Breadcrumb

info juego limpio

JOKO GARBIA KIROL JARDUERA ETA TXAPELKETETAN

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Arabako Campusak  joko garbia lehenestea UPV/EHUko kirol jarduera eta txapelketetan sustatzen du.

UPV/EHUko Arabako Campusak antolatutako kirol modalitate bakoitzari aplikagarria zaion araudia ezarri eta gero, txapelketa jakin batzuetan parte hartu duten ikasleak izan dira epaile lanak egin, ekintzak garatu eta txapelketa bakoitzean erabakiak hartu dituztenak.

Esperientzia oso asebetegarria izan da parte hartu duten ikasleentzat; izan ere, konpromiso horrek kirolerako motibazioa piztu du, parte hartzaileen arteko harremanetan errespetuzko eta enpatiazko jokabideak oinarri izan dituena, autonomiaren, konfiantzaren, motibazioaren eta autokontrolaren bitartez.

Hala, ikasleek kirol jardunean oinarritutako zeharkako gaitasunak landu dituzte, zuzenean aplika daitezkeenak gure eguneroko bizitzan.

 

PERTSONEN GARAPEN INTEGRALA

Jarduera fisikoa eta kirol jarduerak egitea pertsonen garapen integralerako baldintza bihurtu da gaur egun, hainbat elementu uztartzen dituelako; besteak beste, gaitasunak eskuratzea, ohiturak hartzea, osasuna, gizarte harremanak eta aisialdiko denbora aktiboa okupatzea.

UPV/EHUk uste du kiroletan garbi jokatzea ikasleen prestakuntzaren oinarrizko alderdi bat dela. Kirola osasun eta aisialdiaren berme izan daiteke, baita kirola egiten duen pertsona unibertsitate komunitatean integratzeko bitarteko eraginkor ere. Gainera, esperientzia eta emozio garrantzitsuak bizitzen laguntzen du kirol jarduera bera egin aurretik, bitartean eta ondoren.

Gauzak horrela, kirola unibertsitateko ikaslearen prestakuntza integralerako alderdi garrantzitsu bat da, eta unibertsitate komunitate osoari aplika dakioke. Kirola egiteak aberastu egiten ditu unibertsitate komunitatea eta gizartea oro har.

 

KIROLAK HEZITEKO BALIO DU

Jokoa garbia izatea arauak betetzea baino askoz gehiago da: laguntasuna, aurkariarenganako errespetua eta kirol espirituaren kontzeptuak ere hartzen ditu barnean. Jokabide bat baino gehiago, pentsatzeko eta jarduteko modu bat da. Kontzeptu horren barruan sartzen da zaintza lanak egitea honako hauek saihesteko: tranpak, trikimailuak –nahiz eta arauak ez hautsi–, dopina, indarkeria fisikoa eta ahozkoa, aukera desberdintasuna eta ustelkeria.

Kirol jarduera guztietako giza jokabideetan bezalaxe, UPV/EHUko kirol jardueretan parte hartzen duten ikasle guztiek honako hauek egin beharko dituzte:

  • UPV/EHUn parte hartzen duten kirol txapelketetako barne araudiek ezarritako arauak bete, baita UPV/EHUren ordezkari gisa jardungo ez duten beste txapelketa batzuetakoak eta instalazioetakoak ere, eta azken horietako langileak errespetatu.
  • Ahalik eta errespetu eta enpatia handienarekin jardun besteekiko harremanetan, barne hartuta beste kirolari batzuk, antolatzaileak eta kirol jarduerekin zerikusia duten gainerako eragileak.

 

KIROL JARDUERAN OINARRITUTAKO ZEHARKAKO GAITASUNAK, EGUNEROKO BIZITZAN APLIKAGARRIAK DIRENAK

  • Gaitasun teknikoa: jakitea
  • Gaitasun metodologikoa: egiten jakitea
  • Gaitasun parte hartzailea: egoten jakitea
  • Gaitasun pertsonala: izaten jakitea

Zeharkako gaitasunen abantailak:

Honako hauek dira zeharkako gaitasunak dituen pertsona batek kirol jarduera batean egin ditzakeen ekarpenak:

  • Hobeto bideratzen du bere jokabidea, eta ekintza eraginkorragoa izatea ahalbidetzen du. Xede edo lorpen batera bideratutako motibazioa sortzen du.
  • Lankidetza dinamika estuagoa sortzen du. Entzutera, ulertzera eta komunikatzera bideratutako harreman eta komunikazio giroa bilatzen du. Halaber, hobetu egiten du jokoko egoeren pertzepzioa eta behaketa.
  • Erantzuteko gaitasun hobea eskaintzen du, baita bizkortasun handiagoa ere kirol jardueran. Jokoaren egoerak hobeto identifikatu eta bizitzeaz gain, hobeto egiten die aurre egoera horiei, eta iniziatiba, koherentzia eta erantzukizuna erakusten ditu bere parte hartzean zehar hartzen dituen erabakietan.
  • Zeharkako gaitasunak ezinbestekotzat jotzen dira kirol prestakuntzan, baita prestakuntza pertsonal, sozial eta profesionalean ere. Zentzu horretan, gaitasun horiek garatzea beharrezkoa da norberaren errealizaziorako, herritar aktiboak izateko, gizarte kohesioa lortzeko eta enplegagarriak izateko ezagutzaren gizartean.

Hori guztia lortzeko, ezinbestekoa da gure pentsatzeko, sentitzeko eta jarduteko modua egokitzea. Gaitasunak motibazio eta kognizio osagaiak dituzten konfigurazio konplexuak dira. Jarraian datozen ekintza multzoak balia ditzakegu gure aukerak zeintzuk diren deskubritzeko:

  • Izatearen kontzientzia: garapen pertsonala autonomiaren, konfiantzaren, motibazioaren eta autokontrolaren bitartez. Egoera eta inguru ezberdinetara egokitzeko enpatia eta malgutasuna garatzea.
  • Pertsonen arteko harremanak: norberaren izatearen kontzientziatik abiatuta, errazagoa izango da gainerako taldekideekin harreman hobeak ezartzea.
  • Balioei eta jokabide etikoei lotutako gaitasunak; horretarako, beharrezkoa da konpromiso pertsonala nahiz gizarte eta kirolarekiko konpromisoa izatea, kirol jardueren bitartez bizikidetzan egotea eta gizarteratzea posible izan dadin.