3D odontologia
Odontologia protesiko eta zaharberritzailean, arrazoi tekniko eta erosotasun arrazoiengatik zein emaitzak aurreikusi ahal izateko, oklusioaren ebaluaziorako eta hortz-protesi eta zeharkako hortz-zaharberritzeak egiteko pazienteen hortz-uztaien igeltsuzko erreplikak (igeltsuzko modeloak) artikuladore deituriko instrumentu mekanikoetan muntatu ohi dira. Artikuladore mekaniko hauek, The Glossary of Prosthodontic Terms (bederatzigarren edizioa) glosarioaren arabera, loki-barailako artikulazioak eta masailezurrak adierazten dituzten instrumentu mekanikoak dira, zeintzuetara masailezurreko eta barailako hortz-uztaien igeltsuzko modeloak finka daitezkeen barailaren zenbait mugimendu edo mugimendu guztiak simulatzeko. Urteetan zehar, anatomiaren, barailaren mugimenduen eta printzipio mekanikoen inguruko ezagutza handiagoa eskuratu ahala, barailaren mugimenduak zehaztasun handiagoarekin simulatzen dituzten artikuladore mekanikoak garatuz joan dira. Paziente bakoitzaren barailaren mugimenduak modu zehatzagoan simulatu ahal izateko, artikuladore mekaniko hauek igeltsuzko modeloen muntaketarako zein parametro desberdinen doikuntzarako pazientearengandik hartutako erregistro desberdinak onartzen dituzte, hala nola hozkada erregistroak, arku fazial erregistroa eta zinematika mandibularraren erregistroa (1 irudia).
Hala ere, azken urteetan odontologian emandako aurrerapen teknologokoarekin batera, artikuladore mekaniko hauek artikuladore birtualengatik ordezkatuak eta/edo osatuak izaten ari dira odontologia arloko ordenagailuz lagundutako diseinu eta fabrikazioko (CAD/CAM) sistemetan (2 irudia). Artikuladore birtual hauek, besteak beste, honako abantaila hauek aurkezten dituzte:
- Oklusioaren analisi zinematiko bat gauzatzea ahalbidetzen dute
- Odontologia arloko CAD/CAM sistemen bidez modu estatikoan diseinaturiko hortz-protesi eta hortz-errestaurazioak zinematikoki zuzentzea ahalbidetzen dute
Hala, artikuladore birtual hauetan hortz-uztaien erreplika digitalen (inpresio digitalak) muntaketa zein parametroen doikuntza modu pertsonalizatu batean gauzatu ahal izateko, azken urteetan, pazientearengandik erregistroak modu birtualean hartzeko prozedura eta gailuak garatu dira.
Gainera, artikuladore hauek oklusioaren analisi zinematiko bat gauzatzea baino ez dutenez ahalbidetzen, oklusioaren analisi dinamikoa modu birtualean gauzatu ahal izateko dinamika mandibularra modu birtualean erregistratzea ahalbidetzen duten gailuak ere garatu dira.
Hala ere, odontologiako lan-fluxu digitaleko prozedura eta gailu hauek nahiko berriak dira eta garapen fasean dihardute. Hori dela eta, ikerketa-ildo honen barnean ikerketa talde hau ondorengo sei ikerketa-ildo espezifikoetan ari da lanean: