Non ez argitaratu
Zein aldizkari edo argitaletxetan argitaratu erabakitzerakoan, oso garrantzitsua da «aldizkari eta argitaletxe harrapariak» saihestea. Halakoek azkar eta erraz argitaratzeko modua ematen dute, baina ez dute kalitate irizpiderik betetzen, ez daude datu base bibliografikoetan sartuta eta inork ez ditu kontuan hartzen akreditaziorako edo seiurteetarako.
Zer diren aldizkari eta argitaletxe harrapariak
Benetako aldizkari akademikoen itxura izaten dute:
- Itzal handiko aldizkarien izenen antzekoak izaten dituzte.
- Eragin faktorea daukatela diote,eta itzal handiko datu basetan indexatua izatea adierazten dute. Gehienetan, faltsua da.
- Erakunde akademikoei lotuta agertzen dira.
Hala ere:
- Lotuta daudela dioten erakundeak faltsuak izan ohi dira edo kokapen geografiko faltsua ematen dute.
- Ez daukate argitalpen kontseilurik (edo asmatua dute) eta edozer argitaratzen dute, edukien kalitate kontrolik gabe.
- Ez dute informaziorik ematen egileentzako jarraibideez edo lanak gainbegiratzeko prozesuaz.
- Argitaratzeko oso epe laburrak iragartzen dizute, argitalpen akademikoetan inolaz ere ohikoa ez dena.
- Mezu elektroniko masiboen bidez jo ohi dute ikertzaileengana
- Maiz, artikulua argitaratzeko tasa baten ordainketa eskatzen dute (APC edo “article processing charge” esagututakoak), eta horrek iruzurra areagotzen du.
Identifikatzen laguntzen dizuten baliabideak
- Beallen zerrenda (Beall’s List). «Balizko aldizkari eta argitaletxe harraparien» zerrenden bide-aurrekoa da, Jeffrey Beallek (Koloradoko Unibertsitateko liburuzainak) sortua. Azken urte hauetan ez da eguneratua izan. Jeffrey Beall-en aurkezpena aldizkari harrapariei buruz (bideo, 2021ko martxoa).
- Ikerketaren-ebaluazioa atalean, aldizkari eta argitaletxeek eraginik duten, datu baseetan ote dauden edo argitalpenen kalitate irizpiderik betetzen ote duten egiaztatzeko baliabideak aurkituko dituzu.
- Principles of transparency in Scholarly Publishing
- Otawako Unibertsitatearen gomendioak
- Committee on Publication Ethics (COPE). COPE erakundeak argitaratzearen inguruko praktika etikoak sustatzen ditu. Orri honetan begira dezakezu aldizkaria COPEko kidea den.
- Think, Check, Submit. Web orri horretan zerrenda bat aurkituko duzu, ikertzaileei aldizkari fidagarriak identifikatzen laguntzekoa.
Kontsulta pertsonala egin gura baduzu, hementxe dituzu gure helbide elektronikoak eta telefonoak:
Arabako Campusa: ar-bib.ikerkuntza@ehu.eus Tf.: 945 013325
Bizkaiko Campusa: bi-le-bib.ikerkuntza@ehu.eus Tf.: 94 6012252
Gipuzkoako Campusa: gi-bib.ikerkuntza@ehu.eus Tf.: 943 018124
Prestakuntza ikastaro bat eskatu.