Jardueren Memoria 2017
Praktikak
2017an, guztira, 67 praktika egun egin dira “Saltillo” eskola itsasontzian. Horietatik 25 Bilboko portuaren inguruetara egindako egun bateko irteerak izan dira eta 42 udan egin ohi diren praktiketako bidaiak.
Praktika horietan 54 ikaslek hartu dute parte, 12 ikaslek batez beste irteera bakoitzeko.
Egindako bidaiak
“Copa Amérika” estropada Maiatzaren 4tik 8ra bitartean
Aurreko urteotan bezala, eta Asturiasko uretan “Copa Amérika” estropadara joateko urtero egiten diguten gonbitari erantzunez, maiatzaren 4an Santurtzitik abiatu eta maiatzaren 5ean iritsi ginen Luancoko portura.
Estropada maiatzaren 6an izan zen Luancoko eta Lastresko portuen artean. Egun horretan haize gutxi izan bazen ere, belaz nabigatu zen ibilbidearen zati handienean.
Maiatzaren 7an (larunbata) Lastrestik abiatu eta Santurtziko portura iritsi zen maiatzaren 8an (igandea). Hala, urteko lehen bidaia amaitu zen, eta lehen urteko ikasleak bidai batean egiten diren lanekin hasi dira ohitzen, hau da, ontziko guardia, bizikidetza eta lanekin.
“Historia de Vasconia” – “Fête de la mer” uztailaren 18tik 26ra bitartean
Bi arrazoi daude urteko bigarren bidai hau egiteko. Batetik, Signo Digital S.L. produkzio etxeak “Saltillo” eskola itsasontziaren laguntza eskatu zuelako irudi batzuk hartzeko Bermeo, Lekeitio, Deba eta Mutrikuko portuetan ETBk ekoiztutako “Historia de Vasconia” dokumentalerako. Bestetik, Donibane Lohitzuneko udalak “Saltillo” eskola itsasontziaren presentzia eskatu zuelako herri horretan urtero antolatzen den “Fête de la Mer” jaia dela eta.
Bi eskaerak batuta, bidai bakarra egin zen. Santurtzitik abiatu eta uztailaren 18an Bermeo, Getaria, Donibane Lohizune eta Mutrikuko portuetan atrakatu zuen. Uztailaren 23an eta 24an, Donibane Lohizunen atrakatuta egonik, “Saltillo” irekita egon zen jendeak bisita zezan. Tripulatzaileak arduratu ziren bisitariak atenditzeaz.
“Copa Gitana” estropada rallya Abuztuaren 14tik 26ra bitartean
Bilboko Real Club Marítimo del Abra - Real Sporting Club-ek urtero antolatzen du ontzi klasiko eta garaikoen “Copa Gitana” estropada Bilboko portuko uretan. Aurten, La Rochelle frantziar portuko ontzi klasiko ugariak etorri dira. Hori dela eta, rally bat antolatu da Euskadin barrena, eta “Saltillo eskola itsasontziak hartu du parte.
Abuztuaren 14an hasi da bidaia. Rally-a Hondarribi, Pasai, Mutriku, Bermeko eta Bilboko portuetatik pasatuz egin da. “Copa Gitana”estropada abuztuaren 25ean eta 26an egin da. Edizio honetan, “Saltillo”k bigarren postua lortu du sailkapen nagusian.
La Rochelleko “Le Grand Pavois” Irailaren 24tik urriaren 4ra bitartean
La Rochellen egon gara Eusko Jaurlaritzarekin dugun hitzarmena dela eta. Horren harira, “Saltillo”k Euskadiko kirol portuak eta, oro har, Euskadiko turismoa sustatu behar ditu “Le Grand Pavois” gauzatu bitartean.
2016ra arte, sustapen lana “Bassin des Chalutiers” dartsenan egiten zen, baina urte horretatik aurrera “Saltillo”k jaialdi nautikoan bertan atrakatzen du, hala itsasontzia errazago ikus daiteke eta oihartzun handiagoa lortzen dute Euskadiko portuek zein gastronomiak eta turismoak.
2016ko deialdian jende asko izan denez –UPV/EHUko ikasleek gure itsasontzia-standa bisitatzen zituztenen eskaera eta zalantzei erantzuten zieten–, urrats bat gehiago ematea eta Euskadiko enbaxadoreen rola finkatzea erabaki da erakunde publiko eta pribatuentzako sustapen lana garatuz liburuxka, irudi, nekazaritzako produktu eta elikagai eta abarren bitartez.
Edizio horretan karpa bat prestatu da eta bertaratutako jendeak itsasontzia bisitatu ahal izan du. Karpa horretan, hainbat jarduera eta erakunderi buruzko informazioa eskaini da:
- EKP (Euskadiko kirol portuak)
- Basquetour (Euskal kostaldeko turismoa)
- Euskolabel (Euskadin ekoiztutako nekazaritzako produktuak)
- Albaola (San Juan Baleontziaren proiektua)
- Itsas Festibala Pasaia 2018
- “La Victoire” Estropadaren III. Edizioa (Pasaiako eta Port Médoc-eko portuen artean)
- “Copa Gitana” belaontzi klasiko eta garaikoen eta tradizio espiritua dutenen estropada
- Euskadiko museoak
- Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea
Deialdi horretan, Frantziako telebista publikoak (TF3) hainbat konexio egin zituen zuzenean “Saltillo”ko bizkarretik audientzia handiko “Le matin” saiorako, eta standean egondako agintari batzuk ere elkarrizketatu zituzten.
Egunero, mila bisitari baino gehiago izan ziren kontabilizatuta. Era berean, politikaren arlokoak eta estatu mailako zein Europako Ekonomia Erkidegokoak eta erkidegoaz kanpokoak izan ziren.
Horiek horrela, “Saltillo”, oro har, Euskal Herria, eta bereziki euskal portuak, sustatzeko stand flotagarri gisa finkatu da. Arrakasta handia izan da Eusko Jaurlaritzarentzat eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearentzat, baita “Grand Pavois”en antolatzaileentzat, neurri handi batean jendeak gure eskola itsasontzia bisitatzeko aukera izan duelako.