Zer dira Eraldatze-akordioak?
Azken urteotan, bai Europako Batzordean (2008), bai Espainiako estatuan (2011), lege-esparruan izandako aldaketak funts publikoekin finantzatutako ikerketen ekoizpena sarbide irekian (OA) argitaratzera behartu ditu ikertzaileak.
2011n, UPV/EHUk ADDI erakunde-biltegia sortu zuen, eta, hala, irekian hedatzeko sustapenari ekin zion. Berlingo deklarazioa sinatu ondoren, 2017an Unibertsitateak sarrera irekiari buruzko politika instituzionala argitaratu zuen. CRUEk 2019an Compromisos de las Universidades Españolas ante la Open Science argitaratu zuen. Konpromiso hauen artean, besteak beste, "argitalpen zientifikoen editoreekin egingo den negoziazio orotan berehalako sarbide irekia ezartzea eta, aldi berean, bidezko prezioa ordaintzea sustatu zuen. Prezio horrek ez du inola ere egungoa baino gastu handiagoa ekarri behar, komunikazio zientifikoaren sistema jasangarria izan dadin".
Zientzia Irekira begira eginiko aldaketa eta ekintza horiek Eraldatze-Akordio jakin batzuk sortu dituzte. Eraldatze-akordioak instituzioen eta argitaletxeen arteko kontratuak dira, edizio akademikoaren oinarri den negozio-eredua aldatzea helburu dutelarik, harpidetza-eredu batetik beste eredu batera pasatuz, non argitaletxeek bidezko prezioa jasoko duten sarbide irekiko argitalpen-zerbitzuengatik. Era horretan, egileak APCak (article processing charge) ordaintzetik salbuetsita geratzen dira hitzarmenari atxikitako aldizkarietan.