ETIKA KODEA

UNIVERSIDAD DEL PAÍS VASCO / EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEAREN KODE ETIKOA

ZIOEN AZALPENA

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea (aurrerantzean UPV/EHU) zuzenbide publikoko erakundea da, gizartearen zerbitzura dagoena. Erakunde autonomiaduna da, nortasun eta ahalmen juridikoak dauzkana, bai eta ondare propioa ere. Goi mailako irakaskuntza eskaintzen du, bere eskumenen eremuan, honako hauen bitartez: irakaskuntza, ikerketa, ikasketa, kultura eta unibertsitate hedakuntza, eta bere jardueren oinarri diren kudeaketa prozesuak eta zerbitzuak. UPV/EHUk bere gain hartzen du zerbitzu horien kalitatea eta bikaintasuna bermatzeko konpromisoa.

Bere jardunaz, euskal gizartearen premiei erantzungo die, bai eta historiak eta aldaketa sozioekonomiko, politiko, artistiko eta kulturalek ekarritakoei ere. Kultura eta zientzia unibertsalaren jakintza ere zabalduko du gizartean, eta euskara eta euskal kultura bultzatuko ditu bereziki. Era berean, jasangarritasunerako irizpideei jarraiki eramango ditu aurrera eguneroko zereginak. (UPV/EHUren estatutuak, I. titulua).

Euskal Herriko Unibertsitatearen Kode Etikoa (aurrerantzean, KE-UPV/EHU) bi helburu nagusirekin sortu da:

  1. Erreferentzia izatea unibertsitateko kide guztientzat, komunitate hau osatzen dugun pertsonen jarduera guztietan jokabide printzipio gorenak sustatuz, gardentasun maila handiagoa lortu eta interes komunak hobeto babestuko badira. Hori guztia unibertsitate bikaintasuna eta erakunde horren ahal denik eta gizarte-aintzatespenik gorena lortzeko helburuaz.
  2. Unibertsitatearen arautegi espezifikoaren berri ematea eta unibertsitatearen erabakiak hartzeko lagungarri izatea. Unibertsitate komunitateko pertsonen askatasuna eta bizikidetza errazteko eta erakunde horren balioak eta filosofia ezagutarazteko tresna izatea.

KE-UPV/EHUk arlo instituzional zein banakakorako jarrerak eta jokabideak sustatzen ditu, unibertsitate komunitatea osatzen dugun pertsonen etika eta integritatea ardatz eta oinarri hartuta, pertsonoi aplikatu beharrekoa izanik. Jarduera parametro batzuk ezartzen ditu horretarako, batzuetan, indarreko arautegiaz harago joan daitezkeelarik. Hain zuzen ere, UPV/EHUren erantzukizun soziala legezkotasuna betetzetik harago doa, konpromiso sendoa hartzen baitu kode horren balioak, beren hedapena eta gardentasuna sustatzeko eta bere jardueretan aplikatzeko.

UPV/EHUren ospea eta izen ona, erakunde guztietan bezala, bat etorri ohi da bertako profesionalen eta unibertsitate-komunitatea osatzen dugun pertsonen integritatearekin, gu baikara, gure portaerarekin, Unibertsitatearen praktika gauzatzen dugunak.

KE-UPV/EHUk ezartzen du unibertsitate komunitateak ahal duen guztia egin behar duela gurekin harremanetan daudenek eta, bereziki, harreman egonkorra, iraunkorra edo ohikoa dutenek ezagut ditzaten geure jarduna artatzen dituzten kodea eta jokabide irizpideak. Harremanen kalitaterako positiboa besterik ezin izan baitaiteke, unibertsitate jarduera babestu eta bultzatzeko eta UPV/EHUren ospea eta izen ona sendotzeko.

Kode hau betez, unibertsitate hau osatzen dugunok geure konpromisoa adierazten dugu erakundearen izen, ospe eta irudi onarekin, bai eta geuk egindako jarduera guztiak oro erantzukizun sozialeko irizpideekin bat etor daitezen ere. Erantzukizunez jokatzea, kalitatezko konpromiso integral gisa ulertuta, arretarako konpromiso gisa eta interes talde guztiei ahalik eta baliorik handiena eta orekatuena emateko konpromiso gisa, beren itxaropenei ahalik eta erantzunik onena ematen saiatuz eta entzunez, legezkotasuna zorrotz errespetatuz, integritate eta gardentasun maila zorrotzekin. Jardueraren dimentsio guztiak (legala, ekonomikoa, gizatiarra, soziala eta ingurumenekoa) kontuan hartzen dituen konpromisoa da, jarduera guztietan bikaintasuna lortzeko helburuarekin identifikatuta. Konpromiso hori guztiz bat dator Euskal Herriko Unibertsitatearen 2022-2025 plan estrategikoan zehaztutako misioarekin eta ikuspegiarekin.

I. ATALA. KONTSIDERAZIO OROKORRAK

Izaera

KE-UPV/EHUk ez du izaera arauemailea, bere helburua izanik unibertsitate komunitatea osatzen dugun eta unibertsitarioekin harremanik izan ohi duten pertsona guztien jokabidearen eredu izatea.

KE-UPV/EHUri esker interpretatu ahal izango dira UPV/EHUren funtzionamendurako indarrean dauden barne arauak eta, era berean, kodearen beraren printzipioek ondoren letorkeen edozein arau garapenen iturri izan beharko dute.

KE-UPV/EHUk ez du aldatzen UPV/EHUk bere profesionalekin duen lan edo funtzionario  harremana, ez eskubiderik ez kontratu-loturarik sortzen ez duelarik.

Aplikazio eremua

KE-UPV/EHU izango da UPV/EHUko unibertsitate-komunitatea osatzen dugun kolektiboetako pertsona guztien jokabidearen iturri eta unibertsitatean garatzen den edozein jardueratan aplikatuko da.

Zehatzago, KE-UPV/EHU kontuan hartuko da bertako ikastegi, sail, administrazio zerbitzu, gobernu organo eta talde guztietako langileen jardunetan, bai eta unibertsitatearen nortasun juridikorik gabeko beste egitura batzuenetan ere. Era berean, ardura hartuko da unibertsitatearen fundazioei, ikastegi elkartuei, hornitzaileei eta kanpoko laguntzaileei lotutako langileek ere ezagutu eta aplika dezaten.

II. ATALA. UNIVERSIDAD DEL PAÍS VASCO / EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEAREN BALIOAK

Komunitateak eta unibertsitate jarduerak, bere adierazpen guztietan eta sektoreetan, ondoren zerrendatutako oinarrizko balio edo printzipio hauei eutsi beharko diete, nork bere jardunean edo portaeran, nor bere dimentsioa eta xedeak kontuan hartuta, hots: berdintasuna, askatasuna, egia, errespetua eta iraunkortasuna.

Berdintasuna: Geure jarduera eta erabakietan, unibertsitate komunitatea osatzen dugunok eta UPV/EHUko gobernuak zaindu behar dugu pertsonen arteko benetako berdintasuna eta edozein egoera edo zirkunstantzia pertsonal edo sozialengatik diskriminatzea saihestu.

Askatasuna: Geure jarduera eta erabakietan, unibertsitate komunitatea osatzen dugunok eta UPV/EHUko gobernuak sustatu eta babestu behar dugu pentsamendu, iritzi eta adierazpen askatasuna eta erraztu unibertsitate zereginetan jarduteko askatasuna.

Egia: Geure jarduera eta erabakietan, UPV/EHUko unibertsitate komunitatea eta gobernua osatzen dugunok egiaz jokatu behar dugu, faltsutasuna, engainua eta informazio garrantzitsuaren omisioa saihestuz, eta horrek esan nahi du, halaber, esparru akademikoan, zientifikoan eta gestioan integritatea eta gardentasuna sustatu eta babestu behar ditugula.

Errespetua: Geure erabakietan eta ekintzetan, UPV/EHUko unibertsitate komunitatea eta gobernua osatzen dugun pertsonok errespetuz jokatu behar dugu beti, hau da, tolerantziaz eta begirunez jokatu behar dugu pertsona guztiekiko (nork bere ideia, sinesmen, ikuspegi eta harremanak izateko eta lankidetzan aritzeko modu desberdinak dituela), kalte fisiko edo psikikorik eragin ez dadin.

Horrek berariaz dakartza arreta, zaintza, entzute aktiboa eta kritikoa sustatzea eta, beti, hitza eta argudioak beste ezer ez erabiltzea, indarkeria, mehatxua edo derrigortzea saihestuz.

Iraunkortasuna: Geure jarduera eta erabakietan, unibertsitate komunitatea eta UPV/EHUko gobernua osatzen dugunok sustatu eta babestu behar dugu gizartearen, ekonomiaren eta ingurumenaren iraunkortasuna, eta eremu horietan eragin litekeen kaltea saihestu, bai berehalakoa bada, bai ondorioak epe ertain edo luzean ager badaitezke ere.

Horretarako, berariaz sustatu behar dira garapen iraunkorreko helburuak, trantsizio ekologikoa, ondarearen babesa eta baliabideen kudeaketa, eraginkortasun, efizientzia, austeritate eta gastuaren arrazionalizazio irizpideekin bat etorrita.

III. ATALA. EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEKO PERTSONENTZAKO JOKABIDE IRIZPIDEAK

Irakaskuntzaren, ikerkuntzaren eta gestioaren arloetan

KE-UPV/EHU orientabide gisa erabiliko da unibertsitate komunitatearen beraren barruko bizikidetzan, unibertsitatearen eta beste eragile batzuen arteko harremanetan eta kide bakoitzaren erantzukizunetan, izan ikasle, izan teknikari, izan kudeatzaile, izan administrazio eta zerbitzuetako, izan irakasle eta ikertzaile. Unibertsitateko arlo guztiak (irakaskuntza eta ikasketa; ikerketa eta garapen zientifikoa, kulturala, artistikoa eta teknikoa; kudeaketa; jakintzaren transferentzia; eta herritarrekiko, gizarte erakundeekiko, enpresarekiko eta administrazio publikoarekiko harremanak) balio horien argitara aztertu behar dira, UPV/EHUko kide guztiek oro zein bere jardunaren betekizunean sustatu eta babestu behar dituztenak.

UPV/EHU osatzen dugun guztiok irakaskuntza parte hartzailea, kritikoa eta kalitatezkoa defendatuko dugu, non ikasleen kolektiboa aktiboa izango den hezkuntza prozesuaren barruan, hezkuntza arautuan zein arautu gabean. Ikasleen prestakuntza beharrak unibertsitate jardueraren erdigunea dira eta, hortaz, lehentasunez artatu beharrekoa, jakintzari eta garapen pertsonalari ahal denik eta ekarpen handienak xede. Harreman honek konfiantza behar du sortu, baina elkarren zurruntasun eta exijentzian oinarrituta.

Era berean, ikasleek, UPV/EHUn matrikulatze hutsagatik, honako KE-UPV/EHU honen balioak hartuko dituzte aintzat, edozein arlotan ari direla. Ikasleek arreta bereziki handiz jardun beharko dute honako alderdi hauetan:

  • Gain hartuko dute jakintza bere egiteko edo ebaluazio probak behar bezala burutzeko egin beharreko ahalegin pertsonala, kopiatu, plagiatu edo, zintzotasunaz eta ahaleginaz batera ezin daitezkeen bitartekoak edo estrategiak baliatu gabe.
  • Behar bezala eta arduraz baliatzea, UPV/EHUk beren eskura jarritako baliabideak.

Ikerkuntza ezin bana daiteke unibertsitate lanetik eta eginkizun nagusienetakoa ere bada, gizarteak dauzkan eskaerei eta premietara bideratuta, askatasuna, gardentasuna eta etikaren irizpideek gidatuta. Bereziki, ikertzaileek zorroztasun zientifikoarekin eta zintzotasunaren, esfortzuaren aintzatespenaren eta lankidetzaren printzipioekin bat etorrita egingo dute lan, beste inoren jakintza modu irregularrean plagiatu eta baliatu gabe.

Unibertsitate komunitatean

Unibertsitate hau osatzen dugun pertsonok ingurune seguru eta osasungarria sustatuko dugu UPV/EHUko langile, ikasle, hornitzaile, kontratista, laguntzaile eta bisitarientzat. Honen ildotik, konpromisoa hartzen dugu, indarreko lege xedapenak betetzeaz harago, jardunbide egokiak har daitezela sustatuz eta, unibertsitate komunitatea osatzen dugun guztioi eskatuz ahalik eta arreta handiena jar dezagula helburu hori betetzen dela bermatuko badugu.

Bereziki, ahaleginduko gara ingurunearen segurtasuna eta osasungarritasuna hobetzen, istripuak prebenitzearren, honelakorik gertatuz gero arduraz jokatu ahal izateko, ingurumena errespetatu eta babestearren eta baliabide naturalen erabilera eraginkortasunez kudeatzearren.

Eskakizun honek barne hartuko du lanbide giroa sendotzeko konpromisoa, konfiantza giroa, informazio gardentasuna eta komunikazio arina, talde lana bultzatzea eta sormena eta erantzukizuna sustatzea ardatz hartuta.

UPV/EHUko kide garenok, hartutako konpromisoen elkarrekikotasunaren eta balio partekatua sortzearen ikuspegitik ulertzen dugu unibertsitatean lan egiten dugun profesionalen arteko harremana, geure eginkizuna behar bezala betetzeko behar diren baliabideak eskainiz. Horregatik, adierazi nahi dugu profesionalekiko harremanetan asmoa dugula lehentasun hauek ezartzeko: ahalik eta lan girorik onena lortzea; kontratu baldintzak errespetatzea; inolako arrazoirengatik ez diskriminatzea (etnia, nazioa, erlijioa, ideologia, generoa, sexu aniztasuna dela); aukera berdintasuna, desgaitasunen bat duten pertsonei arreta berezia eskainita; merezimendua eta emaitzak baloratzea; komunikazio eta elkarrizketa bide gardenak, irekiak eta parte hartzaileak ezartzea; irizpide gardenak eta objektiboak praktikan jartzea hautaketan; prestakuntzari garrantzi erabakigarria ematea; laneko osasun eta segurtasun sistemak garatzea; lana eta bizitza pertsonala uztartzeko bideak sendotzea; eta giza eskubideen eta langileen eta ikasleen eskubideen defentsa irmoa egitea, indarrean dagoen legedia, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala, Nazio Batuen Mundu Ituna, errespetatuta.

UPV/EHUren funtsezko interesa da kalitate goreneko profesionalak erakartzea, berariazkoa zaion bikaintasunerako bokazioari dagokion legez, meritu profesionala eta integritatea lehenetsiko lituzketen hautaketa prozesuak garatuz, baina betiere etikaren, objektibotasunaren, gardentasunaren eta aukera berdintasunarekiko errespetuaren irizpideen menpe. Ezaugarriok nagusi izango dira, era berean, jardunaren ebaluazioan, merezimenduaren aintzatespenean eta garapen profesionalerako aukeretan.

UPV/EHUk aurreikusi egingo ditu sor litezkeen interes gatazkak. Horretarako, neurriak ezarriko ditu erabaki eta jardueretan unibertsitatearen interesa beste edozeinen gainetik egongo dela ziurtatzeko.

Gizartearekiko eta inguruarekiko harremanean

UPV/EHUn lan egiten eta ikasten dugun pertsonok uneoro zainduko ditugu unibertsitatearen eta beronen balioen ospe eta izen ona eta ahaleginak egingo ditugu gizarteak gehiago eta hobeto aintzatets ditzala. UPV/EHU marka errespetatuko dugu eta berori erabiltzeko protokoloa beteko.

Unibertsitate komunitatea osatzen dugun guztiok errespetuz eta heziz jokatu beharko dugu geure eginkizunetan eta unibertsitatearen instalazioetan. Era berean, ekidin beharko dugu edozeinen aurkako edozein jazarpen edo larderia eta beraren aurka borrokatu beharko dugu, bai eta norberaren duintasunaren aurka letorkiokeen edozein jarduera ere, betiere pertsonekiko errespetu osoari eutsita. Era berean, arduratuko gara ingurumena zaindu eta babesteaz eta baliabide naturalen kontsumo eraginkorraz, eta garapen jasangarriaren helburuekiko konpromisoa erakutsiko dugu.

UPV/EHU osatzen dugun pertsonok arduraz eta eraginkortasunez erabiliko ditugu unibertsitateak gure esku jartzen dituen aukerak eta baliabideak, gure eginkizun profesionalak behar bezala betetzeko, eginkizun horiek ez direlarik erabili behar eginkizun horietan aurreikusitakoez bestelako helburuetarako.

UPV/EHUren eta bere hornitzaile, kontratista eta kanpoko laguntzaileen arteko harremanak, legezko betebeharretatik harago, ekitatezko, konfiantzazko eta balio partekatuko harremanak izango dira, epeak eta konpromisoak betez, botere abusuko jarrera orori uko eginez eta kontratazio bakoitzaren efizientzia eta balio gorena bilatzen saiatuz. Bereziki positiboki balioetsiko dira, eskainitako produktuaren edo zerbitzuaren kalitate integrala ezertan ere kaltetu gabe, Kode honen irizpideekin bat etorrita eta etikarekin eta erantzukizun sozialarekin duten konpromiso orokorra partekatuta, formalki aldarrikatu dituzten eta aitorpen orokorra duten hitzarmen edo itunekin instituzionalki bat egin duten baloratuz.

Era berean, unibertsitateko kide garen guztion artean, sustatuko dugu kolektibo horien artean eremu horietan guztietan jardunbide egokiak har daitezela, eta merkataritza harremanak saihesten saiatuko gara abusuzko edo diskriminaziozko praktikak egiten dituztenekin edo kode honetako irizpideak nabarmen urratzen dituztenekin, sektore publikoaren kontratuen arloko legeriak horretarako aukera ematen duen neurrian.

IV. ATALA. BETETZEA BERMATZEKO SISTEMA

Berme sistema

KE-UPV/EHUren funtzionamendu egokiak eragindako eragile guztien jarraipen ezin hobea eskatzen du, eta unibertsitate komunitatea osatzen dugunok behar bezala aplikatzen dugula gainbegiratzea eta ebaluatzea.

Bizikidetza Batzordea izango da, unibertsitateko bizikidetzari buruzko 3/2022 Legearen babesean sortua, KE-UPV/EHUren funtzionamenduaren behatoki. KE-UPV/EHU sustatzeko, aplikatzeko eta betetzen dela ikuskatzeko oinarrizko eskumenak Bizikidetza Batzordeari dagozkio. Zehazki, eta UPV/EHUko beste organo batzuen eskumenei kalterik egin gabe, honako hauek izango dira batzorde honen eginkizunak KE-UPV/EHUren esparruan:

  • Kode hau ahalik eta gehien zabaltzea eta ulertzea, bertako edukiak eragiten dien pertsona guztiei.
  • Etengabeko hausnarketa garatzea eta bultzatzea, unibertsitate erakunde baten eta unibertsitate komunitatea osatzen dugun pertsonen jokabidea gidatu behar duten printzipio etikoen inguruan, erakundearen funtzionamendu egokirako eta komunitate horretako pertsona guztien helburu legitimoak ahalik eta ondoen lortzeko duen garrantziaz sentsibilizatuz.
  • KE-UPV/EHUn jasotako printzipio eta aginduak interpretatzean sor daitezkeen zalantzak argitzea, bai eta bertan aurreikusitakoa hobeto betetzeko komenigarritzat jotzen diren iradokizunak egitea ere.
  • Kode hau betetzean egon daitezkeen akatsak identifikatzea, UPV/EHUrako funtzionaltasunean eragin negatiboa izan dezaketen prozeduretan, sistemetan eta egituretan.
  • Kode honetako aginduen aurka hautematen diren jokabideak aztertzea eta, hala balegokio, hobetzkeo jarduerak gomendatzea.

Bizikidetza Batzordearen esku hartzea kontsultatzeko edo pizteko legitimazioa

Unibertsitate komunitatea osatzen dugun pertsona guztiok aukera izango dugu KE-UPV/EHUk Bizikidetza Batzordean sor dezakeen edozein zalantza argitzeko. Gainera, konpromisoa hartzen dugu Bizikidetza Batzordeari jakinarazteko gure ustez KE-UPV/EHU behar bezala urratzen ari den edo behar bezala betetzen ez den edozein jarduera edo zirkunstantzia, edo bere letraren edo espirituaren aurkako jokabideak hautematen dituen edozein jarduera edo zirkunstantzia, bai ohartarazpen hori gure eginkizunak betetzean egiten bada, bai beste edozein egoeratan. Horretarako, iradokizunen postontzia eta horiek izapidetzeko prozedura jarriko dira.

Konfidentzialtasuna

Aurreko artikuluan adierazitako komunikazioak jasotzen dituzten administrazio unitateetako kide guztiek eta horiek izapidetzeaz arduratzen direnek zorroztasun osoz zaindu beharko dituzte komunikazioen eta tartean diren egoera eta pertsonen konfidentzialtasuna, bai eta komunikatzaileen anonimotasuna ere, eta ahalik eta arinen informatu beharko diete pertsona horiei beren zalantza posibleen aurrean jarraitu behar dituzten irizpideen, jakinarazitako egoerak ebazteko prozeduren eta horien aurrean erabakitzen diren irtenbideen inguruan.