Konputazio-teoria Materia Kondentsatuaren Fisikan
Gure taldeak gorputz askoko problemetan aplikagarriak diren konputazio-tresna berriak garatzen ditu, egoera solidoaren Fisikaren baitan. Bereziki, energia txikiko kitzikapenen azterketa teorikoa interesatzen zaigu (elektroi-fonoi elkarrekintza, supereroankortasuna, ezpurutasunak, etab) eta kitzikapen horiek duten eragina materialen propietateetan, hala nola, kargaren eta spinaren garraioa. Azken urteotan, Wannier-en funtzioetan oinarritutako tresnak garatu ditugu, elektroi-fonoi elkarrekintzari dagozkien matrize-elementuak oso modu eraginkorrean kalkulatzea lortuz. Berriki, gure taldeak Fermiren gainazaleko harmonikoetan (ingelesetik Fermi Surface Harmonics, FSH) oinarritutako esparru teoriko berria eraiki du. Horrek, materia kondentsatuaren Fisikako alorrean burutzen diren kalkuluen ahalmenean aurrerapauso iraultzailea egitea ahalbidetuko digu, beharrezkoa den konputazio eskakizuna magnitude-ordenetan txikitzen baitu. Oraintxe bertan, gure metodoa ezagutarazten saiatzen ari gara, Fisikako problema desberdinetan aplikatuz. Besteak beste, kargaren eta espinaren garraioa (bai materialen gainazalean, bai eta bolumenean ere), elektroi-fonoi teoria eta egoera elektronikoen birnormalizazioa, supereroankortasuna, ezpurutasun magnetikoen kalkulua eta sakabanaketa-problemak, anisotropia magnetikoa eta metodo ez perturbatiboen aplikazioa.