Saileko Erregelamendua
EHAA 2021/05/11
I. TITULUA. DEFINIZIOA, XEDEAK, EGINKIZUNAK ETA EGOITZA
1. artikulua.– Definizioa.
1.– Sailak irakaskuntzako eta ikerketako unitateak dira, eta sailen ardura da jakintza eremu batean edo gehiagotan eta ikastegi batean edo gehiagotan irakaskuntza koordinatzea UPV/EHUko irakats programazioari jarraituz. Era berean, sailen zeregina da irakasleek eta ikertzaileek irakaskuntzaren eta ikerketaren arloan dituzten jarduera eta ekimenak bultzatzea.
2.– Sailak izan daitezke UPV/EHUrenak berarenak, unibertsitate artekoak edo mistoak.
a) UPV/EHUren beraren sailak dira horrela sortutakoak, eta guztiz txertatuta daude unibertsitatearen egituran eta antolamenduan.
b) Unibertsitate arteko sailak dira beste unibertsitate batzuekin batera sortutakoak.
c) Sail mistoak dira goi mailako hezkuntzako edo ikerketako beste zentro batzuekin batera sortutakoak.
2. artikulua.– Eginkizunak.
Honako hauek dira sailaren eginkizunak:
a) Bere eskumeneko irakaskuntza jarduerak koordinatzea eta ematea.
b) Saileko irakasle-ikertzaileen ikerlana bultzatzea eta babestea.
c) Lankidetzan jardutea UPV/EHUko beste egitura batzuekin eta beste erakunde publiko edo pribatuekin, bai irakaskuntzaren arloan, bai ikerketan.
d) Zientziaren, teknikaren, giza zientzien edo artearen alorreko jarduerak sustatzea, unibertsitateko ikasketak garatzea eta Estatutuetako 97. artikuluan zehaztutako gainontzekoak.
e) Saileko kideen berrikuntza zientifiko eta pedagogikoa sustatzea.
f) Aurrekontua kudeatzea Estatutuei eta aurrekontuak gauzatzeko UPV/EHUn indarrean dauden arauei jarraikiz, baliabide materialak administratzea eta saileko langileak edo sailari atxikitakoak zuzentzea.
g) Sailaren urteko plangintza garatu eta betetzea.
h) Urteko memoria egitea.
i) UPV/EHUko gainerako organoei eginkizunak betetzen laguntzea.
j) Ikasketa planak egiten parte hartzea, baita bere eskumeneko gainontzeko jardueretan ere.
3. artikulua.– Sailaren egoitza.
1.– Enpresa Zuzenbidea eta Zuzenbide Zibila Sailaren administrazio-egoitza Zuzenbide Fakultatean dago, Manuel Lardizabal pasealekua 2, 20018 Donostia-San Sebastián.
2.– Egoitza aldatzeko Gobernu Kontseiluaren baimena beharko da, eta aldaketa saileko kontseiluak proposatuko du, arautegiari jarraikiz.
3.– Saileko zuzendaritza lekuz aldatzea edo saileko kontseiluak zuzendari berria hautatzea ez da nahikoa arrazoi izango sailari egoitzaz aldatzeko baimena emateko.
4.– Beharrezkoa izanez gero, Gerentziak neurriak hartuko ditu sailaren egoitzaren eta zuzendaritzaren arteko komunikazioa bermatzeko.
II. TITULUA. ARAUBIDE JURIDIKOA
4. artikulua.– Sailen araubide juridikoa.
1.– Sailak honako hauei jarraikiz arautuko dira: indarreko legeria, Estatutuak eta esparru arautegi honetako xedapenak. Esparru arautegi honek gutxieneko arauak jasotzen ditu eta UPV/EHUko sail guztiei aplikatuko zaie.
2.– Aipatutako arautegietan jasotakoez gain, sailek osatu egin ahalko dituzte arautegi honetako xedapenak, bertan adierazitako kasuetan eta moduan, sail bakoitzaren arautegiaren bitartez.
3.– Gobernu Kontseiluak onartuko du, behin betiko, sail bakoitzaren arautegia, legeak agintzen dituen txostenak egin eta gero, legezkotasun txostena barne. Idazkari nagusiak, eskumenak eskuordetuta, onartuko ditu arautegi horiek, betiere txosten guztiak aldekoak badira eta inork eskatu ez badu Gobernu Kontseiluan aurkezteko. Honako hauek dute hori eskatzeko eskubidea: Gobernu Kontseiluko kideek; arautegiak eragin egiten diela uste duten sailetako kontseiluek; eta kasuan kasuko saileko kideen % 15, gutxienez. Edozelan ere, idazkari nagusiak onarpen horren berri eman behar dio Gobernu Kontseiluari.
4.– Sailek honako printzipio hauek bete behar dituzte egituran eta funtzionamenduan:
a) Unibertsitateko kide anitzeko eta kide bakarreko organo orokorrei men egitea.
b) Sail bakoitzaren barruan, kide anitzeko organoak kide bakarrekoen gainetik egotea.
c) Sail atalen antolakuntza autonomia eta autonomia funtzionala errespetatzea, haien eta osakideen arteko orekari eta elkarlanari kalterik egin gabe.
5.– Sailek beteko dituzte hizkuntza normalizazioaren eskumena daukan errektoreordetzak helburu horretarako planen baitan ematen dituen jarraibideak. Erraztasunak emango dituzte kide anitzeko organoen bileretan bi hizkuntza ofizialak erabil daitezen, hartara kide bakoitzak, bere eskubide linguistikoak baliatuz, gura duen hizkuntza ofiziala erabil dezan askatasun osoan.
5. artikulua.– UPV/EHUko sailak sortu, aldatu eta kentzea.
1.– Sailak jakintza eremuak oinarri hartuta sortu edo aldatuko dira, jakintza eremutzat hartuta jakintza arloak ez ezik, Gobernu Kontseiluak zehaztutako irizpideen arabera irakaskuntzako proiektu koherentea garatzen duten gainontzekoak ere.
2.– –Gobernu Kontseiluari dagokio sailak sortu, aldatu edo kentzeko erabakia hartzea, kasuan zerikusia duten sailek aurretik iritzia emanda eta egoki diren txostenak eginda.
3.– Saila sortu edo aldatzeko proposamenarekin batera, memoria bat aurkeztu beharko da. Bertan adierazi beharko da legeak eskatzen dituen baldintza guztiak betetzen direla, eta datu hauek bildu beharko dira:
a) Sailaren izena, bilduko dituen jakintza eremuen zerrenda eta saila sortzeak eragingo dien irakasleen, ikertzaileen eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen zerrenda.
b) Atxikiko zaizkion gai edo irakasgaiak eta ikerketa ildoak.
c) Sailari atxikitako ondasunak, azpiegiturak eta lokalak.
d) Sail berriak behar izango dituen baliabideen eta funtzionamendu gastuen ebaluazio ekonomikoa.
e) Sailaren behin-behineko araudia.
4.– Gobernu Kontseiluari dagokio saila sortzeko beharrezko izango den irakasle-ikertzaileen kopurua, kategoria eta arduraldia zehaztea, baina, edozelan ere, gutxienez 18 kide arduraldi osoa edo parekoa duten irakasle-ikertzaile iraunkorrak izan behar dira eta horietako 12, gutxien dela, doktoreak, arautegi honetako lehen xedapen gehigarria galarazi barik.
5.– Saila kendu edo aldatzeko proposamena arrazoitua izan beharko da, eta neurri horrek eragingo liekeen ikasketa edo ikerketa jarduerak nora aldatuko liratekeen zehaztu, eta zeri atxikita geratuko liratekeen horrek ukitutako langile eta baliabideak.
6. artikulua.– Unibertsitate arteko sailak eta sail mistoak sortzea.
1.– Unibertsitate arteko sailak edo sail mistoak sortzeko, hitzarmena sinatu behar da, aurrez, kasuan kasuko unibertsitatearekin, goi mailako hezkuntzako ikastegiarekin edo ikergunearekin.
2.– Saila sortzeko hitzarmenak Estatutuetan eskatzen diren formalitateak bete behar ditu. Hitzarmenak sailaren gobernu eta funtzionamendua arautuko ditu, alde bakoitzak egin dezakeen kontrol eta egiaztatze lana eragotzi barik, eta arautegi honetako 5. artikuluan aipatutako memoriak eduki behar dituen gutxieneko edukiak jasoko ditu.
III. TITULUA. SAILAREN OSAERA ETA EGITURA
7. artikulua.– Saileko kideak.
1.– Honako hauek dira saileko kideak: sailari atxikitako irakasle-ikertzaileak eta administrazio eta zerbitzuetako langileak edo sailak bere baliabideen kontura kontratatutakoak, baita graduko ikasleen ordezkariak eta graduondoko ikasleak ere.
2.– Aurreko atalaren ondorioetako, irakasle–ikertzaile iraunkor guztiak sailetako jakintza arloetan sartuta egongo dira; horrek, hala ere, ez du esan nahi unibertsitateko beste egitura batzuei atxikita ezin egon daitezkeenik. Aldi baterako kontratatutako irakasleikertzaileak jakintza arloetan eta sailetan sartuko dira, edo, egoki izanez gero, unibertsitateko beste egitura batzuetan.
3.– Salbuespen moduan, sail bateko irakasle bat aldi baterako beste sail bati atxiki ahal izango zaio, Gobernu Kontseiluak onartutako irizpide orokorrei jarraikiz.
4.– Ez da baimenik emango atxikipena aldatzeko, baldin eta horrek saileko irakats betebeharrak bete gabe geratzea badakar.
8. artikulua.– Sail atalak.
1.– Sailak sail atalak sortu ahal izango ditu bere arautegiaren bidez, esparru arautegi honetan zehaztutakoari jarraituz.
Sailek jarduna dutenean campus edo ikastegi batean baino gehiagotan sail atalak eratu ahal izango dituzte.
Hala ere, sailaren egoitza dagoen ikastegian sail atal bakarra eratu ahal izango da, sailak ikastegi horretan dauzkan irakasle-ikertzaile guztiak bilduko dituena.
Aurrekoa gorabehera, sailek atalak eratu ahal izango dituzte Ikastegien Oinarrizko Arautegiaren arabera eratutako ikastegiko ataletan.
Sailek campusetan jarduna dutenean eta ezinezkoa denean artikulu honi jarraituz sail atalak ikastegietan edo ikastegiko ataletan sortzea, campuseko sail atalak eratu ahal izango dira, kasuan kasuko campusean diharduten saileko irakasle-ikertzaile guztiak bilduko dituztenak.
Sail atalak sortu edo kentzeko, arautegia aldatu beharko da.
2.–Enpresa Zuzenbidea eta Zuzenbide Zibila Sailak honako azpisail hauek dauzka:
a) Sailaren egoitzari dagokion azpisaila, Zuzenbide Fakultatean, Manuel Lardizabal pasealekua 2, 20018 Donostia-San Sebatsián.
b) Ekonomia eta Enpresa Fakultateari dagokion azpisaila, Lehendakari Agirre etorbidea 83, 48015 Bilbo.
c) Lan Harremanen eta Gizarte Lanaren Fakultateari dagokion azpisaila, Sarriena auzoa, 48940 Leioa.
3.– Sail atalak ataleko kontseilua eratuko du, dagozkion eginkizunak betetzeko. Ataleko kontseiluak osakide hauek izango ditu: ataleko irakasle-ikertzaile guztiak, administrazio eta zerbitzuetako langile guztiak eta ataleko ikasleen ordezkariak, saileko kontseilurako ordezkariak aukeratzen diren modu berean hautatuak. Ataleko kontseiluak atalaren funtzionamenduari dagozkion eginkizun guztiak beteko ditu eta, bereziki, irakaskuntzako eta administrazioko eginkizunen programazioa eta antolakuntza proposatuko dio saileko kontseiluari edo, dagokionean, batzorde iraunkorrari edo kasuan kasuko gobernu organoari.
4.– Ataleko kontseiluak ataleko koordinatzailea aukeratuko du atalari atxikitako irakasle-ikertzaileen artetik. Koordinatzaile hori izango da organoko burua, eta bertan hartutako erabakiak betearaziko ditu. Ataleko kontseiluak idazkaria ere izendatuko du, bilera guztietarako edo bilera bakoitzerako, eta idazkariaren eginkizuna izango da bileretako aktak egin eta bileran hartutako erabakiak jasotzea.
5.– Sailaren aurrekontuan atal bakoitzari dagokion zatia bereizita azalduko da.
IV. TITULUA. SAILETAKO GOBERNU, ORDEZKARITZA, ZUZENDARITZA ETA KUDEAKETA ORGANOAK
9. artikulua.– Sailetako gobernu, ordezkaritza, zuzendaritza eta kudeaketa organoak. 1.– Sailaren gobernua bere kontseiluari eta zuzendariari dagokie.
2.– Saileko gobernu, ordezkaritza, zuzendaritza eta kudeaketarako kide anitzeko organoak dira saileko kontseilua eta, egonez gero, batzorde iraunkorra eta ataleko kontseilua.
3.– Saileko gobernu, ordezkaritza eta administraziorako kide bakarreko organoak, berriz, zuzendaria eta idazkari akademikoa dira, bai eta, hala dagokionean, ataleko koordinatzaileak ere.
I. KAPITULUA. KIDE ANITZEKO ORGANOAK
1. ATALA. SAILEKO KONTSEILUA
10. artikulua.– Osaera.
1.– Saileko Kontseilua osatuko duten kideak hauek dira: Zuzendaria; Idazkari Akademikoa; irakasle eta ikertzaile iraunkorrak; iraunkorrak ez diren irakasle doktoreak; Sailari atxikitako gaionerako irakasle eta ikertzaileen hiru ordezkari; Graduko, Masterreko eta Doktoretzako ikasleen ordezkari bana; administrazio eta zerbitzukoen ordezkari bat.
2.– Irakasle-ikertzaileen eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkarien agintaldia lau urtekoa izango da. Ikasleen ordezkarien agintaldia, berriz, bi urtekoa izango da.
3.– Sailari atxikitako gainerako irakasle-ikertzaileen ordezkariak irakasle-ikertzaile horien artean eta artetik aukeratuko dira.
4.– Graduko ikasleen ordezkariak sailak eskolak ematen dituen ikastegietako ikasleen kontseiluen bitartez aukeratuko dira, ikastegietako ikasleen kontseiluen arautegiek xedatutako prozedurari jarraikiz.
5.– Masterreko ikasleen ordezkariak hautatuko dira sail bakoitzaren arautegiak zehazten duen moduan. Sailaren arautegiak ezer ez badio, masterreko ikasleen ordezkariak hautatuko dira doktoregoko ikasleen ordezkariak hautatzeko hurrengo atalean azalduko den prozedura berberaren bidez.
6.– Sailaren arautegiak besterik xedatu ezean, doktoregoko ikasleen ordezkaria saileko zuzendariak deituta bi urterik behin, abenduan, egingo den bileran aukeratuko da. Bilera horretara saileko graduondoko programetan matrikulatutako ikasle guztiei deituko zaie. Horretarako, bilerara deitu beharreko ikasleen errolda eskatuko dio saileko zuzendariak hala dagokion zerbitzuari.
11. artikulua.– Ordezkari izateari uztea.
Ordezkaria izatea norberari dagokion ezaugarria da. Honako hauek izango dira kargua uzteko arrazoi:
a) Heriotza, ezintasuna edo kargurako gaitasuna kenduta izatea.
b) Hauteskundeak baliogabetzea.
c) Agintaldia amaitzea.
d) Dimisioa aurkeztea.
e) UPV/EHUko kidea izateari uztea, edo hautatua izan zen kidegoko kidea izateari uztea.
f) Organoaren elkarren segidako hiru bileratara edo txandakako bost bileratara justifikatu gabe huts egitea, arautegiak kopuru handiagoa xedatu ezean. Ikasleen ordezkarien kasuan, UPV/EHUko Ikasleen Arautegian zehaztutakoari jarraituko zaio.
12. artikulua.– Saileko Kontseiluaren eginkizunak.
1.– Hauek dira Saileko Kontseiluaren eginkizunak:
a) Saileko zuzendaria hautatzea. Sailaren Kontseiluaren barruan burututako hauteskundeetan bozka gordailuan uztea onartzen da, UPV/EHUko Hauteskundeei buruzko Eraentza Orokorrak 7. artikuluan jasotzen duen moduan.
b) Sailaren barne arautegiaren proposamena eta haren aldaketak onartzea.
c) Urteko txosten ekonomikoa, saileko irakaskuntzaren eta ikerketaren memoria, eta eginkizunen plana onartzea.
d) Urteko irakats eskaintza programatu eta ebaluatzeko irizpideak onartzea.
e) Saileko irakasleei irakats betebeharrak eta haien balizko aldaketak esleitzea, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak onartutako indarreko arautegiari jarraikiz.
f) Irakasgaien oinarrizko programak ezartzea, kasuan kasuko ikasketa planaren barruan.
g) Masterreko, doktoregoko eta gainerako ikasketetako (unibertsitateko berezko tituluetako ikasketak izan edo ez) eskaintzak proposatzea.
h) Doktorego tesiak ebaluatu behar dituzten pertsonak izendatzeko proposamenak onartzea legeak baimendutako baldintzetan, bai eta bestelako epaimahaietako kideak izendatzekoak ere.
i) Saileko irakasle-ikertzaileen ikerketa jarduerak eta ekimenak bultzatzea.
j) Plaza berriak eskatzea eta saileko langileen lanpostuen zerrendan egin beharreko aldaketak proposatzea.
k) Irakasleen lanari buruzko txosten arrazoituak egitea, irakaskuntza merezimenduak esleitu eta kontratuak berritze aldera.
l) Urriaren 17ko 209/2006 Dekretuaren eranskinean (edo hura ordezkatzen duten arauetan) aipatzen diren txostenak egitea (Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileen gehigarrizko ordainsari osagarriei buruzko Dekretua, martxoaren 29ko 64/2011 Dekretuak aldatua). Horretarako, UPV/EHUko irakasle-ikertzaileei gehigarrizko ordainsari osagarriak esleitzeko deialdi bat irekita dagoenean, saileko zuzendariak behar adina aldiz bilduko du saileko kontseilua eskatutako txosten guztiak tramitatzeko.
m) Bere eskumenen esparruan, kontratuak egiteko baimena ematea, zientziaren, teknikaren edo artearen arloko lanak egiteko.
n) Venia docendi eman behar bada, aurretiko txostena egitea.
o) Irakasgaiko koordinatzaileak, eta hala dagokionean, ataleko koordinatzaileak izendatzea.
p) Indarreko legeriak, Estatutuek eta horiek garatzeko arauek bere gain uzten dituzten gainerako guztiak, bai eta eskuordetzen zaizkionak ere.
II. ATALA. BATZORDE IRAUNKORRA
13. artikulua.– Osaera.
1.– Enpresa Zuzenbidea eta Zuzenbide Zibila Sailak, Kontseiluko kideekin osatutako Batzorde Iraunkorra izango du, hauekin hain zuzen: Zuzendaria, jarburutza izango duelarik; Idazkari Akademikoa; Saileko azpisailen koordinatzaileak; irakasle eta ikertzaile iraunkorren eta iraunkorrak ez diren doktoreen zortzi ordezkari; gainerako irakasle eta ikertzaileen ordezkari bat; ikasleen ordezkari bat; eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.
2.– Batzorde iraunkorreko kideak honi jarraikiz aukeratuko dira:
Berezko kideak (irakasle-ikertzaile iraunkor eta ez-iraunkor doktoreak) Hauteskunde Arautegi Orokorrean xedatutakoari jarraikiz aukeratuko dira.
Kontseiluan ordezkari bakarra daukaten taldeek ordezkari hori berori izango dute batzorde iraunkorrean.
Saileko kontseiluan bi ordezkari edo gehiago dauzkaten taldeek, beren artean aukeratuko dute, Kontseiluaren bilera batean, batzorde iraunkorrerako ordezkaria. Adostasunik ez badago edo berdinketa badago, zozketa egingo da.
3.– Arautegi honetako 11. artikuluan araututako arrazoiren bat badago, batzorde iraunkorreko kideek ordezkari izateari utzi behar diote.
14. artikulua.– Eginkizunak.
1.– Batzorde Iraunkorrak bere gain hartzen ditu Saileko Kontseiluaren eginkizun guztiak, hauek izan ezik:
a) Saileko zuzendaria aukeratzea.
b) Saileko barne-erregelamendua eta horri aldaketak egiteko proposamena erabakitzea.
c) Urteko txosten ekonomikoa,irakaskuntza-memoria eta Jarduera-plangintza onartzea.
d) Urteroko irakaskuntza-eskaintza egiteko eta ebaluatzeko irizpideak onartzea.
2.– Saileko kontseiluko kideek batzorde iraunkorrak hartutako erabakien berri izan behar dute unean-unean.
III. ATALA. KIDE ANITZEKO ORGANOEN FUNTZIONAMENDUA
15. artikulua.– Xedapen orokorra.
1.– Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legearekin bat etorriz (40/2015 Legea, urriaren 1ekoa), sailetako kide anitzeko organoak eratzeko eta organo horiek bilerak deitu eta egiteko eta erabakiak hartu eta aktak bidaltzeko, aurrez aurre egonda nahiz urrutitik jardun ahalko da, salbu eta beren barne erregelamenduan kontrakoa espresuki eta salbuespen gisa jasotzen bada.
2.– Urrutitik jarduteko, bete beharko da Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legean esaten dena baliabide elektronikoen bidez bermatzeaz kideen edo kideak ordezten dituzten pertsonen identitatea, kideen adierazpenen edukia, adierazpen horiek egiten diren unea nahiz kideen arteko elkarreragitea eta interkomunikazioa denbora errealean, eta bilkurak irauten duen bitartean bitartekoak eskuragarri egongo direla.
16. artikulua.– Bilera motak eta bileren maiztasuna. 1.– Bilerak ohikoak eta ezohikoak izan daitezke.
2.– Deialdiak ohiko bileretarako egin behar dira, oro har. Batzorde iraunkorrik badago, saileko kontseiluak urtean gutxienez bitan egin behar du ohiko bilera, eta batzorde iraunkorrak, berriz, gutxienez bi bilera seihileko bakoitzean. Batzorde iraunkorrik ez dagoen sailetan, aldiz, kontseiluak gutxienez ohiko bi bilera egin behar ditu seihileko bakoitzean.
3.– Ezohiko bilera egingo da aztertu beharreko gaiak direla eta hala egin behar denean, baita aplikatu beharreko arautegiak xedatutako kasuetan ere. Ezohiko bileretako aztergaien zerrendan ezin dira honako hauek agertu: aurreko akten onespena eta galde-eskeak.
4.– Premiazko bilerak ezohikoak izango dira eta deia gutxienez 24 ordu lehenago egin beharko da. Halakoetan, bileraren hasieran berretsi egin beharko da bilera egiteko arrazoia benetan premiazkoa dela. Berresten ez bada, bilera bertan behera geratuko da besterik gabe.
17. artikulua.– Bilerarako deia.
1.– Kide anitzeko organoetako buruek egin behar dute kasuan kasuko organoaren bilerarako deia.
Gainera, kide anitzeko organoko kideen edo saileko irakasle-ikertzaile doktoreen heren batek edo talde bateko kide guztiek hala eskatzen badute, organoaren bilerarako deia egin behar da. Bilera ezohikoa izango da, eta eskaera egin eta zazpi egun balioduneko epean egin behar da gehienera ere.
2.– Bilerarako deia organoko idazkariak bideratu behar du, aurrerapen nahikoaz eta, edonola ere, bilera baino hiru egun lehenago gutxienez. Bilera non egingo den, zein egunetan eta zein ordutan eta aztergaien zerrenda zehaztu behar ditu deian. Horretarako arrazoi justifikaturik egonez gero, aztergaien zerrendan puntu gehiago sartu ahal izango dira, bilera baino 24 ordu lehenagora arte.
Aztergaiei buruzko dokumentuak aurrerapen nahikoaz eskuratzeko aukera izan behar dute organoko kideek, eta, nolanahi ere, bilera baino 24 ordu lehenago.
Organoko kide guztiak edo horiek ordezten dituzten pertsonak bildurik daudenean, aurrez aurre edo urrutitik, modu baliodunean era daitezke kide anitzeko organo gisa, bilkurak eta deliberazioak egiteko eta erabakiak hartzeko, aurrez deialdirik egin gabe, kide guztiek hori erabakitzen badute.
3.– Edonola ere, aztergaien zerrenda osatzen duten puntuak zehatz-mehatz jasoko dira deian. Puntu horien artean agertu beharko dira organoko kideen gutxienez % 10ek edo talde bateko kide guztiek behar den garaian eta moduan eskatutakoak.
4.– Guztiak jakitun egon daitezen, deiak argitara eman behar dira organoari dagokion egoitzan eta bere jarduna betetzen duen gainerako gune guztietan, eman ere organoko kideei bilerarako deia egiten zaien egun berean.
18. artikulua.– Kide izatea eta leku hutsak betetzea.
1.– Kide anitzeko organoko ordezkari eginkizunak pertsonalak eta besterenezinak dira.
2.– Saileko Kontseiluan eta Batzorde Iraunkorrean gertatzen den hutsunea, hautagaitza-zerrendan aukeratua izan ez den hurrengoak beteko du, gehienez hilabeteko epean organoaren Idazkariak hutsunearen berri izan duen momentutik kontatuta.
3.– Organoa behin eratuta, bete gabe geratzen diren plazak kasuan kasuko zerrendako ordezkoek beteko dituzte. Aipatutako irizpideari jarraitu ondoren bete gabe geratzen den plaza kopurua talde bateko kideen % 50 baino handiagoa edo organoko kideen % 30 baino handiagoa bada, hauteskunde partzialak egingo dira. Modu horretara hautatutakoek ordezkari eginkizunak beteko dituzte ordezkatu beharreko kideen agintaldia amaitu arte.
19. artikulua.– Kide anitzeko organoetako kideen eskubideak eta betebeharrak.
1.– Kide anitzeko organoetako kideek organoen bileretara joateko eskubidea eta betebeharra dute, eta esparru arautegi honek ezartzen dizkien eginkizunak bete behar dituzte. Bileretara joateak unibertsitateko gainerako betebeharrak betetzetik salbuetsiko ditu organoko kideak, baina organoak beharrezko neurriak hartuko ditu kideak bileretara joan ahal izan daitezen eta aldi berean zerbitzua beteko dela bermatzeko.
2.– Kide anitzeko organoetako kideek eskubidea dute euren eginkizunak aurrera eramateko beharrezkoak izan ditzaketen dokumentazioa eta informazioa eskatu eta eskuratzeko. Beraz, sailaren arautegian jasota egon beharko da zeintzuk izango diren horretarako prozedura eta epeak. Besterik zehaztu ezean, kideek idatziz eskatu beharko dute nahi duten dokumentazioa. Eskarian adierazi beharko dute horretarako eskubidea dutela kide anitzeko organoko kideak direlako, eta labur azalduko dute nola dokumentazio hori behar duten beren eginkizunak bete ahal izateko. Eskatzaileak horretarako eskubidea daukala behin egiaztaturik, hamabost eguneko epean, gehienez ere, sailak haren esku jarriko du dokumentazioa saileko Idazkaritzan.
20. artikulua.– Kide anitzeko organoa eratzea.
1.– Kide anitzeko organoa balioz eratzeko, beharrezkoa da kideen gehiengo osoa egotea lehen deialdian, edo kideen heren bat egotea, gutxienez, bigarren deialdian. Lehen eta bigarren deialdiaren artean ordu laurdeneko tartea egongo da. Organoko buruak eta idazkariak beti egon behar dute bileran edo, bestela, euren ordezkoek.
2.– Kide anitzeko organoko titularra kanpoan edo gaixorik dagoenean, eta, oro har, bertan ez dagoenean horretarako arrazoiak emanda, ikastegiko idazkaritzan aurkeztu beharko du ordezkapen eskaera, eskolako batzarrerako deia egin eta 24 orduko epearen barruan. Batzarreko buruak erabakiko du ordezkapena onartu edo ez, kontuan hartuta eskaeran emandako arrazoiak. Erabakia aldekoa bada, eskaera egin duen pertsona ordezkatuko du hautagai zerrenda bereko lehenengo ordezkoak.
3.– Kide anitzeko organoa bigarren deialdian eratzeko beharrezko den quoruma botazio guztietan izango da beharrezkoa.
21. artikulua.– Bileren nondik norakoak.
1.– Kide anitzeko organoko buruak bermatu egin behar du bilera behar bezala betetzen ari dela eta, arrazoirik egonez gero, bertan behera uzteko erabakia har dezake.
2.– Eztabaidak aztergaien zerrendari jarraikiz egin behar dira. Dena dela, komenigarria izanez gero, kide anitzeko organoak bileraren ordena aldatzea erabaki dezake organoko buruak hala proposatuta.
3.– Ezin izango da eztabaidatu edo erabaki aztergai zerrendan jarri ez den gairik; eztabaidatu eta erabakitzeko, kide anitzeko organoko kide guztiek egon behar dute bilduta, eta gehiengoak erabaki aztergaia presakoa dela.
4.– Kide anitzeko organoko kideek eskubidea izango dute berba egiteko eta proposamenak aurkezteko aztergaien zerrendako puntu bakoitzean, betiere arautegi honi eta organoko buruaren jarraibideei men eginez.
5.– Beharrezko jotzen badu, organoko buruak gaia bozkatu aurreko eztabaidaren denbora muga dezake, bai eta ordura arte egon daitezkeen parte hartzeen kopurua ere.
6.– Kide anitzeko organoko buruaren iritziz egokia bada, kide ez diren pertsonak gonbida ditzake bilerara, aztergaien zerrendako punturen bati buruzko iritzia edo informazioa eman dezaten. Bileran gonbidatuak izan direla jaso behar da aktan, eta ez dute botorik emateko eskubiderik izango.
22. artikulua.– Bozketa.
1.– Erabakiak hartu ahal izateko, emandako boto baliodunen gehiengo soila behar izango da, Estatutuek, sailaren arautegiak edo gainerako lege xedapenek beste gehiengoren bat eskatzen duten kasuetan izan ezik. Beraz, proposamen bakarra dagoenean, aurrera egingo du kontrako baino aldeko boto gehiago lortzen baditu.
Bi proposamen badaude, aldeko boto gehien lortzen dituena onartuko da. Proposamenak bi baino gehiago direnean, emandako botoen gehiengo osoa lortzen duena onartuko da; edo, lehenengo botazioan boto gehien lortu dituzten bi proposamenak hartuta, bigarren botazioan boto gehien lortzen dituena.
Berdinketa izanez gero, berriro egingo da botazioa; orduan ere berdinketa izanez gero, organoko buruaren kalitate botoak erabakiko du.
2.– Botazioak isilpekoak izango dira, kide anitzeko organoko kideren batek eskatzen badu.
Dena dela, botazioa beti izango da isilpekoa pertsonei buruzkoa bada.
3.– Aurkako botoa ematen dutenek edo abstenitu egiten direnek ez dute erantzukizunik izango kide anitzeko organoak hartutako erabakietan, baldin eta jasota geratzen bada aurkako botoa eman dutela. Horretarako, botazioa isilpekoa denean, organoko idazkariari eman beharko zaio boto txartela botazioaren unean. Boto txartel hori aktari erantsiko zaio.
4.– Hauteskunde prozesuetan izan ezik, sailaren arautegiak botoa kide anitzeko organoko beste kide bati eskuordetzeko aukera jaso ahal du, bai eta arautu ere. Kide anitzeko organoko kide bakoitzak boto bakar bat izan dezake eskuordetuta. Organoko kideek idatziz adierazi behar dute botoa eskuordetu egin dutela, eta idatzi hori bilerako aktari erantsiko zaio.
5.– Kide anitzeko organoko kideek aktan agerraraz dezakete euren boto partikularra eta boto hori emateko arrazoiak. Halakorik egiteko asmoa izanez gero, bileran bertan adierazi beharko dute eta idatziz aurkeztu, 48 orduko epean, aktan jasota gera dadin. Unibertsitateko beste organo batzuei egindako proposamenak badira, kideen boto partikularrak beti aurkeztuko dira proposamenekin batera. Bestalde, euren parte hartzea edo proposamena aktan hitzez hitz jasotzea eskatzeko eskubidea dute organoko kideek. Horretarako, idatziz aurkeztu behar dute testua eskaera egin eta segituan edo, bestela, organoko buruak adierazitako epean.
23. artikulua.– Bilerako akta.
1.– Idazkariak bilerako akta jasoko du bi hizkuntza ofizialetan. Akta bileran bertan edo hurrengoan onartu beharko da. Idazkariak aktaren zirriborra bidaliko die organoko kideei bide elektronikoak erabiliz, eta kideek bide beretik adierazi ahalko dute testuarekiko adostasuna edo eragozpenak, testuaren onespena bideratzeko; baiezkoa emanez gero, bileran bertan onartutzat joko da.
Aktak onartu ostean, idazkariak sinatu behar ditu eta organoko buruak ontzat eman.
2.– Aktan honako hauek jaso behar dira nahitaez: bilerara etorri direnen zerrenda, eta bilera amaitu aurretik azalpena emanez ezin bertaratu izana adierazi dutenen berariazko aipamena; aztergaiak; bilera non eta zein ordutan egin den; bileran aztertutako puntuak; botazioak nola egin diren eta emaitzak; hartutako erabakien edukia eta eztabaidarako argudio nagusiak.
Kide anitzeko organoak egindako bilkura guztiak grabatu ahalko dira. Hala eginez gero, grabaziotik lortzen den fitxategia, grabazioaren autentikotasunari eta osotasunari buruz idazkariak egindako ziurtagiria eta bilkuran euskarri elektronikoan erabiltzen diren dokumentu guztiak bilerako aktarekin batera jarri ahalko dira, eztabaiden puntu nagusiak aktan jasotzeko premiarik izan gabe.
3.– Boto partikularrak ere jasoko dira aktan, kide anitzeko organoko kasuan kasuko kideek hala eskatzen badute. Kide anitzeko organoko kideek euren parte hartzea edo proposamena aktan hitzez hitz jasotzeko eska dezakete. Horretarako, idatziz aurkeztu behar dute testua eskaera egin eta segituan edo, bestela, organoko buruak adierazitako epean.
4.– Kide anitzeko organoko kideek aktan aldaketak egitea proposatuz gero, organoko hurrengo bileran onartuko da akta, gehiengoak aldeko botoa ematen badio.
5.– Kide anitzeko organoa aldatu baino lehen, bilera egin beharko da onartzeke dauden akta guztiak onartzeko. Bilera hori egitea ezinezkoa bada, akten zirriborroak bidaliko zaizkie kide anitzeko organoko kide zirenei, eta hamar eguneko epea eman edukiari buruzko erreklamazioak egin ditzaten. Esandako epearen barruan erreklamaziorik aurkezten ez bada, aktak onartutzat emango dira; erreklamaziorik aurkeztuz gero, berriz, kide anitzeko organo berrituak egin beharreko lehenengo bileran onartu beharko dira.
24. artikulua.– Erabakiak argitaratzea.
1.– Idazkariak kide anitzeko organoak hartutako erabakien fede eman eta ziurtagiriak egingo ditu.
2.– Sailaren arautegiak zehaztuko du hartutako erabakiak argitara emateko prozedura. Beranduen jota hiru egun balioduneko epean argitaratu beharko dira eta, betiere, datuak babesteko legeriak dioena errespetatuta. Organoko idazkariak eta buruak bermatu egin beharko dute bileran hartutako erabakiak argitaratu egiten direla eta gutxien dela hilabete bat egongo direla ikusgai. Arautegiak ez badu zehazten nola emango diren argitara erabakiak, sailak hartutako erabakien zerrenda jasoko duen ziurtagiria egingo du idazkariak, eta ziurtagiri hori emango da argitara. Ziurtagiria saileko idazkaritzako iragarki oholean jarriko da, bai eta sailaren ohol birtualean ere, halakorik egonez gero.
25. artikulua.– Erabakiak betearazi eta jakinaraztea eta errekurtsoak.
1.– Kide anitzeko organoak hartutako erabakiek onartzen direnetik aurrera izango dituzte ondorioak, erabakian bertan beste ezer adierazi ezean. Erabakien berri eman beharko zaie kasuan kasuko organoei.
2.– Pertsonei buruzko erabakiak, irakaslana esleitzekoak eta lanpostuen zerrendan edo kontratatutako langileen zerrendan eragina dutenak zuzenean jakinarazi behar zaizkie interesdunei. Erabakiek jakinarazpena egiten den unetik aurrera izango dute eragina, eta jakinarazpenak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legean xedatutako moduan egin beharko dira.
3.– Esparru arautegi honetan aipatutako kide anitzeko organoek hartzen dituzten erabakien kontra gorako errekurtsoa aurkez dakioke errektoreari, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legean zehaztutako baldintzak betez. Horretarako, hilabeteko epea egongo da, errekurrituko den erabakia aurreko artikuluaren arabera argitaratzen denetik hasita.
4.– Pertsonei buruzko erabakien kontra gorako errekurtsoa aurkez dakioke errektoreari, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legean zehaztutako baldintzak betez. Horretarako, hilabeteko epea egongo da, erabakia interesdunari jakinarazten zaionetik hasita.
II. KAPITULUA. KIDE BAKARREKO ORGANOAK
26. artikulua.– Xedapen orokorra.
1.– Saileko kide bakarreko organoak dira zuzendaria, idazkaria eta, egonez gero, sail ataleko koordinatzaileak.
2.– Saileko zuzendari, sail ataleko koordinatzaile eta idazkari akademiko karguetan aritzeko, arduraldi osoa izan behar da, legerian xedatutako salbuespenetan izan ezik.
1. ATALA. SAILEKO ZUZENDARIA
27. artikulua.– Saileko zuzendaria.
1.– Zuzendaria saileko kontseiluak aukeratuko du, saileko kide diren irakasle-ikertzaile iraunkor doktoreen artetik, eta UPV/EHUko errektoreak izendatuko du.
2.– Zuzendaria ez badago edo gaixorik jartzen bada, saileko idazkariak ordeztuko du, baina gehienez ere hilabete batez, egoera hori eragin duen gertaera jazo denetik zenbatzen hasita. Berdin jokatuko da organo eskudunak zuzendariaren abstentzioa edo errekusazioa deklaratzen badu. Ordezkotza bidez ematen diren erabaki eta egintzetan, inguruabar hori agerraraziko da, eta zehaztu beharko da zein den zuzendari titularra eta nor egiten ari den ordezkotza.
Absentzia edo gaixotasuna hilabetetik gora luzatzen bada, zuzendariaren ordezko dabilenak saileko irakasle-ikertzaileetako bat hautatuko du, jardunean daudenen artetik, behin-behinean idazkari lanak egin ditzan, eta berehala jakinarazi beharko dio errektoreari. Egoera hori hiru hilabete luzatzen bada, artikulu honetako hurrengo atalaren arabera jokatuko da.
3.– Sailean zuzendaririk ez badago, edo ezin baditu bete eginkizunak luzaroan, saileko idazkariak edo, bestela, saileko kategoria eta antzinatasunik handieneko kideak horren berri eman beharko dio idazkari nagusiari, eta batzorde iraunkorra edo, bestela, saileko kontseilua, premiazko bilerara deitu. Bilera horretan behin–behineko zuzendaria aukeratuko da baldintzak betetzen dituztenen artetik, baina, bitartean, kategoria eta antzinatasunik handieneko kideak beteko ditu saileko zuzendari eginkizunak, eta, era berean, bera izango da bilerako buru. Bestalde, artikulu honetan xedatutako eginkizunak betetzen ez badira, edo hiru hilabete baino gehiago igaro eta zuzendaririk aukeratu ez bada dena delakoagatik, errektoreak ofizioz izendatuko du aldi baterako zuzendaria, kasuan kasuko erantzukizunei kalterik egin gabe.
4.– Zuzendariaren agintaldia lau urtekoa izango da, gehienez jarraian bi mandatuko mugarekin.
5.– Zuzendariak Estatutuetako 180.2 artikuluan jasotako arrazoiengatik utziko du kargua. Estatutuetako 172. artikuluan Unibertsitateko Klaustroaren zentsura mozioari buruz zehaztutakoa saileko kontseiluari dagokiola ulertuko da.
28. artikulua.– Irakaslanetik salbuestea.
1.– Errektoreak irakaslanetik salbuetsi ahal izango ditu zuzendariak, gehienez ere arduraldiaren erdiraino.
2.– Agintaldia amaitzean, zuzendariak irakaslanetik neurri berean salbuetsita egoteko eskubidea du hasita dagoen lauhilekoa bukatu arte, ohiko azterketen aldia barne. Horretarako, gutxienez hiru urte eman behar izan ditu karguan. Hori baino epe laburragoa eman badu karguan, ez da onartuko horri dagokion zati proportzionalean egotea irakaslanetik salbuetsita.
29. artikulua.– Eginkizunak.
1.– Hauek dira saileko zuzendariaren eginkizunak:
a) Sailaren ordezkari izatea.
b) Saileko kontseiluko burua izatea, baita, dagokionean, saileko batzorde iraunkorreko burua ere, saileko arautegiari jarraikiz.
c) Saileko kideen eskari eta proposamenak jaso eta bideratzea.
d) Saileko administrazio eta zerbitzuetako langileen zuzendari funtzionala izatea.
e) Sailaren urteko memoria, eginkizunen plana eta txosten ekonomikoa egitea.
f) Saileko kide anitzeko organoek hartutako erabakiak betetzea.
g) Irakaskuntza eta ebaluazio probak normaltasunez eta benetan betetzen direla zaintzea.
h) Zientzia, teknika, giza zientzia eta artearen arloko ikerlanak egiteko sailak egiten dituen kontratuak sinatzea.
i) Isilpeko informazioa jasotzea eta diziplina espedientea irekitzeko proposamena egitea, betiere bere eskumenen arloan.
j) Irakasgaietako koordinatzaileak eta arloko koordinatzaileak izendatzeko proposamenak egitea eta bideratzea saileko kontseiluari.
k) Saileko beste organo batzuei eman ez zaizkienak, unibertsitateko gobernu organoek eskuordetutakoak eta Estatutuek nahiz indarreko legeriak esleitzen dizkiotenak.
2.– Era berean, lankidetza hitzarmenak sinatuko ditu, Gobernu Kontseiluaren jarraibideek xedatutako baldintzetan.
2. ATALA. SAILEKO IDAZKARIA
30. artikulua.– Izendapena eta kargu uztea.
1.– Saileko idazkaria errektoreak izendatuko du, zuzendariak proposatuta. Jardunean dauden irakasle-ikertzaileetako bat izango da.
2.– Honako hauek izango dira kargua uzteko arrazoi: dimisioa, heriotza, ezintasun legala, kargurako gaitasuna kenduta izatea, UPV/EHUko kide izateari uztea edo errektoreak hala erabakitzea, zuzendariak proposatuta.
3.– Idazkariari dagokio saileko idazkaritza akademikoak berezkoak dituen eginkizunak betetzea, baita zuzendariari laguntzea ere.
4.– Idazkariak saileko gobernu, ordezkaritza eta administraziorako kide anitzeko organoen ekintza eta erabakien fede ematen du; akta liburuak egiteaz eta zaintzeaz arduratzen da eta ziurtagiriak egiten ditu, hala erabakienak nola saileko dokumentazio ofizialean jasota dauden ekintza edo gertakarienak.
LEHENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Behin behineko azpisailak.
Sailei buruzko Erregelamendu Orokorraren Lehen Azken Xedapenak bere seigarren eta zazpigarren lerroaldeetan jasotakoari jarraituz, azpisail moduan iraungo dute, 2022ko abenduaren 31a iristean automatikoki desegin bitartean, honakook: Zuzenbide Zibila Saila zenak, Ekonomia eta Enpresa Fakultateko azpisailak, Lan Harremanen Fakultateko azpisailak eta Gipuzkoako Kanpuseko azpisailak.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Azpisail berriak.
Erregelamendu honetan bigarren artikuluan aurreikusi diren hiru azpisailak (Ekonomia eta Enpresa Fakultatean, Lan Harremanen eta Gizarte lanaren Fakultatean, eta Sailaren egoitzan), eraginik gabe egonen dira Lehenengo Xedapen Gehigarrian aipatutako azpisailak azkendu eta iraungi bitartean.
AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea.
Erregelamendu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta egun berean jarriko da indarrean.