Albisteak

Bilboko Ingeniaritza Eskolaren autoak ibilgailu elektriko onenaren saria jaso du Formula Student United Kingdomen

Ekimen horretan, mundu osoko unibertsitateetako ikasleak biltzen dira ibilgailuak diseinatzeko, eraikitzeko eta horiekin lehiatzeko

Lehenengo argitaratze data: 2024/07/24

Formula Student Bizkaia taldea | Argazkia: FSB

Beste urte batez, Formula Student Bizkaiak Formula Student United Kingdomen parte hartu du eta, aurtengoan, Bilboko Ingeniaritza Eskolako taldeak inoiz lortu ez duen emaitza jaso du. Nazioarteko unibertsitateek bidalitako 63 bolidoen artetik, Bilboko Ingeniaritza Eskolako ikasle eta irakasleak 5 titulurekin itzuli dira etxera:

 

  • Lehen postua azelerazio proban
  • Saria jarleku bakarreko ibilgailu eraginkorrenari
  • Bikaintasunari saria ibilgailuaren dinamikan
  • Saria propultsio elektrikoko sistema onenari
  • Hirugarren postua sailkapen orokorrean

Azken sari horri esker, gainera, Formula Student Bizkaia bihurtu da txapelketako jarleku bakarreko ibilgailu elektriko onena. Izan ere, lehen bi taldeenak errekuntzako ibilgailuak dira.

Formula Student United Kingdom, urtero antolatzen du Institution of Mechanical Engineers (IMechE) erakundeak eta, mundu mailan, ingeniaritzako ikasleen txapelketa entzutetsuenetako bat da. Ekimen horretan, mundu osoko unibertsitateetako ikasleak biltzen dira Formula motako ibilgailuak diseinatzeko, eraikitzeko eta horiekin lehiatzeko.

Esperientzia praktikoa

FS Bizkaia Bilboko Ingeniaritza Eskolako 70 ikaslek eta 3 irakaslek osatzen dute eta 2006an sortu zen irakaskuntzako proiektu gisa. ‘Enpresa unibertsitate barruan’ ereduaren bidez, parte hartzen duten ingeniaritzako ikasleei Formula motako jarleku bakarreko ibilgailua diseinatzeko eta eraikitzeko erronka proposatzen die. Ibilgailuak, gero, nazioarteko ekimen horietan lehiatu behar du Silverstoneko eta Bartzelona-Catalunyako zirkuituetan.

Hain zuzen ere, azken aste honetan egin dute FSUKen txapelketa Silverstoneko ibilbide ikonikoan. Guztira, mundu osoko txoko guztietatik iritsitako 63 ibilgailuk hartu dute parte. Lehiaketa mota horien helburu nagusia da ikasleei esperientzia praktiko integrala ematea automobilgintzako ingeniaritzan, haien prestakuntza teorikoa zeharkako konpetentziekin osatuta. Hala, taldeek proiektu osoa kudeatu behar dute: kontzeptualizaziotik eta diseinutik hasi eta ibilgailuaren fabrikazio, balioztatze eta benetako lehiaketara arte.

Horretarako, lehiaketa bi kategoria nagusitan banatuta dago: proba estatikoak eta dinamikoak. Lehen kategoria horretan, taldeek beren diseinua aurkeztu behar dute, ibilgailuaren guztizko kostua eta produkzioaren bideragarritasunaren ebaluazioa aztertu behar dituzte eta, azkenik, balizko inbertitzaileentzako aurkezpenaren simulazioa egin behar dute, negozio eredua merkataritzaren eta merkatuaren ikuspegitik defendituta. Proba dinamikoei dagokienez, lau zati ditu: azelerazioa, Skid Pad-a, esprinta eta, azkenik, jarleku bakarreko ibilgailuaren erresistentzia eta eraginkortasuna.