Breadcrumb

Tarjeta - Tutoretza-plana

Plan de Tutorización Deportistas Alto Nivel Bikoiztu 0

FAQ: Ohiko galderak

Goi Mailako Kirolarien Tutoretza Plana

1. Zein ikaslek eman dezake izena Goi Mailako Kirolarien Tutoretza Planean?

Tutoretza plan honetan parte hartu ahal izango dute baldintza hauetakoren bat betetzen duten UPV/EHUko ikasleek:

  • Goi mailako edo errendimendu handiko kirolaria izatea, uztailaren 13ko 971/2007 EDren arabera.

  • Goi mailako kirolaria izatea, Eusko Jaurlaritzaren uztailaren 20ko 971/2007 Dekretuaren arabera.

  • ADO planeko edo ADOP planeko kirolaria izatea.

  • Aurten edo aurreko urtean urrezko, zilarrezko edo brontzezko domina jaso izana Espainiako unibertsitate txapelketetan, dela banakako kiroletan dela taldeko kiroletan, eta oraindik ere kirol horretan jarraitzea.

  • Aurten edo aurreko urtean parte hartu izana Kirol Kontseilu Gorenak aitortuak dituen unibertsitate kiroleko nazioarteko jardueretan, hau da: FISUrenetan (neguko eta udako Unibertsiadak eta munduko txapelketak) eta EUSArenetan (Europako unibertsitate txapelketak), eta oraindik ere kirol horretan jarraitzea.

  • Kirolari kontratu profesional bat izatea indarrean (lan bizitzaren ziurtagiriaren bidez frogatua).

2. Nora joan behar naiz tutoretza planean izena emateko?

Zure campuseko Kirol Zerbitzura.

3. Zer dokumentazio aurkeztu behar dut Kirol Zerbitzuan?

UPV/EHUko Goi Mailako Kirolarien Tutoretza Planean parte hartzeko baldintzak betetzen dituzula frogatzen duten dokumentuak (ikus 1. galdera).

4. Noiz eta non aurkeztu behar dut dokumentazioa Kirol Zerbitzuan?

UPV/EHUn behin matrikulatu ondoren, matrikulatua zauden campuseko Kirol Zerbitzura eraman beharko duzu tutoretza planean parte hartzeko baldintzetakoren bat betetzen duzula frogatzen duen dokumentazioa.

5. Zer egin behar dut Kirol Zerbitzuan eman didaten egiaztagiriarekin?

Zure ikastegiko Dekanotza/Idazkaritzara eraman behar duzu, I. eranskinarekin eta II. eranskinarekin batera.
(I. eranskina eta II. eranskina Internetik eskura ditzakezu).

Gogoratu edo galdetu zeintzuk diren dokumentazio hori aurkezteko epeak.

6. Ikasturtero eskuratu behar dut Kirol Zerbitzuak ematen duen egiaztagiria?

Bai, hala da: ikasturtearen hasieran eskuratu beharko duzu urtero dokumentu hori.

Aurrez aurre egin dezakezu tramitea campuseko Kirol Zerbitzuan, edo bestela telematikoki.

7. Zeintzuk dira Goi Mailako Kirolarien Tutoretza Planaren onura akademikoak?

  • Txandak, ordutegiak, taldeak edo tutoretzak aukeratzea edo aldatzea, ikasketak uztartu ahal izan ditzazun entrenamenduekin, lehiaketa ofizialekin eta ohiko bizilekutik kanpoko kontzentrazioekin.

  • Derrigorrezko eskolen % 25eraino huts egin ahal izatea lehiaketa ofizialetan parte hartzeagatik, dagokion kirol federazioaren ziurtagiria aurkeztuz gero.

  • Azterketen eta nahitaezko praktiken egutegi malgua izatea, horiek talka egiten dutenean lehiaketa ofizialen datekin, betiere dagokion kirol federazioaren ziurtagiria aurkeztuz gero.

  • Ikasturte bakoitzean hiru kredituren aitorpena lortzea kirol jarduerengatik, UPV/EHUko graduko ikasketetan kredituak transferitzeko eta aitortzeko Arautegiaren arabera.

  • Zure ikastegian ikasketa tutore bat esleituta izatea. Tutore horrek laguntza akademikoa emango dizu, eta, horrez gain, planeko ikasleen eta unibertsitateko estamentuen arteko bitartekaria izango da.

  • Beste arautegi batzuetan goi mailako eta errendimendu handiko kirolariei laguntzeko jasota dauden beste neurri akademiko batzuk.

8. GMKentzako tutore bat dago ikastegi bakoitzean?

Bai, ikasketa tutore bat esleituko zaizu ikastegian.

Tutore horrek laguntza akademikoa emango dizu, eta, horrez gain, planeko ikasleen eta unibertsitateko estamentuen arteko bitartekaria izango da.

Ikastegi bakoitzak erabakiko du lan horiek egiteko pertsona bakarra ala gehiago izendatzen dituen, programan parte hartzen duten ikasleen eta bere baliabide eta aukeren arabera.

Tutore bakoitzak bere ikastegiko kirolariekin adostuko du zenbat tutoretza saio egin eta tutoretzak nolakoak izango diren (banakakoak edo taldekoak), sortzen diren premiak asetzen joateko eta kirola eta ikasketak uztartzen laguntzeko.

9. Zeintzuk dira tutoreen eginbeharrak?

  • Ikasle kirolariekin hasierako talde bilera bat egitea, tutoretza planaren edukia azaltzeko, kirolarien premiak aztertzeko, haien eskubideak eta betebeharren berri emateko, eta prozedura zehazteko.

  • Ikastegiak antolatzen dituen harrera saioetan parte hartzea, tutoretza planaren ideia nagusia ezagutzera ematea eta zabaltzea, eta ikasleoi ikastegiaren dinamika azaltzea, errazago txerta daitezen bertan.

  • Ikasleoi orientazioa ematea matrikulatzeko eta ibilbideak hautatzeko orduan, eta aholkua ematea zenbateko ikasketa zama hartu erabakitzeko, kontuan hartuta ikasle bakoitzaren kirol zama.

  • Ikasleokin batera banakako edo taldeko tutoretza plan bat egitea, sor daitezkeen gorabeherei aurre egiteko.

  • Irakasleei goi mailako kirolarien eskubideen eta betebeharren berri ematea, bai eta beren irakasgaietan zenbat kirolari matrikulatu diren eta zein premia izan dezaketen jakinaraztea ere.

  • Irakasleei tutoretza planean jasotako laguntza neurrien berri ematea, bereziki nabarmenduz har daitezkeen neurri akademikoak ikasle kirolariek entrenamenduak, lehiaketa ofizialak eta ohiko etxebizitzatik kanpoko kontzentrazioak ikasketekin uztartzeko (eskolara egiten diren hutsegiteen justifikazioa, azterketa egutegien eta tutoretza ordutegien malgutasuna, nahitaezko praktiken datak egokitzea, eskola orduen koordinazioa, lanak egiteko aukerak etab.).

  • Ebaluazio bilera bat antolatzea, ikasturtean zehar hartutako neurriak eta sortutako gorabeherak aztertzeko eta ikasleei jarraipena egiteko, haien bilakabide akademikoa baloratzeko eta hurrengo ikasturteko matrikulari begira orientazioa eta aholkua emateko.

  • Bitartekaria izatea dekretuaren babespeko ikasleon eta unibertsitateko administrazioaren artean.

  • Amaierako txostena aurkeztea dekano/zuzendariari, ikasturtean zehar egindakoen eta sortutako gorabeheren berri emanez, programako helburuak noraino bete diren azalduz, tutoretza planean parte hartu duten ikasleen kopurua adieraziz eta prozesu osoaren balorazio orokorra eginez.

10. Egin beharreko urratsen laburpena

  • UPV/EHUko Goi Mailako Kirolarien Tutoretza Planean parte hartzeko egiaztagiria eskuratu.

  • Aurrez aurre aurkez dezakezu campuseko Kirol Zerbitzuan, edo bestela telematikoki.
    (1. mailako ikasleei aurrez aurre egitea gomendatzen diegu).

  • Zure ikastegiko idazkaritzan aurkeztu, horretarako epean, Kirol Zerbitzuan eman dizuten egiaztagiria, UPV/EHUko Goi Mailako Kirolarien Tutoretza Planean parte hartzeko behar den dokumentazioarekin batera.

  • Bilera egin zure ikastegiko GMKen tutorearekin.

  • GMKen Tutoretza Planeko onura akademikoak eskuratu.

  • Ikasturte bakoitzaren hasieran GMK egiaztagiria berritu.

11. Irakaslea naiz. Zer jakin behar dut Tutoretza Planean dagoen ikaslerik badut?

  • UPV/EHUk goi mailako kirolaritzat aitortuta dituen ikasleei aukera eman behar diezula legean aitortzen zaizkien eskubideak erabiltzeko, beren bizitza akademikoa eta kirola bateratu ahal izan ditzaten, Tutoretza Planak eskaintzen dizkien neurriez baliatuz.

  • Behar diren egokitzapenak egin behar dituzula unibertsitateko kirolariak tutoretza akademikoetara joan ahal izan daitezen, eskolan landutako bibliografia eskura dezaten, azterketak egiteko eta berrikusteko aukera izan dezaten, lanak epe egokietan aurkez ditzaten, eta nahitaezko praktikak beren lehiaketen egutegiaren arabera egin ditzaten.

  • Zuzendaritza taldeak, tutoreek eta UPV/EHUko Kirol Zerbitzuak lagunduko dizutela egokitzapen horiek egiten.