Presentación

Aurkezpena

Arte Ederren Fakultatea Euskal Herriko Unibertsitateko zentro ofizial bat da, eta bertan egiten dira Arte Ederrei dagozkion ikasketak: Arteko Gradua, Sorkuntza eta Diseinuko Gradua eta Kultura Ondareen Kontserbazio eta Zaharberritzeari buruzko Gradua

Graduko ikasketa-planari jarraituz gero (indarrean dagoen planak ANECAren 2009.12.23ko aldeko txostena du), graduatu titulua lortzen da. Horretarako, 240 ECTS kreditu lortu behar dira, 60 ECTS kredituko lau ikasturte gaindituta. 1. eta 2. ikasturteak komunak dira, eta 3.a eta 4.a espezifikoak, graduaren arabera. Gradu bakoitzean, espezializaziora zuzendutako ikasgai-multzo bat egin daiteke, 30 ECTS kreditukoa. Halako multzoei minor deritze.

Hiru graduetako ikasketetan hasteko, 300 plazako muga dago, honela banatuta: 150 plaza Arteko Graduan, 100 plaza Sorkuntza eta Diseinuko Graduan, eta 50 plaza Kultur Ondarearen Kontserbazio eta Zaharberritzeari buruzko Graduan. Ikasketa hauetan hasi ahal izateko, eskakizun bakarrak Unibertsitateak ezarritakoak dira. Matrikulatzeko eskubidea ematen duen aukeraketa egiteko, Hautaproban lortutako puntuazioa hartzen da kontuan. Gutxieneko nota 6 izan ohi da. Horrez gainera, badago beste unibertsitate batzuetatik espediente-aldaketa egiteko aukera, betiere Baliozkotze Batzordearen irizpideari jarraituta, eta, era berean, 25, 40 eta 45 urtetik gorakoentzako sarbideez baliatzeko aukera ere badago.

Arteko Graduan hiru minor hauek egin daitezke: Pintura eta Grafika; Eskultura: testuinguruak eta lekuak; eta Arte-media eta Teknologia. Sorkuntza eta Diseinuko Graduan, beste hiru hauek: Diseinu Grafikoa; Ilustrazioa; eta Objektuaren eremua: Zeramika.

Fakultate honetako jardueren gidariak hiru alderdi hauek dira: irakaskuntza, ikerketa, eta ingurunean kokaturiko kultur ekintza.

Zentroa 8:00etatik 21:00etara dago irekita ikasturtean zehar. Ikasturtea, normalean, irailetik maiatzera izaten da, eta lauhileko bitan banatzen da. Lauhileko bakoitza 15 asteko iraupenekoa da, eta bakoitzaren amaieran, beste hiru aste izaten dira azterketak egiteko.

 

Fakultateko graduetako koordinazioa

  • Arteko Gradua: Julen Araluce Hernando
  • Sorkuntza eta Diseinuko Gradua: Lourdes de la Villa Liso
  • Kultura Ondareen Zaintza eta Zaharberritzeari buruzko Gradua: Katrin Alberdi Egüés

 

Helbidea

Sarriena auzoa z/g. 48940 Leioa Bizkaia

Telefono-zenbakia: 94 601 20 00. Faxa: 94 601 33 77
http://www.bellasartes.ehu.es/