Euskal dantza: tradiziotik sorkuntzara (2. aldia)
2017/2018 ikasturtea
Ikasketa osagarri hauen bidez euskal dantzaren ezagutzan, tradiziotik sorkuntzarako ibilbidean, sakontzeko aukera eskaintzera gatoz. Dantza tradizionalaren oinarriak, egiturak, sistemak eta historiaz gain, euskal dantzak sorkuntza eta eraldaketaren bidez tradiziotik abangoardiazko formetara egindako ibilbidea ezagutzeko aukera ematen dugu teoria eta praktika uztartuz UPV/EHUn.
Dantza tradizionalaren oinarriak landuko dira, baina baita zenbait errepertorio adierazgarri, esaterako Zuberoako maskaradetako edo Gipuzkoako dantzen sistemetara hurbilduko gara, eta alor bakoitzeko irakasle espezialistekin lantzeko aukera izango dugu. Landuko diren materia guztietan, tradizioaren ezagutzatik abiatuta sorkuntzara bidean egindako ekarpenak jorratuko dira.
Euskal Herriko dantzei buruzko ikastaroa irakaskuntza akademikoan dagoen hutsunea betetzera dator, eta bere bidez, euskal dantzetan adituak diren dantzariei eta irakasleei heziketa osagarria eskaintzen diegu, euren dantza ekimenetan oinarrizko maila akademikoa ziurtatuz.
Eskaintza honekin euskal gizarteak euskal dantzan aritzen diren irakasleen gaitasunak lantzea eta trebatzea nahi dugu. Ikasketa osagarri gisa planteatzen dugu ikastaroa eta gure dantza irakasleen gaurkotzea eta espezializatzea du helburu.