Zuzendaria
Aitor Biain Bidarte (1983)
Oñatiko (Gipuzkoa) Musika Eskolan hasi zituen ikasketak, klarinete, saxofoi eta kantu klaseak hartuz. Mondragon Unibertsitatearen eskutik, Informatikan Ingeniaria da eta Gasteizko Jesus Guridi Musika Kontserbatorioan kantuko ikasketak egin zituen Idoia Garmendia eta Miren Urbieta-Vegarekin. Ondoren, Musikaren pedagogian egin zituen ikasketak Euskal Herriko goi-mailako musika Ikastegian- Musikenen. Gaur egun zuzendaritza ikasketak egiten dihardu Gabriel Baltés-ekin (Abesbatza zuzendaritza) eta Arturo Tamayorekin (Orkestra zuzendaritza) Musikenen. Zuzendaritza ikastaroak egin ditu Euskal Herriko Abesbatzen Elkartearen eskutik, ospe handiko irakasleekin, hala nola, Werner Pfaff, Tamara Brooks, Carlo Pavese, Roland Berger, Johan Duijck, Laszlo Heltay, Juan Luis Martínez, Vasco Negreiros eta Basilio Astulez. Beste hainbat zuzendarirekin gauzatu ditu ikastaro eta seminario ugari (J. Casas, G. Graden, E. Carrasco, V. Miskinis, M. Guinand, N. Faran, J. Busto,...).
Euskal Herriko Unibertsitateko abesbatzaren zuzendaria da (EHU - UPV), baita Bergarako Orfeoiarena, Oñatiko Ganbara Abesbatzarena, Hots Abesbatza eta Ganbara Gazte-Txikirena ere. Talde guzti hauekin estatu eta Europa mailako hainbat bira egin ditu, eta Euskal Herriko (Baluarte, Kursaal, Euskalduna) nahiz atzerriko agertokirik ospetsuenetan zuzendu du. Hainbat eta hainbat sari irabazi ditu azken urteotan, talde mailan eta baita maila pertsonalean ere. Azpimarragarrienak, esaterako, 2017ko maiatzean Tours-eko (Frantzia) "Florilège Vocal" nazioarteko abesbatzen lehiaketan eta 2015eko abuztuan Arezzoko (Italia) "Fondazione Guido d'Arezzo" nazioarteko abesbatzen lehiaketan lortutako zuzendari onenari emandako sariak.
Bere berezitasuna ahozko a cappella errepertorioa da, baita garai guztietako ahozko-orkestarako literatura. 5 disko grabazio zuzendu eta editatu ditu eta J. Busto, J. Elberdin, D. Azurza, J. Guerrero, E. Ugalde, X. Sarasola etabarren 30 lanetik gora estreinatu ditu. Aldizka tailer eta seminarioak ematen dit. Carlos Menak zuzendutako Gasteizko katedraleko abesbatzaren zuzendari laguntzailea izan da.
Zuzentzeaz gain, Gabriel Baltés-ek zuzentzen duen KUP Taldean abesten du, baita Esteban Urzelaik zuzentzen duen Ars Kantu taldean ere. Honekin batera, Oñatiko Udal Musika Bandako kidea da.