Zer da ZIO?
Egungo zientzia-irakurgai bikainak euskaraturik
Iturri beretik sortuak dira literatura eta zientzia, gure jakin-mina asetzeko. ZIO bildumak egungo ezagutza zientifikoa plazaratzen duten askotariko saiakera eder eta irakurgarriak eskaintzen ditu euskaraturik. Izan ere, batera isurtzen dira zientziaren eta literaturaren urak, denaren eta garenaren zioak bilatzeko saio atergabea baita haien jarduna. Haatik, ubide gero eta bereiziagoak eraiki dizkiegu zientziei eta letrei, eta aurkez aurke jarri ere bai inoiz biak. Ezagutzaren ur ederrak euskaraz gozatzeko aukera ematen dio ZIO bildumak irakurle egarrituari.
Goi-mailako dibulgazioko liburuek osatzen dute ZIO. Atseginak dira irakurtzeko; arrakasta eta miresmena berenganatu dute beste hizkuntzetako irakurleen artean, eta aditua ez den baina egungo ezagutza zientifikoaren berri jakin nahi duen irakurleari zuzenduta daude.
Euskara Zerbitzuak sortutako eta sustatutako ekimena da ZIO bilduma
Egungo ezagutza zientifikoaren erakusgarri diren irakurgai bikainenak euskaraz ematea da ZIO bildumaren helburu nagusia. Horretaz gainera, euskarazko prosa zientifikoa finkatzen lagundu nahi luke. Jakintza-arlo askotako ikasleentzat eta unibertsitatetik kanpoko jendearentzat erakargarri diren espezialitate-itzulpenak eskaintzen ditu ZIOk, beren kalitateagatik erreferentzia moduan erabil daitezkeenak.