Unibertsitatearen Gordailua (ADDI) erabiltzeko irizpideak
Gobernua Kontseiluak onartua 2017.eko maiatzaren 11an
Hitzaurrea
UPV/EHUren gordailua, ADDI, 2011ko maiatzean jarri zen martxan. Unibertsitateko Bibliotekak gestionatzen du eta helburu dauka unibertsitateko kideek garatutako ekoizpen intelektuala antolatzea, artxibatzea, zaintzea, hedatzea eta ahalik eta ikusgarrien egitea.
Gainera Europako oinarrietan (H2020) eskatutako estandarrak betetzen ditu, bai eta Espainiako erakundeek argitaratutako zuzentarauak ere (FEC eta Recolecta).
Edukiak eta bildumak
ADDI diziplina guztietako agiri digitalen gordailua da, UPV/EHUn irakaskuntzaren eta ikerketaren arloan lortzen diren emaitzak gordetzeko asmoz sortua.
Gordailuan materiala gordetzeko baldintzak:
- Lanaren egileak UPV/EHUko sail edo institutu batekoak izatea edo UPV/EHUrekin lankidetzan ari den erakunderen batekoa.
- Lana ikerketaren arlokoa, zientziaren zabalkunderakoa edo irakaskuntzaren arlokoa izatea.
- Formatu digitalean egotea.
- Lan osoa izatea eta ez iragankorra.
- Lanaren egileak eta copyrightaren erakunde titularrak ahalmena izatea eta prest egotea lizentzia ez esklusiboa emateko erakundearen gordailuan gorde eta gordailuaren bidez zabalkundea emateko.
Egileak argitaletxeren bati edo erakunderen bati eman dizkionean eskubideak, erakundearen gordailuak lan osoa sartuko du, baldin eta argitaletxearen edo erakundearen baimen politikei jarraituz aukerarik badago sarbide irekian gordetzeko lana edo lanaren bertsioren bat.
Argitaratu gabeko lanen kasuan, egilearenak dira jabetza intelektualaren eskubideak, eta lana argiratzeko eskubideak modu ez esklusiboan emango ditu bere lana jendaurrean jartze aldera.
Erakundearen gordailuak zientziaren edo irakaskuntzaren arloko honako lanak onartuko ditu:
- Preprint-ak, postprint-ak eta aldeek gainbegiratutako editorearen bertsioak, kontuan izanda copyrightaren eskubidea daukan argitaletxeak edo erakundeak arloan daukan politika.
- Biltzarretako, jardunaldietako, mintegietako eta bilera zientifikoetako komunikazioak, aurkezpenak eta posterrak.
- Txosten teknikoak, memoriak, azterlanak, lan agiriak, inkestak…
- Doktoreko eta masterreko tesiak, ikerketa proiektuak, ebaluatutako gradu amaierako lanak, baldin eta ikastegiaren kalitate irizpidea gainditu badute eta, beti ere, egile eskubideen titular guztiek berariazko baimena eman badute.
- Patenteak.
- Artearen arloko katalogoak.
- Ikerketako datu bildumak (Datasets).
- Material didaktikoa eta zabalkundeko lanak.
- Soinu grabazioak eta ikus-entzunezkoak.
- Informatikako programak.
- Irudiak eta argazkiak.
-
Digitalizatutako materiala:
Betiere, beharrezko baimen guztiak izanda egile eskubideen arloan, eta lan digitalizatuen kopiak onartuko dira antzinakoak izanik Interneten bertsio elektronikorik ez badago. - Mapak
- Aipuak.
Gordailuko materiala modu egokian banatuko da gordailuak dituen komunitate eta bildumetan, kontuan izanda zein motatakoa den materiala eta/edo jatorria.
Formaturik ohikoenak onartzen dira, baina irisgarritasuna oinarri hartuta eta modu digitalean gorde ahal izateko, web gunean erraz irakurtzeko moduko formatua da egokiena (adibidez, PDFa). Hori kontuan hartuta, gordailuak bere egiten du agiriak formaturik egokienera aldatzeko eskubidea edo tamaina handikoak zatitan banatzekoa, horrela irisgarritasuna hobetzeko; edozelan ere, ez zaio kalterik eragingo lanaren edukiari.
Edukiei buruzko politika hau berrikusi eta aldatu egin daiteke egoki izanez gero.
Zerbitzuak
Unibertsitateko Bibliotekak unibertsitateko kideen eskura jarriko ditu zenbait zerbitzu gordailua erraz eta eraginkor erabili ahal izateko.
- Gordailuko ekimenak koordinatzen ditu.
- Erabiltzaileei gordailua erabiltzeko laguntza teknikoa ematen die.
- Autoartxiboa gainbegiratu eta zuzenketak egiten ditu egoki denean.
- Gordailuaren funtzionamenduari buruzko ikastaroak antolatzen ditu.
- Azterlanak, txostenak, eskuliburuak eta zabalkunderako materiala egiten du.
- Lanak formatu digitalean gordetzeari buruzko politikak diseinatu eta ezartzen ditu.
- Gordailuko softwarerako funtzio berriak ezartzen ditu zerbitzu gehiago eta hobea eskaintze aldera.
Zerbitzuei buruzko politika hau berrikusi egin ahalko du Bibliotekak.
Lanak gordailuan uztea.
Ohiko prozedura da egileak berak artxibatzea lana. Hori posible ez bada, Bibliotekak, egilearen izenean, kargatuko ditu agiriak eskuordetutako artxibo zerbitzuaren bidez. Horretarako, agiri bat sinatuko du edo posta elektronikoz mezua bidali ados dagoela adierazteko.
Bibliotekako teknikariak dira artxibatzeko baimenak gestionatzen dituztenak, ikerlarienak, irakasleenak zein lanak gordetzeko ardura eman zaien pertsonena. Bibliotekak baimena emateko, honako baldintzak bete behar dira:
- Lanaren egilea edo egileetako bat UPV/EHUko sail edo ikerketa institutu batekoak izatea edo UPV/EHUrekin lankidetzan ari den erakunderen batekoak. Ikertzaileak edo irakasleak UPV/EHUn lan egiteari utziz gero, ordura arte gordailuan artxibatutako lan guztiak bere horretan utziko dira.
- Irakasle emeritua izatea.
- UPV/EHUko administrazio eta zerbitzuetako langileek beren ekoizpen intelektuala gorde dezakete, nahi izanez gero.
- Irakaskuntzako lankidea izatea.
Lan gordailuan uzteko prozedurari amaiera emateko, egileak banaketarako lizentzia ez esklusiboa eman beharko du, horren bidez gordailuari baimena emateko lana artxibatu eta irekian hedatzeko eta lana zaintzeko. Lana argitara gabea bada eta egileak egile eskubideen jabe badira, Bibliotekaren aholkua da Creative Commons lizentzia esleitzea.
Erregistroak editatzea, gordetzea, ordezkatzea eta suntsitzea
Bibliotekak zenbait aldaketa egin ditzake gordailuan utzitako lanetan: mapatzeak egin, erregistroen bildumak aldatu, erregistro osoak ezabatu, artxiboak suntsitu eta, bahituren kasuan, sarbide irekia aktibatu hori bukatzean.
Gordailuak, helburu izanik unibertsitateko kideen ekoizpen intelektuala zaintzea, ez dauka bere egitekoen artean erregistroak suntsitzea. Aparteko kasuetan, baina, suntsi ditzake egilearen beraren baimenik gabe, baldintza hauetan:
- Egokiak ez badira.
- Formatu egokian ez badaude eta ezinezkoa bada formatua aldatzea behar bezala ikusteko eta biltegiratzeko.
- Beste arazo teknikoren bat badauka.
- Egile eskubideak urratzen baditu: ikusiz gero argitaratutako lanen batek ez daukala baimenik sarbide irekian argitaratzeko, berehala ezabatuko da eta, ahal izanez gero, egilearekin harremanetan jarri eta lanaren beste bertsio bat eskatuko zaio, gordailuan jartzeko arazorik ez daukana.
- Plagioak badira.
- Bizkoiztuta badaude
- Jatorrizko iturriak kendu egin baditu.
Estatistikak
Gordailuaren gestiorako erabiltzen den programak berez egiten ditu estatistikak, eta datu horiek erabil daitezke analisiak egiteko: UPV/EHUko irakaskuntzako eta zientziaren arloko lanen hedakuntza, ikusgarritasuna eta irisgarritasuna neurtzeko, hain zuzen ere. Estatistikak ez ezik, edukiak zein heinean hazten diren ere kalkulatzen du, materialen tipologia, bisiten ereduak eta deskargak.
Eduki digitalak epe luzerako gordetzea
Gordailuan dauden eduki digitalak epe luzean gordeta izateko asmoz, zenbait bitarteko ezartzen dira, adibidez: backupak, euskarri magnetikoan biltegiratzea, formatu seguruetara bihurtzea lana, artxiboen integritatea egiaztatzea artxiboak hondatu ez daitezen, formatu eta software zaharkituak eta metadatuak migratzea.
Pribatutasuna.
Gordailuak egileen pribatutasuna errespetatuko du, eta, beraz, egileari buruzko informazioa altak emateko baino ez da erabiliko, hau da: agiriak gordailuan utzi ahal izateko alta emateko eta alerten zerbitzua aktibatzeko.