Giza gorputza lanean
Egilea: Lenihan, John
Itzultzailea: Irene Aldasoro
ISBN: 84-8373-870-8
Formatua: 16 x 24 zm
Hizkuntza: Euskara
Urtea: 2006
Prezioa: 18,00€ (zerga barne)
Orrialdeak: 270 or.
Zeu zaren hori diseinatzen ikasi
Imajina ezazu ingeniaria zarela, eta makina bitxi bat diseinatzeko eskatu dizutela: eboluzioak dagoeneko asmatua duen eta gizakia deritzon horren berdina, hain zuzen. Zer material erabiliko zenuke atal bakoitzerako, kasuan kasuko eginkizuna eta eraginkortasuna kontuan harturik? Nola antolatuko zenituzke behar diren sistemak? Izan ere, ibiltzeko (jauzi, laster, dantza… egiteko), elikatzeko, mundua hautemateko eta are pentsatzeko gai izan behar du makinak, besteak beste. Bai eta bere matxurak arian-arian bere kasa konpontzeko ere.
Oso aurreraturik dago gizakiaren teknologia, baina, hura guztia erabilita ere, urrunetik ere ez zenuke lortuko berdintzerik hautespen naturalak urteen poderioz ondutako makina harrigarri hori. Saioak, hala ere, merezi du: besterik ez bada, makina naturalaren lorpenak (eta hobekizunak) balioesteko eta apailatu beharreko gizagailu horren nondik-norakoez jabetzeko. Gure gaurko jakintzaren eta (bio)teknologiaren mugak non diren ikusteko ere ez da bide txarra.
Ideia horretatik tiraka atondu du Lenihanek liburu hau. Atalka ekin dio makina horren antolaera ikuskatzeari, aurrez aurre jarriz bere ingeniari-ezaguera eta biologian adituagoengandik jasoa. Ikuspuntu bereziak ematen dio originaltasuna saiakera xume bezain jakingarri honi.
Ibilaldia amaitzean, ataletako irudiak bateratuz, gogoan josirik geratuko zaio irakurleari giza gorputzaren oinarrizko "diseinu teknologikoa": hobeto ezagutuko du bera den makina naturalaren zer-nolakoa.
John Lenihan (Carlisle, 1918; Glasgow, 1993)
Fisikaria zen ikasketaz, biomedikuntzako ingeniaritzan espezializatua, Glasgow-eko unibertsitatean jarduna, eta zientzia-idazle oparoa. Gaitasun berezia zuen medikuntzako eta zientziako gaiak argitasun erakargarriz jorratzeko, jende arruntaren nahiz profesionalen eskumenean jarriz irakurgai, burutsu ez ezik, gozagarri askoak.