FAQ Programas de movilidad

Ohiko galderak: ikasketetako nazioarteko mugikortasun programak

I- BALDINTZA OROKORRAK

1. Egin dezaket eskaririk atzerriko unibertsitate batera joateko ezinbestekoa bada hizkuntza bat jakitea eta baldintza hori betetzen ez badut?

Bai, egin dezakezu eskaria, baina ez da kontuan hartuko esleipena egiterakoan, eta, beraz, aukera bat galduko duzu.

2. Atzerriko unibertsitatera joateko hizkuntza jakin bateko maila jakin bat gomendatzen bada eta nik egiaztagiririk ez badaukat, egin dezaket eskaria?

Bai, egin dezakezu eskaria eta esleipenean parte hartuko duzu, baina lehentasuna izango dute hizkuntza horretako egiaztagiria duten ikasleek. Plaza lortuz gero, zeure ardura izango da hizkuntza ikastea.

3. Hizkuntza egiaztatzeko, kontuan hartzen da eskariak egiteko epetik kanpo egindako azterketa?

Ez, ez baitago bermatuta azterketa gainditu duzunik eta egiaztagiria lortuko duzunik. Deialdian adierazitako epean aurkeztutako egiaztagiriak baino ez dira kontuan hartuko.

4. Hizkuntzak egiaztatzeko, zein agiri dira baliodunak?

Esleipenean 0,5 lortzeko, kontuan hartzen dira Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko ziurtagiriak. Ziurtagiri ofiziala izan beharko da atzerriko unibertsitateko eskolak ematen diren hizkuntzari dagokiona. Puntuazioa gorabehera, gomendatzen da aurkeztea hizkuntzaren jakite maila egiazta ditzaketen agiri guztiak (akademietako ziurtagiriak, ikastaroetako matrikulak, etab), hautaketa prozesuan kontuan hartzeko.

5. Zenbat denbora joan naiteke?

Atzerriko unibertsitateko egonaldiaren iraupena bi unibertsitateek sinatutako hitzarmenean zehazten da.

6. Eska dezaket 9 hilabeteko egonaldia (ikasturte osoa) lauhileko bakar bat egiteko?

Ez. Zuk nahi duzun egonaldiarekin bat datozen plazak eskatu behar dituzu.

7. Eska dezaket 4 edo 5 hilabeteko (lauhileko bat) plaza bat eta ikasturte osoa egin bertan?

Bai, baina Erasmus plazetan eta ikastegiko bertako Latinoamerika eta Beste Norako Batzuk programako plazetan baino ez, eta, betiere, atzerriko unibertsitatearen, fakultateko Nazioarteko Harremanen arloko dekanotzaren eta NHBaren oniritzia beharko duzu. Eskaria atzerriko unibertsitatean zaudenean egin beharko duzu. EZ da baimenik emango 4. mailako 2. lauhilekorako. Informazio zabalagoa duzu fakultatearen web gunean, programa bakoitzaren egonaldia luzatzeari buruzko atalean.

8. Lauhileko bateko plaza eskatu dut 2. lauhilekorako. Alda dezaket 1. lauhilekorako?

Bai. Lauhileko plaza behin esleituta, aldatzeko aukera dago ikasketetarako lauhileko egokiena aukeratzeko.

9. Zergatik ez dira lauhilekorako eskaintzen Latinoamerika eta Beste Norako Batzuk programako plazak?

Plaza hauek lauhilekoka baino ez dira eskaintzen. Eskaria egitean, baina, aukera dago ikasturte osoa eskatzeko (bi lauhilekoak markatuta) edo lauhileko bakar bat (1. edo 2. lauhilekoa markatuta).

10. Zein egutegi daukate Latinoamerikako unibertsitateek?

Kontuan izan behar da UPV/EHUko 1. lauhilekoa hango unibertsitateko 2. lauhilekoa dela eta alderantziz.

11. Zer da kupo orokorra Latinoamerika eta Beste Norako Batzuk programetan?

Adierazi nahi du UPV/EHUko edozein ikaslek egin dezakeela eskaria, eta, beraz, horrelako plaza bat eskatuz gero, fakultateko ikasleak ez ezik, unibertsitateko gainontzeko ikasleak ere izango dituzu lehiakide. Plaza hauek NHBak esleitzen ditu.

12. Zein mailatan egin dezaket Erasmuserako eskaria?

Eskaria egiteko 2. mailako matrikula eginda izan behar duzu. Hala ere, ikastegiko araudiaren arabera, esleitutako plazara joan ahal izateko, irakasgai bakar bat izan dezakezu gainditu gabe (lehenengo mailakoa edo bigarrenekoa). Informazio zabalagoa duzu fakultatearen web gunean Mugikortasun programei buruzko arautegian.

13. 3. mailako irakasgairen bat gainditu gabe badaukat, egin dezaket eskaria eta joan naiteke atzerriko unibertsitatera (plaza lortuz gero)?

Bai. Arautegiak 1. eta 2. mailako irakasgaiak baino ez ditu aipatzen. Baina kontuan izan behar duzu ea atzerriko unibertsitatean egin beharreko gutxieneko kreditu kopurua betetzen duzun.

14. Eska dezaket plaza bat graduz aldatzeko asmoa badaukat?

Ez. Epeak ez dira bateragarriak. Mugikortasun plaza indarreko matrikulako titulaziorako eskatu behar duzu eta mugikortasun programan hasten zarenean ere titulazio horretan egon behar zara.

15. Joan naiteke mugikortasun programara 4. mailan?

Bai, baina gomendioa da 1. lauhilekoan joatea, GRALa ezin baitaiteke egin ez defendatu atzerriko unibertsitatean. Ikusi fakultatearen web gunean GRALari buruzko aholkuak.

16. Egin dezaket GRALaren defentsa ikasturte osoko mugikortasun programatik itzultzean?

UPV/EHUko mugikortasunari buruzko arautegia betetzeko mugikortasunaren iraupenari eta denbora horretan ikasleek matrikulatuta izan behar dituzten kredituei dagokienez zeure gain hartu beharko zenuke Gradu Amaierako Lanaren (GRAL) matrikula ikastegiko idazkaritzak ezarritako epearen barruan egiteko ardura, eta Arte Ederren Fakultateko gainontzeko ikasleek eginbeharreko izapide guztiak egin beharko zenituzke.

17. Hartu dezaket parte behin baino gehiagotan nazioarteko mugikortasun programetan?

Titulazio bakoitzean bi aldiz hartu daiteke parte mugikortasun programetan. Adibidez, Erasmus+ programan bi aldiz hartu daiteke parte, betiere, gehienez ere 12 hilabete eginda beste unibertsitate batean; aldiz, gainerako programetan BEHIN baino ezin da parte hartu.

Hala ere, plazak esleitzerakoan, lehentasuna daukate nazioarteko programa betean inoiz parte hartu ez dutenek, titulazio berean zein beste batean.

II- ESKARIAK, ESLEIPENA ETA PLAZA ONARTZEA

18. Noiz eska dezaket nazioarteko mugikortasuneko plaza bat?

Unibertsitateak Nazioarteko Harremanetako Bulegoaren (NHBa) bidez ematen du argitara deialdia, eta bulegoaren web gunean dago informazioa.

Fakultatearen web gunean ere eskuragarri dago informazioa “Mugikortasun programak” atalean.

19. Zein unibertsitate dago aukeran?

Aukeran dauden unibertsitateak titulazio bakoitzerako unibertsitateen artean sinatutako hitzarmenen araberako da. Eskaintzen diren plazak fakultatearen web gunean daude argitaratuta, bai eta GAUR aplikazioan ere. Komenigarria da unibertsitatea aukeratu aurretik ikustea zein irakasgai egin dezakezun beste unibertsitatean eta zein irakasgai aitortzen dituen UPV/EHUk. Horretarako, atzerriko unibertsitatearen eskaintza aztertu behar duzu: web gunean izaten du argitaratuta. Horrez gain, komenigarria da jakitea zein hizkuntza eskakizun daukan, zein den herrialdearen bizi maila eta ostatu hartzeko aukerak.

20. Zer egin behar dut plaza eskatzeko?

Behin deialdia argitaratuta, eta deialdian zehaztutako epean, GAUR aplikazioan egin behar duzu eskaria (Explorer edo Mozilla nabigatzaileak erabili). Gogoratu GAUR erabiltzeko zure LDAP behar duzula (erabiltzailea eta pasahitza; matrikula egitean ematen dizkizute). Ez duzu paperean egin beharrik. Erantsi beharreko agiri bakarrak dira hizkuntza egiaztagiriak.

21. Zer egin behar dut GAUR erabiltzeko behar dudan pasahitza ahaztu badut edo blokeatuta badaukat?

Fakultateko idazkaritzarekin edo Nazioarteko Harremanen bulegoarekin harremanetan jarri beharko duzu.

22. Zenbat unibertsitate aukera ditzaket?

8 unibertsitate aukera ditzakezu, programa berean edo programa desberdinetan. Aukera egitean, zure nahiaren araberako hurrenkeran ordenatu behar dituzu zure aukerak.

23. Eskaria behin eginda, egin dezaket aldaketarik?

Ez. Fakultateko Nazioarteko Harremanen Dekanotzara mezu bat bidali behar duzu, posta elektronikoz, eskatutako unibertsitateak aldatzeko edo hurrenkera aldatzeko, baina, beti, eskariak egiteko epearen barruan egin behar duzu hori.

24. Hizkuntza garrantzitsua da?

Plaza batzuetarako hizkuntza maila jakin bat behar da, atzerriko unibertsitateak berak ezarria. Beraz, plaza batek hizkuntza baterako derrigorrezko maila bat baldin badauka, eskaria egitean egiaztatu egin behar da maila hori; egiaztagiria izan ez arren eskaria eginez gero, ofizioz ezetsiko da. Plaza batzuek ez dute hizkuntza eskakizunik (plazen zehaztasunetan ageri da jasota); hala ere, esleipena egitean, kontuan hartuko da aukeratutako herrialdeko hizkuntza ofizialean ezagutza egiaztatua izatea, eta ingelesa jakitea beti baloratzen da. Ingelesa baloratzeak, baina, ez du esan nahi atzerriko unibertsitatean ingelesez izango dituzunik eskolak: gerta daiteke unibertsitateak ez eskatzea hizkuntza maila jakin bat eta eskolak herrialdeko hizkuntzan ematea. Adibidez: Italiako unibertsitate batek ez du zehazten italiera jakin behar denik; ikasleak ingeleseko B2 maila egiaztatzen du eta kontuan hartzen zaio baremazioan. Hala ere, gerta daiteke eskolak italieraz izatea.

25. Zein irizpide erabiltzen da hautaketa egiteko?

Eskariak deialdian zehaztutako oinarrien arabera barematzen dira. Kontuan hartzen dira: espediente akademikoko batez besteko nota (aurreko ikasturte amaieran eskuratutako espedientekoa); egiaztatutako hizkuntza maila; buddy programan parte hartu izana. Lortutako puntuazioa gorabehera, lehentasuna daukate nazioarteko programa batean inoiz parte hartu ez duten ikasleek.

26. Nola egiten da aukeraketa?

Lehenengo txandako esleipena behin-behiko argitaratu aurretik, fakultateak, epeei jarraikiz, plazak aukeratzen ditu. Adibidez: 8 unibertsitate aukeratu dituzu eta fakultateak 5. aukeran aukeratutako unibertsitatea esleitzen dizu Erasmus programarako. 6., 7. eta 8. aukerak ez dira aurrerantzean aukera lehenetsiak izango. NHBak egiten duen esleipenean, baina, bigarren aukeran eskatutako unibertsitatea esleitzen dizute kupo orokorrean, eta, adibidez, Kanadako unibertsitatea ematen dizute Beste Norako Batzuen programan. Horrela, 3., 4. eta 5. aukerak ere ez dira aurrerantzean lehenetsiak izango (5. aukera hori koordinatzaileak esleitutakoa zan). Eskarian aukeratutako 1. unibertsitatea itxaron zerrendan geratuko da 2. txandako esleipenerako.

27. Lehenengo txandan plaza bat esleitu didate. Zer egin behar dut?

Plaza behin esleituta, mezu bat bidaliko dizute posta elektronikoz (“ikasle” postara) eta mezuan azalduko dizute zer egin behar duzun GAUR aplikazioaren bidez, eta adierazitako epearen barruan, plana onartzeko edo plazari uko egiteko. Jarraibide horiek fakultateko web gunean eta NHBaren web gunean daude argitaratuta. Erantzun ezean, omisioz uko egin duzula ulertuko da eta zigorra jarriko dizute.

28. Zer gertatzen da plazari uko egiten badiot?

Uko eginez gero, 2. txandako esleipenak egin arte itxaron behar duzu, eta itxaron zerrendan daukazun plazaren bat ematen dizuten ikusi. Gure adibidean, plaza hori 1. aukeran zeneukan unibertsitatea izango litzateke; gerta daiteke, baina, plazarik ez lortzea.

29. 1. esleipenean plaza lortu eta onartzen badut, badaukat aukerarik 2. txandan aukera hobea lortzeko?

Bai. 1. txandan lortutako plaza onartu dezakezu (gure adibidean, 2. aukera) eta 2. txandara itxaron (fakultatekora zein NHBkora) eta ikusi zer gertatzen den itxaron zerrendan daukazun plazarekin (gure adibidean, 1. aukera).

30. Plaza bat onartu dut 1. txandako esleipenean, eta 2. txandan beste plaza bat esleitu didate. Zer egin behar dut?

Ez baduzu nahi 2. txandan eman dizuten plaza, uko egin behar diozu. 2. txandako plaza nahi baduzu, onartu egin behar duzu eta uko egin 1. txandan onartu duzun plazari. Plaza bakar bat izan dezakezu onartuta.

31. Bukatu dira 1. eta 2. txandako esleipenak eta ez dut plazarik lortu. Badaukat, hala ere, plazaren bat lortzeko aukerarik?

Bai. Zure aukeretako batean ere ez baduzu plazarik lortu, itxaron fakultatean berriro ere esleipenak egin arte hutsik geratu diren plazak esleitzeko. Fakultateko Nazioarteko Harremanen Dekanotzakoak zurekin harremanetan jarriko dira posta elektronikoz, eta, kontuan izanda atzerriko unibertsitateak jarritako baldintzak (adibidez, hizkuntzak), zein plaza dituzun aukeran esango dizute eta berriz ere aukeraketa prozesuan sartuko zara plaza horiek aukeratu dituzten ikasleekin lehian.

32. Bukatu da eskariak egiteko epea. Nola jakingo dut zein den nire plaza?

Prozedura behin amaituta, plaza lortu duten ikasleen behin betiko zerrenda argitaratzen da, Nazioarteko Harremanen Bulegoko web gunean eta fakultateko web gunean, programa bakoitzaren hautaketa eta argitalpena atalean.

33. Alda dezaket esleitu didaten unibertsitatea?

Ez. Eskarian zehaztu duzun unibertsitate baterako plaza esleitu badizute, ezin izango duzu aldatu nahiz eta unibertsitate hori zure azken aukera izan. Horregatik da garrantzitsua zuri interesatzen zaizkizun unibertsitateak bakarrik aukeratzea eskarirako.

34. Plaza behin onartuta, egin ahal diezaioket uko?

Beti dago uko egiteko aukera GAURen bidez, baina arrazoia zehaztu behar da beti. Mugikortasun aldia hasi bada eta ez baduzu ukorik egin, zigortua izan zaitezke. Ikusi deialdiko oinarriak, NHBaren eta fakultatearen web gunean argitaratuak.

III- JOAN AURRETIK

35. Onartu dut plaza, zer egin behar dut orain?

Atzerriko unibertsitatearen web gunean ikusi behar duzu zein dokumentu aurkeztu behar duzun eta zein epetan. Unibertsitateak eskatutako agiri guztiak (Application Form, pasaportearen kopia…) bidali beharko dituzu epearen barruan. Fakultateko Nazioarteko Harremanen Dekanotzan laguntza emango dizugu izapideak egiteko, besteak beste, mugikortasuneko koordinatzailearen oniritzia beharko baituzu.

36. Non eskura dezaket izapideei buruzko informazioa?

Posta elektronikoz hartuko duzu informazioa eta fakultatearen web gunean ere eskuragarri duzu atzerriko unibertsitateei buruzko informazioa.

37. Zein irakasgai ikas dezaket atzerriko egonaldian?

Atzerriko unibertsitatearen eskaintza akademikoa ikusi jakiteko zein irakasgai ikas dezakezun eta zein aitortuko dizugun hona bueltatzean.

38. Zer da Learning Agreement delakoa edo akordio akademikoa?

Atzerriko unibertsitatean ikasiko dituzun irakasgaietarako akordioa da eta, horren bidez, hona bueltatzean zure espedientean jasota geratuko dira. Azalduko dizugu nola egin, eta, koordinatzaileak onartu ondoren, sinatu egingo dizute unibertsitatera bidaltzeko. Ezinbestekoa da joan aurretik agiri hau sinatuta izatea.

39. Sartu ditzaket Learning Agreement agirian "suspentso” edo “aurkezteke” kalifikazioa daukaten irakasgaiak?

EZ, ezin da inolaz ere sartu dokumentu horretan UPV/EHUn "suspentso” kalifikazioa daukan irakasgairik, eta ezin izango da hemen aitortua izan atzerriko unibertsitatean egindako irakasgairik ez badago akordioan jasota. Baina akordioan BAI sartu ahal izango dira UPV/EHUko matrikulan jasota egonik “aurkezteke” kalifikazioa daukaten irakasgaiak.

40. Horrez guztiaz gain, egin behar ahal dut beste izapiderik?

Bai, NHBaren eta fakultatearen web gunean ikus dezakezu zein dokumentu erantsi behar duzun programa bakoitzean. Bestalde, zeure ardura da bisatua lortzeko izapideak egitea (atzerriko herrialderako halakorik behar izatekotan), bai eta atzerriko unibertsitatean zaudela herrialdean egoteko beharrezko dituzun gainontzeko izapideak ere. Ez da UPV/EHUren erantzukizuna izango izapide horiek ez egiteagatik atzerriko unibertsitatean ikasteko aukera galtzen baduzu.

41. Beharrezkoa da bizitza/istripu asegurua izatea?

Bai. Truke programa batean parte hartzen duten ikasle guztiek izan behar dute bizitza/istripu aseguru bat kontratatuta. Aseguruari buruzko informazioa eta kontrataziorako prozedura NHBaren eta fakultatearen web gunean daude eskuragarri.

42. Noiz egin behar dut matrikula?

Matrikula hemen, zure unibertsitatean, egin behar duzu ikasturteko egutegiari jarraituz, eta kasuan kasuko prezio publikoak ordaindu behar dituzu. Matrikulan jasota egon behar dira Learning Agreement agirian zehaztutako irakasgaiak. Ez duzu, baina, tasarik ordaindu beharko atzerriko unibertsitatean.

43. Atzerriko unibertsitatean ordaindu behar dut matrikula tasarik?

Ez. Hala ere, atzerriko unibertsitateak diru kopuru txikiren bat eskatu ahal izango dizu ikasleen sindikatuko afiliazio gastuetarako, edota zenbait material erabiltzeko (fotokopiagailuak, laborategiko produktuak, bisatuak eta abar) edo jarduerak egiteko, baina bertako ikasleei eskatzen zaien hein berean eskatu dizute zuri.

44. Esleitu didaten plaza behin onartuta, bermatuta daukat atzerriko unibertsitateko plaza?

Ez. Plaza lortu izanak EZ du nahitaez esan nahi atzerriko unibertsitatean onartuta zaudenik. Zeure ardura da atzerriko unibertsitatean onartua izateko izapideak egitea.Helmugako ahalmenak azken unean edozein arrazoirengatik baztertzen bazaitu, beste fakultate batzuetan aplikatzeko eperik ez badago, ezingo duzu mugikortasuna egin. Hautagaia ez egokitzeagatik bada, arrazoia apelaezina da, baina aldebiko akordioaren kupoa errespetatzen ez badute ere, praxi txarra izan arren, hautagaiak baztertzen jarrai dezakete eta horretarako legezko boterea dute. Beraz, IZENDAPENAK EZ DAKAR ASEGURATUTAKO PLAZA. Ez egin hegaldi- eta egonaldi-erreserbarik destinoaren behin betiko baieztapena izan aurretik.

45. Nor arduratzen da ostatua eta bidaia kudeatzeaz?

Zeu arduratu behar zara horretaz eta bisatua lortzeaz, eta zeure erantzukizuna da atzerriko unibertsitateak eskatutako betebehar guztiak betetzea.

46. Zer da OLS?

On-lineko hizkuntza laguntza (Online Linguistic Support – OLS) Erasmus+ programan parte hartzen duten ikasleei hizkuntzak ikasten laguntzeko baliabidea da. Banakako ikastaroa da, ikasleak behar duen hizkuntzari eta premiei egokitua. Egonaldia hasi aurretik, gonbita hartuko duzu zure posta elektronikoan (Nazioarteko Harremanen Bulegoan adierazi duzun helbidean) plataforma horretan hasierako proba egiteko. Nahitaezkoa duzu hasierako proba hori egitea, horren menpe baitago beka ordaintzea. Ikastaroa egitea, baina, ez da derrigorrezkoa.

47. Erabaki dut mugikortasun programan parterik ez hartzea. Nork ordainduko ditu bisatu, ostatu eta hegazkin txartelaren gastuak?

UPV/EHUk ez ditu bere gain hartuko gastu horiek mugikortasun programara ez joatea erabakitzen baduzu, betiere, horretarako arrazoiak ez badira UPV/EHUren beraren erantzukizunpekoak.

IV- EGONALDIAN ZAUDEN BITARTEAN

48. Atzerriko unibertsitatera heltzen naizenean, zer egin behar dut?

Nazioarteko Harremanen Bulegora bidali behar duzu (movilidad.internacional@ehu.eus) heldu izanaren ziurtagiria, bulegokoek atzerriko unibertsitatean hasia zarela jakin dezaten eta beka ordain diezazuten (baldin eta ordaindu beharra dago). Ziurtagiria bidaltzeko hilabeteko epea izango duzu atzerriko unibertsitatean hasten zarenetik kontatzen hasita.

49. Aldatu egin behar ditut Learning Agreement agiriko irakasgaiak. Zer egin behar dut?

Batzuetan ez da posible Learning Agreement agirian zehaztutako irakasgaiak ikastea atzerriko unibertsitatean; beraz, egokitu egin behar izaten da atzerriko unibertsitateko eskaintzaren arabera. Horrelakorik egin behar baduzu, jarri harremanetan koordinatzailearekin, berak onartu behar baitu aldaketa; beraz, jarri berarekin harremanetan berak adierazitako bitartekoaren bidez eta itxaron koordinatzaileak berriz sinatu arte agiria. Atzerriko unibertsitateak ere sinatu behar du agiria aldaketak onartu eta eskoletara joan ahal izateko.

50. Badago eperik Learning Agreement agirian aldaketak egiteko?

Bai, deialdian bertan dago zehaztuta: lehen lauhilekorako epea eta bigarren lauhilekorakoa.

V- EGONALDIA BUKATZEAN

51. Zein agiri aurkeztu behar dut itzultzen naizenean?

Mugikortasun aldia behin bukatuta, hilabeteko epea duzu Nazioarteko Harremanen bulegora bidaltzeko (movilidad.internacional@ehu.eus) egonaldiaren ziurtagiria. Gogoan izan ziurtagiri hori oso garrantzitsua dela, agiri horren bidez egiaztatzen baituzu atzerriko unibertsitatean egindako egonaldia, eta, beraz, horren arabera jasoko baituzu bekaren zenbatekoa.

52. Nork bidaltzen du Transcript of Records agiria?

Atzerriko unibertsitatearen araberakoa da: unibertsitate batzuek ikasleari berari ematen diote agiria alde egin aurretik; beste batzuek zuzenean bidaltzen digute.

53. Zer da Erasmus+ azken txostena?

Ikasle guztiok bete behar duzue on-line Erasmus+ programari buruzko galdera sorta bat, zuen esperientziari buruzkoa. Erantzunak Europar Batasunak berak bidaliko ditu hala dagokion tokira. Gogoan izan nahitaezkoa dela hori betetzea, horren menpe baitago beka ordaintzea.

54. Zer da mugikortasunari buruzko gogobetetze inkesta?

Erasmus+ azken txostenaz gain, mugikortasun programaren batean parte hartu duzuen ikasle guztiok nahitaez bete behar duzue inkesta atzerrian egindako irakasgaien aitorpena lortu ahal izateko. Inkesta fakultatearen web gunean dago argitaratuta, programa bakoitzaren atalean.

VI - DIRU LAGUNTZAK

55. Badut bekarik Erasmu+ egonaldirako?

Beka gisa sartu beharreko zenbatekoa Erasmus 2021-2027 programa berrian zehaztuko da. ORIren webgunean eta fakultatearen webgunean argitaratutako deialdia kontsultatu.

56. Non lortu dezaket mugikortasun programetarako dauden beka motak?

NHBren web-orria kontsultatu behar da, "Laguntza ekonomikoak" atalean, edo informazioa eskatu NHBan (movilidad.internacional@ehu.eus).