasunak, honako probabilitate hauen artean: (Handia, Nahikoa, Hobe daitekeena, Eskasa)
Kontrolen konbinazioaren eragina arriskuaren INPAKTUAN, kontuan izanik eraginkortasunaren konfiantza maila. Ebaluazio taldeak -1etik -4ra bitarteko puntuazio bat hautatu behar du menu zabalgarrian, adieraziz zer neurritaraino uste duen murriztu dela arriskuaren inpaktua egun indarrean dauden kontrolen bidez. Iruzurra detektatzen duten kontrolek haren inpaktua murrizten dute, barne kontrolerako mekanismoek funtzionatzen dutela erakusten baitute.
Kontrolen konbinazioaren eragina arriskuaren PROBABILITATEAN, kontuan izanik eraginkortasunaren konfiantza maila. Ebaluazio taldeak -1etik -4ra bitarteko puntuazio bat hautatu behar du menu zabalgarrian, adieraziz zer neurritaraino uste duen murriztu dela arriskuaren probabilitatea egun indarrean dauden kontrolen bidez. Iruzurra detektatzen duten kontrolek zeharka murrizten dute soilik iruzurra gertatzeko probabilitatea.

 

ARRISKU GARBIA

Arrisku garbia da egun dauden kontrolen eragina eta haien eraginkortasuna kontuan hartzen dituen arrisku maila (hau da, ebaluazio egiteko uneko egoera).

Zutabearen izenburua Orientabideak
Arriskuaren (GARBIA) inpaktua Lauki hau automatikoki kalkulatzen da, arrisku GORDINAREN inpaktua murrizteko egungo kontrolen konbinazioaren eragina kenduta. Emaitza berrikusi egin behar da, kontuan izanik honako irizpide hauek, balorazioa zuzena dela berresteko:
Ospean Helburuetan
  1 Inpaktu mugatua Beste prozesu batzuk atzeratzea dakarren lan gehigarri bat
2 Inpaktu ertaina Helburu operatiboa betetzea atzeratzen da
3 Inpaktu esanguratsua (adibidez, iruzurra bereziki larria delako edo onuradun bat baino gehiago dagoelako) Arriskuan jartzen da helburu operatiboa betetzea edo atzeratu egiten da helburu estrategikoa lortzea
4 Alde interesdunen ikerketa ofiziala (adibidez, legebiltzarra) edo pertzepzio negatiboa hedabideetan. Arriskuan jartzen da helburu estrategikoa betetzea.
Arriskuaren (GARBIA) probabilitatea Lauki hau automatikoki kalkulatzen da, arrisku GORDINAREN probabilitatea murrizteko egungo kontrolen konbinazioaren eragina kenduta. Emaitza berrikusi egin behar da, kontuan izanik honako irizpide hauek, balorazioa zuzena dela berresteko:
  1 Oso kasu gutxitan gertatuko da
  2 Noizbait gerta daiteke
  3 Litekeena da gertatzea
  4 Maiz gertatuko da
Arriskuaren (GARBIA) puntuazioa guztira Lauki hau automatikoki kalkulatzen da, arriskuaren inpaktu eta probabilitate balioetatik abiatuta. Arriskuak sailkatzen dira guztizko puntuazioaren arabera:
  • 1etik 3ra: onargarria (horia)
  • 4tik 6ra: esanguratsua (laranja)
  • 8tik 16ra: larria (gorria)

IRUZURRAREN AURKAKO NEURRI ERAGINKORRAK ETA PROPORTZIONATUAK MARTXAN JARTZEKO EKINTZA PLANA

Zutabearen izenburua Orientabideak
Neurri espezifiko berria Zehatz deskribatu beha dira iruzurrari aurre egiteko aurreikusita dauden kontrolak edo neurriak.
Arduraduna Aurreikusitako edozein kontrol neurri ezartzeaz arduratuko den pertsonaren izena idatzi behar da (edo haren lanpostua). Pertsona horrek ardura onartu behar du, eta kontuak eman neurriaren ezarpenaz eta haren eraginkortasunaz.
Neurri ezarpenaren mugaeguna Kontrol berria egiteko mugaeguna adierazi behar da. Arduradunak mugaeguna onartu behar du, eta kontuak eman kontrol berriaren ezarpenaz, data horren aurretik.
Aurreikusitako kontrol gehigarrien eragin konbinatua arriskuaren INPAKTU GARBIAREN gainean. Ebaluazio taldeak -1etik -4ra bitarteko puntuazio bat hautatu behar du menu zabalgarrian, adieraziz zer neurritaraino uste duen murriztuko dela arrisku garbiaren inpaktua aurreikusitako kontrolen bidez.
Aurreikusitako kontrol gehigarrien eragin konbinatua arriskuaren PROBABILITATE GARBIAREN gainean. Ebaluazio taldeak -1etik -4ra bitarteko puntuazio bat hautatu behar du menu zabalgarrian, adieraziz zer neurritaraino uste duen murriztuko dela arrisku garbiaren probabilitatea egun indarrean dauden kontrolen bidez.

 

ARRISKU OBJEKTIBOA

Arrisku objektiboa da egun dauden edo etorkizunean aurreikusitako kontrolen eragina kontuan hartzen duen arrisku maila.

Zutabearen izenburua Orientabideak
Arriskuaren (OBJEKTIBOA) inpaktua Lauki hau automatikoki kalkulatzen da, arrisku GARBIAREN inpaktua murrizteko aurreikusitako kontrolen konbinazioaren eragina kenduta. Emaitza berrikusi egin behar da, kontuan izanik honako irizpide hauek, balorazioa zuzena dela berresteko:
  Ospean Helburuetan
1 Inpaktu mugatua Beste prozesu batzuk atzeratzea dakarren lan gehigarri bat
2 Inpaktu ertaina Helburu operatiboa betetzea atzeratzen da
3 Inpaktu esanguratsua (adibidez, iruzurra bereziki larria delako edo onuradun bat baino gehiago dagoelako) Arriskuan jartzen da helburu operatiboa betetzea edo atzeratu egiten da helburu estrategikoa lortzea
4 Alde interesdunen ikerketa ofiziala (adibidez, legebiltzarra) edo pertzepzio negatiboa hedabideetan. Arriskuan jartzen da helburu estrategikoa betetzea.
Arriskuaren (OBJEKTIBOA) probabilitatea Lauki hau automatikoki kalkulatzen da, arrisku GORDINAREN probabilitatea murrizteko aurreikusitako kontrolen konbinazioaren eragina kenduta. Emaitza berrikusi egin behar da, kontuan izanik honako irizpide hauek, balorazioa zuzena dela berresteko:
  1 Oso kasu gutxitan gertatuko da
  2 Noizbait gerta daiteke
  3 Litekeena da gertatzea
  4 Maiz gertatuko da
Arriskuaren (OBJEKTIBOA) puntuazioa guztira Lauki hau automatikoki kalkulatzen da, arriskuaren inpaktu eta probabilitate balioetatik abiatuta. Arriskuak sailkatzen dira guztizko puntuazioaren arabera:
  • 1etik 3ra: onargarria (horia)
  • 4tik 6ra: esanguratsua (laranja)
  • 8tik 16ra: larria (gorria)