Esperimentazioko animalien erabilerari buruzko adierazpen instituzionala
Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea Elkarte Zientifikoen Konfederazioak (COSCE) bultzatutako Animalien Esperimentazioko Gardentasunari buruzko Akordioari atxiki zaio, Animaliekiko Ikerketarako Europako Elkartearekin (EARA) elkarlanean eta 2016ko irailaren 20an abiatutakoari.
Jakin dakigu animaliekin egiten den ikerketak funtsezko papera jokatzen duela gaixotasunekin eta tratamendu medikoen garapenarekin lotutako mekanismo biologikoak ezagutzeko. Animaliak erabiltzeari esker ditugu botika, antibiotiko, txerto eta giza medikuntzan eta albaitaritzan erabiltzen diren teknika kirurgiko gehienak.
UPV/EHUn egin eta pertsonen bizitza hobetzea ahalbidetzen duen lan zientifikoaren zati bat animaliak erabiltzeari esker gertatzen da. Izan ere, horri esker lortzen da giza ezagutzan aurrera egitea, eta terapia berriak aurkitzen dira hainbat eritasunetan: minbizia, burmuin gaixotasunak (alzheimerra, parkinsona, esklerosi anizkoitza, iktusa, …), obesitatea, diabetesa, zentzumenak, droga mendekotasunak, etab. Bestalde, aurrera egiten da, baita ere, desagertzeko arriskuan dauden animalien berreskurapenean, eta itsasoaren eta lurraren kutsadurak faunaren aniztasunean zein gizakiek kontsumitzeko erabiltzen dituzten animalietan, esaterako arrainetan, sortzen diren arazoetan.
UPV/EHUrentzat funtsezko gaia da esperimentazioko animalien ongizatea, baita esperimentazioan eta bestelako helburu zientifikoetan (irakaskuntza barne) erabiltzen diren animaliekiko errespetua eta indarreko legedia betetzea. Gure xedea da animalientzat ongizatearen maila hoberena lortzea, eta ez bakarrik haiekiko erantzukizun moralaren ikuspegitik, ez horixe, azken finean ezin izango baigenuke goi mailako zientziarik lortu animalien ongizatea erdietsi gabe. Animaliekin egiten dugun esperimentazioak lege estandarrak bete eta Animaliekin egiten den Esperimentaziorako Etika Batzordeak ikuskatzen ditu. Batzorde horrek metodo alternatiboen erabilera bultzatzen du, erabiltzen diren animalien kopuruaren murrizketa eta prozedura esperimentalen fintzea. Animaliak behar dituen ikerketa proiektu bat abiarazteko, ezinbestekoa da nahitaezko ebaluazio etikoa eta gai horretan eskumena duen agintariaren azken baimena lortzea.
UPV/EHU arduratzen da animaliak zaintzen dituzten langileek eta esperimentazioan aritzen diren ikertzaileek behar adinako prestakuntza eta ezagutza izan ditzaten. Bestalde, Euskal Herriko Unibertsitateak konpromisoa hartzen du beharrezkoak diren baliabideak emateko esperimentazioko animaliak behar bezala zaintzeko alderdi hauei dagokienez: instalazioak, mantenua, ongizatea eta albaitaritza arreta.
UPV/EHUk esku hartzen du animaliekin esperimentuak egiteko hainbat gardentasun ekimenetan: hedabideetako solasaldiak, dibulgazioko mintegiak, ikasleentzako jardunaldiak, etab.