UPV/EHUn aurrez aurreko jardunera itzultzeko plana, COVID-19ak eragindako osasun alertaren ondorioz ezarritako konfinamenduaren ostean

UPV/EHUn aurrez aurreko jardunera itzultzeko plana, COVID-19ak eragindako osasun alertaren ondorioz ezarritako konfinamenduaren ostean

1.- Sarrera

COVID-19aren agerpenaren eboluzioak sortutako egoera dela eta, beharrezkoa izan da aparteko euste neurriak hartzea, eta hori, ezinbestean, eragin nabarmena izaten ari da gizartean, eta, ondorioz, baita Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatean ere (UPV/EHU). Osasun krisi honi erantzuna emateko, UPV/EHUk hainbat neurri, protokolo eta erabaki eman ditu, jasota daudenak unibertsitateak horretarako beren-beregi sortutako web orrian (https://www.ehu.eus/eu/covid-19).

UPV/EHU etengabe dabil osasun alertaren egoera aztertzen, gorabehera handiko eta ziurgabetasun ugariko egokiera honek eskatzen duen legez.  Horrek ez du eragozten gure lehentasuna izatea, horixe delako gure borondatea eta betebeharra,  segurtasun eta osasun berme egokiekin betetzea gure jarduera guztiak, bai oraintxe eta bai gerora ere, berriz ere ekiten zaienean momentuz etenda daudenei. Logikoa denez, plana benetan gauzatu dadin, beharrezkoa da gutako bakoitzak bere gain hartzea helburu indibidualak betetzeko ardura: erakundearen eta gu guztion arteko elkarlanean baino ez dogu lortuko erangikortasunez jokatzea SARS-COV-2 birusaren hedapenaren kontrako borrokan.

Plan hau idazteko orduan badirudi epe laburrean ez dela lortuko  SARS-CoV-2ren talde kutsapena erabat etetea. Hori hala da batez ere birusa oso erraz zabaltzen delako, eta ziuraski oraindik oso jende gutxi dagoelako immunizatuta. Horregatik, eta oraintxe dagoen informazioarekin, badirudi beharrezkoa dela aldi batez prebentzio eta antolaketa neurri ezohiko batzuk hartzea, langileak babesteari begira aurrez aurreko jardunera pixkanaka itzultzeko prozesuan, gutxienez talde kutsapenaren arriskua guztiz gutxitu arte, dela talde immunitatea lortu delako, dela  birusaren kontrako tratamendu eraginkorrak aurkitu direlako.

Orain azalduko ditugun prebentzio neurriak oinarritzen dira Osasun Ministerioaren eta Eusko Jaurlaritzako  Osasun Sailaren gomedioetan eta Laneko Arriskuen Prebentziorako 31/1995 Legean, osasun alertaren ondoriozko larrialdi egoera aintzat hartuta. Neurriok ezarriko dira kontuan hartuz OSALANek azken asteetan prebentzio zerbitzuei emandako gomendioak langileen segurtasuna eta osasuna babesteko, Covid-19aren hedapena eta kutsapena eragozte aldera.

Aurrez aurreko lanera itzultzeko, beharrezkoa da lantoki bakoitzak prebentzio neurrien plan bat prestatzea bere  berezitasunen arabera, eta plan horri jarraipena egitea, COVID-19aren kasuen agerpena eragozteko eta, agertuko balira, haiei erantzuna emateko.

Horretarako, plan honetan neurri orokor batzuk ezartzen dira, antolaketa gune eta lantoki bakoitzaren berezitasunetara egokitu beharko direnak, betiere COVID-19aren kasu berriak agertzea eragozteko, eta, agertzekotan, erantzuna emateko.

lanaren xedea da aurrez aurreko jardunerako itzulera prestatzea, pertsonen segurtasun eta osasunerako baldintzak bermatzeko. Helburu horrekin, zenbait neurri azalduko dira hurrengo ataletan, antolaketakoak, higienikoak eta teknikoak, beharrezkoa denean ezarriko direnak. Plana dinamikoa da, eta eguneratuz joango da osasun, lan eta hezkuntzaren arloko agintariek ematen dituzten  jarraibideen arabera.

Langile guztien ardura da zorrotz betetzea COVID-19aren hedapena kontrolatu eta gutxitzeko ezarritako babes neurriok.

2.- Helburua

Plan honen helburua da prebentzio neurriak ezartzea Euskal Herriko Unibertsitateteko espazioetan aurrez aurreko lanrea itzuliko diren langileen (IRIen nahiz AZPkoen) eta ikasleen segurtasuna eta osasuna bermatzeko eta COVID-19ren hedapena eta kutsapena eragozteko.

Aurrez aurreko jardunera itzultzeko plan hau Campusarteko Segurtasun eta Osasun Batzordeari aurkeztu zitzaion kontsultarako, eta Prebentzio Zerbitzuaren aholkuaz egina da.

3.- Ardurak

Plan honetako neurriak aplikatzeko ardurak UPV/EHUko Prebentzio Planean daude zehaztuta. Era berean, berriz gogoratzen dugu unibertsitateko kide guztien eta bakoitzaren ardura dela laguntzea COVID-19aren hedapena kontrolatu eta gutxitzeko babes neurriok zorrotz betetzen.

4.- Prebentzio neurri orokorrak (EGUNERATUA 2020-06-24)

Lehendabizi, aurrez aurreko lanera itzultzeari dagokionez, UPV/EHUk bere langileei adierazten die ezen, osasun agintariek aldatzen edo indargabetzen ez dituzten bitartean COVID-19agatik lanean eta gizartean ezarri diren mugak, jokatu beharko dutela unibertsitatearen webgunean argitaratutako Protokoloaren arabera, plan honen eta beraren eguneraketen arabera, eta  kasuan kasuko ikastegi, sail, zerbitzu edo ataleko planaren arabera.

Langileen artean balizko koronabirus kasuak, probableak  edo baieztutakoak edo pertsona sintomatiko baten gertuko kontaktuak identifikatzeko neurriei dagokienez, UPV/EHUko Prebentzio Zerbitzuak men egingo die osasun arloko agintariek unean unean ematen dituzten jarraibideei.

Dokumentu honen bidez, prebentzio neurri orokorrak egokitzen dira UPV/EHUko Itzulera Planean («UPV/EHUn aurrez aurreko jardunera itzultzeko Plana, COVID-19ak eragindako osasun alertaren ondorioz»).

4.1.- Antolaketa neurriak

  1. Neurriak hartzea langileak modu mailakatuan itzul daitezen aurrez aurreko jardunera lanpostuetan, eta telelana bultzatzea lanaren izaeragatik hori posible denean.

  2. Prebentzio Zerbitzuak bereziki sentiberatzat jotzen dituen langileen lan lekuak egokitzea edo langileok lekuz aldatzea.

  3. Lanera joateko garraio publikoa erabiltzen bada, agintariek emandako gomendioei jarraituko zaie babesak erabiltzeari eta segurtasun tarteari dagokionez.

  4. UPV/EHUko AZPkoen autobus zerbitzuak agintarien gomendioei jarraituko die babesak erabiltzeari eta segurtasun tarteari dagokionez. Garraio enpresari eskatuko zaio behar diren garbiketa eta desinfekzio lanak egiteko.
  5. Ordutegi malguak bultzatuko dira lanera sartzeko eta lanetik irteteko.
  6. Ahal den guztietan, eraikin eta lokaletan bide berezituak zehaztuko dira sartzeko eta irteteko, behar den seinalizazioarekin. Ateak, ahal dela, modu automatikoan zabaldu eta itxiko dira, edo, ezin bada, atea zabalik edukiko da, eraikinaren segurtasun baldintzek horretarako modua ematen badute. Larrialdirik balego, eraikina husteko erabiliko dira horretarako zehaztutako bide, eskailera eta irteerak.
  7. Korridoreetan eta halako zirkulazio tokietan, zabalerak horretarako era ematen duen guztietan gure eskuineko hormaren ondotik ibiliko gara, eta ezkerraldea libre utziko dugu kontrako noranzkoan datozenentzat. Bestalde, ez gara paraleloan ibiliko, lerroan baizik, eta bataren eta bestearen artean gutxienez 1,5 metroko  tartea utzita.
  8. Ibilbidearen tamainak horretarako modurik ematen ez badu, noranzko bakarrean ibili beharko gara bertatik, baldin eta beste toki batetik egin ahal bada kontrako bidea. Halakoetan kartel batean zehaztu beharko da zein den ibilbidearen sarrera eta zein irteera.
  9. Aurreko neurri biak ezinezkoak badira, langileak txandaka igaroko dira halako bideetatik, hau da, langile bat ezin izango da sartu harik eta bidean dagoen beste langilea bertatik irten arte.
  10. Aurrekoarekin batera, beharrezkoa denean aldatu egingo da lanpostuen kokaera eta pertsonen zirkulazioaren antolaera espazio komunetan (ahal dela, jendea gurutzatzea eragotziz), 1,5 metroko segurtasun tarteari eutsi ahal izateko. Bulegoetako mahaien edo mahai multzoen artean distantzia fisikoaren legea bete beharko da (>1,5 m beti). Lanpostuen kokaeragatik hori ezinezkoa bada, langileak aldizka arituko dira telelanean eta aurrez aurreko lanean, horretarako behar diren txandak eta errotazioak ezarrita. Espazio horiek bereziki ondo aireztatu beharko dira.
  11. Langileek eraikinen sarrerako fitxaketa makinetan fitxatuko dute, baina betiere 1,5 tartea utziz beren artean. Jendea pilatu ez dadin, lanpostuan ere fitxatu ahal izango da, ordenagailuaren bidez.
  12. Lan bilerak, ahal dela, bideokonferentziaz egingo dira. Ezinezkoa bada, aurrez aurreko bileretan gutxienez 1,5 metroko segurtasun distantzia utziko da. Ezinezkoa bada tarte hori uztea, norbera babesteko ekipamenduak erabiliko dira (NBE), hala nola maskara higienikoa edo kirurgikoa.
  13. Kirolerako espazioak ireki ahal izango dira, osasun agintarien gomendioei eutsiz gero.
  14. Langile bakoitzak bere materiala erabiliko du: ez ditu inorekin partekatuko telefonoa, entzungailuak, boligrafoak eta gainerakoak, edo, partekatzen baditu, ziurtatu beharko du erabili aurretik eta erabili ostean ondo garbitu eta desinfektatzen dituela.
  15. Lokalen gehieneko edukierak murriztuko dira urruntze fisikoaren arauak betetzeko, betiere lanpostuen kokaera kontuan harturik. Adieraziko da komunen eta taldean erabiltzeko eremuen (bilera gelen eta halakoen) gehieneko edukiera.
  16. Ahal dela, bisitak eta jendearentzako arreta zerbitzuak telematikoak izango dira.  Hori ezinezkoa bada, hitzordua zehaztu beharko da aldez aurretik. Edozelan ere, eraikinetara kanpoko pertsonak sartzen direnean maskara higienikoa edo kirurgikoa eraman beharko dute beti, salbu eta bisitariak salbuespen medikoa duela egiaztatzen badu.
  17. Jendaurreko guneei dagozkien neurriak:
  • Ahal den guztietan, ez da izan behar kontaktu zuzenik jendearekin. Horretarako, jendaurreko atal edo zerbitzuek bide telematikoei emango diete lehentasuna eta haien gaineko informazioa zabalduko dute.
  • Aurrez aurrekoan, leihatilaren bitartez emango zaio arreta jendeari, gutxienez 1,5 metroko distantzia fisikoa bermatzeko sistema bat jarrita, normalean manparak.
  • Manparak jarriko dira jendeari arreta zuzena ematen dioten langileen mahaietan, 1,5 metroko gutxieneko segurtasun tartea uztea ezinezkoa den tokietan.
  • Manpararik ezean, tarte hori lurrean markatuko da, edo leihatilaren edo mahaiaren inguruan muga fisikoren bat jarrita.
  1. Hona hemen bestelako espazioak erabiltzeko arau batzuk:
  • Bulego indibidualak. Bulego indibiduala daukaten pertsonek horixe erabiliko dute lehentasunez, eta haiek beste inork ez du bulego hori erabiliko.
  • Bulego partekatuak. Bulego bikoitz edo hirukoitzetan egon ahal izango da pertsona bat baino gehiago aldi berean, baldin eta bermatzen bada lanpostu batetik bestera eta haien arteko pasaguneetan gutxienez 1,5 metroko segurtasun tartea dagoela. Gainerako kasuetan bulegoa partekatu ahal izango da bermatzen bada lanpostuen artean gutxienez bi metroko segurtasun tartea dagoela.
  • Laborategiak, ikasgelak eta irakaskuntzako tailerrak: ziurtatu beharko da behar diren antolaketa neurriak hartzen direla jendea ez pilatzeko eta bermatzeko gutxienez 1,5 metroko segurtasun tartea gordetzen dela. Ezinezkoa denean segurtasun tartea gordetzea, higiene neurri egokiak hartuko dira kutsapen arriskurik ez izateko. Sartzeko txandak ezarriko dira eta atean jarriko dira ikusgai.
  • Bibliotekak eta ikasteko gelak: ziurtatuko da behar diren neurriak hartzen direla pertsonen artean gutxienez 1,5 metroko tartea egoteko, eta behar diren kontrolak ezartzen direla jendea ez pilatzeko. Ezinezkoa denean segurtasun tartea gordetzea, higiene neurri egokiak hartuko dira kutsapen arriskurik ez izateko.
  • Informatika gelak eta ordenagailu gelak itxita egongo dira ohiko erabilerarako.
  • Odontologia Klinika: osasun agintariek zehazten dutenaren arabera jokatuko da.
  • Bilera gelak, ekitaldi aretoak: lokalaren edukiera unean uneko arautegien araberakoa izango da, eta segurtasun tartea gordeko da beti.
  •  Komunak: komunetan, aldageletan eta halakoetan, gehienez pertsona bat egon ahal izango da lau metro koadrorainoko espazioetan, salbu eta laguntza behar duten pertsonek, horiek beren laguntzailea eraman ahal izango baitute. Lau metro koadrotik gorako komunetan kabina edo txizatoki bat baino gehiago badago, gehienez ere kabina eta txizatokien erdiak erabili ahal izango dira aldi berean, eta 1,5 metroko segurtasun tartea gorde beharko dute erabiltzaileek. Areagotu beharko da komunen garbiketa eta desinfekzioa, bermatzeko osasun eta higiene baldintza egokietan daudela.
  •  Aldagelak eta dutxak:
    • aldagelak eta dutxak erabiltzean 1,5 metroko segurtasun distantzia gordeko da uneoro, eta ahal den neurrian, saihestuko da pertsona bat baino gehiago elkartzea, batez ere txanda aldaketetan.
    • Aldagelak, dutxak eta eremu komunak sarriago garbituko dira, eta gutxienez lan txanda bakoitzaren ostean, aparteko arreta emanez eskuekin ukitzen diren elementuei, hala nola armairuetako ateei, jesarlekuei eta abar.
    • Kaleko arropa laneko arropatik aparte eduki beharko da. Beharrezkoa izanez gero, egokituko dira espazioak neurri hori bete ahal izateko.
    • Laneko arropa aparteko arretaz garbituko da.   
    • Arropa garbikari arruntaz garbituko da, gutxienez 60º-tan. Garbitu aurretik arropa ez da astindu behar.
  • Eremu komunak: eremu komunak edo igarobideak ahalik eta gutxien erabiliko dira, hau da, toki batetik bestera joateko besterik ez, eta ez beste ezertarako (berbetan geratzeko, jateko, kafea hartzeko....).
  1. Arau hauen inguruko zalantzak edo kontsultak Prebentzio Zerbitzuari zuzenduko zaizkio. Azaleren datuak, korridoreen neurriak, ateen inguruko xehetasunak eta halakoak galdetzeko, berriz, Arkitektura eta Lanen Zerbitzuari zuzenduko zaizkio kontsultak. Batzuk zein besteak helbide honetara bidali beharko dira: gerentzia@ehu.eus.

4.2.- Babes kolektiborako  neurriak

  1. Komun txikiak banan banan erabili beharko dira. Itxaron behar bada norbait dagoelako komunean, atetik 1,5 erdira itxaron beharko da gutxienez.

  2. Lantokiak sarriago aireztatu beharko dira, bitarteko mekanikoz edo naturalez. Bitarteko mekanikoak erabiltzen badira, arreta berezia jarriko zaie sistemako elementuak garbitu eta mantentzeko lanei; bigarren kasuan, ahalegina egingo da leihoak uneoro zabalik izateko, eta hori ezinezkoa bada, espazioen arduradunek aldizka zabalduko dituzte, horretarako zehaztutako programa baten arabera. Kontuan izan beharko da arnas bideetako alergiak dauzkatela egiaztatzen duten pertsonen egoera.

  3. Igogailuan pertsona bakarra sartu ahal izango da bidaia bakoitzean, eta mugikortasun mugatuko pertsonek lehentasun erabatekoa izango dute. UPV/EHUko igogailu guztietan hori adierazten duen kartel bana jarriko da.

  4. Ahal dela, ez dira ukituko ateak zabaltzeko mekanismoak eta erabilera komuneko teklatuak (ateak zabalik edukiko dira, horrek ez badu kolokan jartzen unibertsitatearen ondarearen segurtasuna, eta haize korronte desatseginik sortzen ez bada).

  5. Jantokiek itxita jarraituko dute, eta indarrean jarraituko du lantokian janaria manipulatu eta hartzearen inguruan ezarritako debeku orokorrak.

4.3.- Babes indibidualerako neurriak

  1. Lantokira doazen pertsona guztiek etxetik irten baino lehen beren burua aztertu beharko dute egunero, sintoma hauetakoren bat daukaten ikusteko: >37º-ko sukarra, eztul sikua, samako mina, arnasa hartzeko arazoak, usaimen eta dastamen falta. Horietakoren bat badaukate, ez dira lanera joan beharko. Era berean, sintomak lan orduetan agertzen badira, lantokitik irten beharko dira berehala, beste inorekin kontakturik izan gabe. Kasu bietan egoeraren berri eman beharko zaie unibertsitateko medikuari (medikua@ehu.eus) eta langilearen osasun zentroari.

  2. Higiene pertsonala areagotuko da lanaren alderdi orotan eta egoera guztietan:

  • Eskuak uraz eta xaboiaz edo soluzio hidroalkoholikoez garbitzea.

  • Eztul edo doministiku egitean, ahoa eta sudurra ukondoaren txokoaren kontra jartzea.

  • Ez ukitzea ez begiak, ez sudurra ez ahoa.

  • Ile luzea edukiz gero, jasota eramatea (mototsean bilduta, koleteroaz jasota etab.).

  • Azazkalak motz eramatea. Ez erabiltzea ez eraztunik, ez eskumuturrekorik, ez erlojurik.

  • Behin erabiltzeko zapiak baliatzea. Behin erabili ondoren, edukiontzi edo paperontzi berezituetara botatzea.

  • Ez egitea kontaktu fisikoa dakarren kortesia edo estimu adierazpenik.

  1. Osasun arretako lanpostuetan jendearengandik oso gertu egoteko arriskua badago, NBEak edukitzea.

  2. Jendeari arreta zuzena emateko postuetan, leihatilarik, manpararik edo 1,5 metroko segurtasun distantzia edukitzeko nahiko tokirik ez badago, NBEak ematea langileei (maskarak eta eskularruak).

  3. Jendeari arreta zuzena ematen zaion eta dokumentu, pakete, liburu eta halakoen truke zuzena egoten den lanpostuetan, NBEak ematea langileei (maskarak eta eskularruak).

  4. NBEak behar bezala mantendu, gorde, erabili eta suntsitzea.

  5. Ez ukitzea erabilera komuneko elementuak (botoiak, heldulekuak, eskudelak). Ukitzea ezinbestekoa denean, higiene neurriak aplikatzea.

4.4.- Prestakuntza eta informazioa

  1. Langileei prestakuntza ematea NBEen erabileraz, bereziki jartzeko eta kentzeko eraz, eta haien kudeaketa egokiaz.

  2. Koronabirusa prebenitzeko gomendioak zabaltzea.

  3. Ikusizko informazioa (kartelak, eskuorriak etab.) jartzea toki estrategikoetan.

4.5.- Unibertsitateko espazioen garbiketa

  1. Garbiketa zerbitzuaz arduratzen diren enpresek bete beharko dituzte Osasun Ministerioaren arauak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarenak (2020ko apirilaren 2ko Agindua) SARS-CoV-2 (Covid-19) birusak eragindako pandemia dela eta gainazalak garbitzeko eta desinfektatzeko neurriei eta bestelako higiene neurriei dagokienez.

  2. Ikastegi edo langune bakoitzaren arduradunek aldizka ziurtatuko dute higiene pertsonalerako behar diren baliabideak daudela (xaboia eta eskuak lehortzeko papera).

  3. Hori ezinezkoa den tokietan, eskuak garbitzeko gel hidroalkoholikoak, eskuak lehortzeko papera, eta paperontziak banatuko dira langunetik. Paperontziek itxi daitekeen poltsa bat izango dute barruan, eta estalkia edukiko dute. Gomendatzen da pedalez zabaltzeko modukoak izatea. Paperontzietako hondakinak etab. erretiratzeko modua arautuko da.

  4. Ikastegi eta lanpostuak gehiago eta sakonago garbituko dira, bai eta lanean erabiltzen diren elementuak ere:

  • Areagotu egingo dira higiene neurriak eguneroko lanean, eta horretarako espazio, ekipo, mahai eta abarren aldiroko desinfekzioa programatuko da.

  • Maiz ukitu ohi diren gainazalak (komunak, ateen heldulekuak, eskudelak, igogailuetako botoiak, argiaren giltzak etab.) aparteko arretaz garbituko dira, eta egunean zenbait aldiz.

5.- Laneko arriskuen ebaluazioa

Aipatutako neurriak planifikatu eta abian jartzeaz gainera, Prebentzio Zerbitzuak SARSCoV-2 koronabirusarekiko esposizioari lotutako arriskua ebaluatuko du jarraibide orokor hauek betetzea ezinezkoa den lanpostuetan. Horri dagokionez, ministerioak argitaratutako gidan hiru arrisku maila bereizten dira lanpostuak sailkatzeko (ikus Osasun Ministerioaren «Prevención_RRLL-COVID-19» dokumentua):

  • Esposizio probabilitate txikikoak.
  • Arrisku gutxiko esposizioa dutenak.
  • Arriskuko esposizioa dutenak.

UPV/EHUren jardueretan, jendearentzako arreta zuzena ematen ez den lanpostu guztietan, edo zerbitzu hori bi metrotik gorako distantzian edo kontaktua eragozten duten babes kolektiboko neurriekin ematen den lanpostuetan, probabilitate txikia dago  SARS-CoV-2aren kutsapen profesionala ekar dezakeen esposizioa izateko.  Lanpostu multzo horretatik kanpo geratzen dira osasun langileen lanpostuak, hots, Prebentzio Zerbitzuko osasun arlokoak eta Odontologia Klinikakoak.

SARS-CiV-2 birusa manipulatzea beharrezkoa izan daitekeen ikerketa jarduerak edo lanpostuak aparte ebaluatuko dira.

Osasun arlokoak ez diren lanpostuetan salbuespenik egin behar bada distantzia arauetan, horren berri eman beharko zaio Prebentzio Zerbitzuari honako helbide honetan: informes.prevencion@ehu.eus

6.- Bereziki kalteberak diren langileak

2020ko apirilaren 8ko datan dauden ebidentzia zientifikoen argitan, Osasun Ministerioak zehaztu du honako hauek bereziki kalteberak direla COVID-19aren aurrean:

  • diabetikoak
  • gaixotasun kardiobaskularrak dituztenak, hipertentsioa barne
  • gaixotasun hepatiko kronikoa dutenak
  • birikietako gaixotasun kronikoa dutenak
  • giltzurrunetako gaixotasun kronikoa dutenak
  • immunoeskasia dutenak
  • minbiziaren kontrako tratamendu aktiboan daudenak
  • haurdunak
  • 60 urtetik gorakoak

Beren ezaugarri pertsonalengatik edo egoera biologiko ezagunagatik COVID-19arekiko esposiziotik datozen  arriskuen aurrean «bereziki kalteberak» diren langileak beren campuseko Osasun Zerbitzuarekin jarri beharko dira harremanetan medikua@ehu.eus helbidean. Zerbitzu horrek banan‑banan aztertuko ditu «kasu bereziki kaltebera» horiek eta, beharrezkotzat joz gero, prebentzio neurriak hartuko ditu.

7.- Langileak itzultzeko hurrekera

UPV/EHUko langileak aurrez aurreko jardunera itzultzeko hurrenkera beti izango da unean uneko osasun egoeraren araberakoa. Behin hori esanda, honako hurrenkera hau ezarri dugu:

1. taldea. Beren lana egiteko makinak edo laborategiko tresneria erabiltzen dutenak, edo beren zereginak telelanaz egin ezin dituztenak.

2. taldea. Kontratua 2021eko apirilaren 1a baino lehen amaitzen zaienak, hartara beren jarduna amaitu ahal izan dezaten ahalik eta eragin txikiena jasanda.

3. taldea. Jendaurreko langileak. Lanpostu horietan hartuko dira Prebentzio Zerbitzuak ezarritako arauak, gorago esan bezala.

4. taldea. Gainerako langileak apurka-apurka itzuliko dira, argitaratuz doazen osasun arau eta gomendioen arabera, eta kontuan hartuta ikastegi/sail/zerbitzu/atal bakoitzaren plana.

Unibertsitateko zuzendaritza taldeak itzuli ahal izango dira, uneoro betetzen badute prebentzio neurrien atalean esandakoa edo Prebentzio Zerbitzuak ezartzen duena.

Faktore baldintzatzaileak:

  • Arrisku taldeak. Osasun agintariek arrisku taldetzat jotzen dituen multzoetako langileak azken txandan itzuliko dira, behin Prebentzio Zerbitzuak txostena egin eta gero.
  • Lana eta familia bateratzea. Familia eta lana bateratzearen inguruko premiak dauzkaten langileen egoera kontuan hartuko da haien itzulera eta lan txandak planifikatzeko.
  • Garraio publikoaren erabilera. Garraio publikoa erabili behar duten langileen mugikortasuna garraio horren disponibilitatearen menpe egongo da. Beraz, hori kontuan hartuko da itzulera eta lan txandak planifikatzean.

8.- Ikasleak itzultzeko hurrenkera

Irakaskuntzak jarraituko du urrunekoa eta online modalitatekoa izaten. Beraz, halakoak izango dira eskolak eta tutoretzak, gradu amaierako lanak (GRALak), master amaierako lanak (MALak), doktorego tesiak eta ebaluazioaren ohiko deialdia. Zeregin horietan guztietan irakasleak eta ikasleak komunikatuko dira irakaskuntza eta ikaskuntza ez-presentzialerako bitartekoak erabiliz: eGela plataforma birtualak, posta elektronikoa, eskola eta tutoretza birtualak eta abar.

UPV/EHUk urruneko eta online modalitateko irakaskuntza hautatu du 2019/20 ikasturte hau amaitzeko. Hala ere, aurreikusten dugu ikasleak apurka-apurka itzultzea ikasgeletara, honako hurrenkera honetan itzuli ere:

1. taldea. Aurrez aurre egin beharreko tramite administratiboren bat egitera (materialak jasotzera, liburuak bibliotekara itzultzera eta abar)  etorri behar diren ikasleak.

2. taldea. Jarduera praktikoak egin behar dituztenak irakasgairen batean, GRALean, MALean edo doktorego tesian, alarma egoeran zehar egin ezin izan dituztenak, hala nola laborategiko praktikak, tailerrak, praktika klinikoak, artistikoak, kirol praktikak etab.

3. taldea. Dealdi orokorretik kanpo, unibertsitatera sartzeko probak egin behar dituztenak (gradu jakin batzuetara sartzeko proba bereziak, 25 edo 45 urtetik gorakoentzako probak etab.). GRALen, MALen eta doktorego tesien defentsak egin behar dituztenak.

4. taldea. Urruneko eta online modalitateaz modu egokian ebaluatu ezin diren irakasgaien ebaluazio probak egin behar dituztenak (ohiko deialdia, ezohikoa eta USE).

Faktore baldintzatzaileak:

  • Garraio publikoaren erabilera. Garraio publikoa erabili behar duten ikasleen mugikortasuna garraio horren disponibilitatearen menpe egongo da. Beraz, hori kontuan hartuko da itzulera taldeen hurrenkera ezartzeko.
  • Arrisku taldeak. Kontuan hartu beharko da arrisku taldeetan dauden ikasleen egoera, eta, beharrezkoa bada, beste aukera batzuk eman beharko zaizkie aurrez aurreko jardueren ordez (ebaluazio proben ordezko aukerak barne).
  • Ikasleen egoitzak eta ostatua. Kontuan hartu beharko da ostaturik ez daukaten beste erkidego edo herrialde batzuetako ikasleen egoera, eta, beharrezkoa bada, eman beharko zaizkie beste aukera batzuk aurrez aurreko jardueren ordez (ebaluazio proben ordezko aukerak barne).

9.- Ikastegi, sail, zerbitzu eta atal bakoitzeko plana

Azaldutako 3. atalaren arabera («Ardurak»), ikastegi, sail, zerbitzu eta atal bakoitzak plan bat egin beharko du bere langileak pixkanaka itzultzeko, betiere dokumentu honetan ezarritako jarraibideak betez. Sail, zerbitzu edo atal bakoitzeko planak gehituko zaizkio bere langileen lanpostuak atxikita dauden ikastegiko edo eraikineko planari.  Ikastegien kasuan, zuzendariak edo dekanoak proposatu beharko du plana, eta berak bidaliko du kasuan kasuko ikastegi edo eraikina dagoen campuseko errektoreordetzara. Beren eraikina daukaten ikerguneetan (FAAZ, PIE, IBF eta CFM), zuzendariak egingo du plana eta Ikerketaren arloko Errektoreordetzara bidaliko du. Gainerako eraikinetan  administratzaileari bidaliko dizkiote planak, eta hark proposatuko dizkio unibertsitateko gerenteari.

Planotan zehaztuko da, alde batetik, fase bakoitzean zeintzuk langile itzuliko diren aurrez aurreko jardunera, zein ordutegitan eta zein lantokitan, eta, bestetik, zein antolaketa neurri eta zein material behar den langile horiek lanpostura itzuli ahal izateko, dokumentu honetan emandako jarraibideen arabera (ikus 1. eranskina).

Planak aurkezteko azken eguna 2020ko maiatzaren 5a da.

Gerenteak Campusarteko Segurtasun eta Osasun Batzordeari emango dio  atalek egindako planen berri.

10.- Ikasleen aurrez aurreko probetarako prebentzio neurriak

Orain dagoen informazioa kontuan hartuta eta Osasun Ministerioak 2020ko martxoaren 24an emandako gomendioei jarraituz, hurren zehazten dira prebentzio eta babes neurri batzuk aurrez aurreko probetan segurtasun neurriak ezartzeko, bestelako ebaluazio metodo edo sistemak aplikatzea ezinezkoa denerako, eta, betiere, agintari eskudunek halakoak egitea baimentzen baldin badute, pandemiaren eboluzioaren argitan.

 

10.1.- Antolaketa neurriak

Prozedurak ezartzea uneoro segurtasun tartea (2 m) gordetzeko ikasleen artean, eta espazio bakoitzaren edukiera heren batera murrizteko, honako hauek bereziki zainduz:

  1. Ikasleak lokaletara modu ordenatuan sartzea, pilatu barik eta lerroa eginda, eta beren artean 2 m-ko tartea utzita gutxienez. Horretarako, sarrera ordu desberdinak ezarriko dira, ebaluazio taldeak elkartu ez daitezen eraikin berean eta ordu berean.
  2.  Azterketa postuak antolatzea ikasleen artean behar besteko tartea egoteko moduan, bai postura heltzeko eta bertatik irteteko eta bai probak egin bitartean.
  3. Azterketak banatzea eta jasotzea epaimahaikideek eta ikasleek zuzeneko kontakturik eduki gabe (komeni da irakasleak azterketak uztea eta jasotzea ikasleak  postuetan ez daudela).
  4. Epaimahaikide bakoitzak eta ikasle bakoitzak bere materialak izatea, hau da, ez partekatzea boligrafoak eta bestelakoak, edo, horren ezean, baliatu aurretik sakon garbitzea behin erabiltzeko materialaz baliatuz.

 

10.2.- Neurri kolektiboak

  1. Aurrez aurreko proba bat egitera doazen guztiek eskuak desinfektatzea gel hidroalkoholikoaz ikasgelan sartzean. Beraz, erabiliko diren ikasgela guztietan gel desinfektantea jarri beharko da.
  2. Uretan disolbatutako lixibaz sakon eta zehatz garbitzea bai probak egingo diren gelak eta bai kutsapenerako bide izan daitezkeen eraikinetako beste tokiak (komunak, ikasgeletarako sarbideak etab.).Mahaiak eta erabilitako gainerako gainazalak desinfektatzea, erabili aurretik eta ondoren.
  3. Ikasgela bakoitzean gutxienez ontzi bat jartzea, zarama poltsa batekin, behin erabiltzeko materiala egokiro kudeatzeko.
  4. Azterketa gelak gehiago aireztatzea, modu naturalean edo bitarteko mekanikoez, leihoak zabalduz eta berritzen den airearen bolumena handituz eraikinetako aire primarioko instalazioetan.

 

10.3.- Neurri indibidualak

  1. Aurrez aurreko probetara doazen ikasle guztiek etxetik irten baino lehen beren burua aztertu beharko dute, sintoma hauetakoren bat daukaten ikusteko: >37º-ko sukarra, eztul sikua, samako mina, arnasa hartzeko arazoak, usaimen eta dastamen falta. Halakoren bat edo gehiago badute, ez dira probara joan beharko. Horren berri eman beharko zaio irakasleari.
  2.  Ikasleek higiene pertsonala areagotu beharko dute:
    • Eskuak uraz eta xaboiaz edo soluzio hidroalkoholikoez garbitu.
    • Eztul edo doministiku egitean, ahoa eta sudurra ukondoaren txokoaren kontra jarri.
    • Ez ukitu ez begiak, ez sudurra ez ahoa.
    • Ile luzea edukiz gero, jasota eraman (mototsean bilduta, koleteroaz jasota etab.).
    • Azazkalak motz eraman. Ez erabili ez eraztunik, ez eskumuturrekorik, ez erlojurik.
    • Erabili eta botatzeko  zapiak baliatu. Behin erabili ondoren, edukiontzi edo paperontzi berezituetara bota.
    • Ez egin kontaktu fisikoa dakarren kortesia edo estimu adierazpenik.
  3. Epaimahaikideek erabili eta botatzeko eskularruak jantzi beharko dituzte azterketak manipulatzeko.
  4. Gomendatzen zaie ikasleei eta epaimahaikideei erabili eta botatzeko zapiak eramatea, eztul edo doministikoen ondoriozko premietarako prebentzio neurri gisa. Behin erabilita, zapiok bota beharko dira ikasgelan egongo den zarama poltsan, azterketatik irtetean.
  5.  Koronabirusaz gaixorik dagoela alegatzen duen ikasle edo epaimahaikideak horren berri eman beharko du, ordezko aukerak bilatzeko.  Ez da inolaz ere agertu beharko aurrez aurreko probara.
  6. Talde kalteberetakoak diren ikasleek edo epaimahaikideek horren berri eman beharko dute, ordezko aukerak bilatzeko.

11.- Unibertsitatearen espazioak erabiltzen dituzten enpresek eta erakundeek eta kanpoko zentroetan, landa lanetan edo misio zereginetan diharduten langileek hartu beharreko prebentzio neurriak.

UPV/EHUren espazioak erabiltzen dituzten enpresa edo erakundeek plan honetan ezarritako neurri orokorrak bete beharko dituzte eta beren plan espezifikoa egin, unibertsitateko ikastegi, sail, zerbitzu eta ataletarako hemen ezarritako ereduaren arabera. 

UPV/EHUren kontura kanpoko erakundeetan ari diren langileek erakunde horietan ezartzen diren protokoloak bete beharko dituzte uneoro.

UPV/EHUren kontura desplazatuta dauden langileek norbere babeserako ekipamenduak izango dituzte beren zereginak modu egokian betetzeko gaur egungo egoeran.

Kanpoko erakundeetan protokoloak betetzearen inguruko zalantzarik izanez gero, idatzie informes.prevención@ehu.eus

Landa lanetan edo misioan dauden UPV/EHUko langileek dokumentu honetako jarraibideak bete beharko dituzte aplikatzekoa zaien guztian.

12.- Jokabide eta jardueren koordinaziorako protokoloak kontratatutako enpresentzat

Hemendik gutxira UPV/EHUk plan honen eranskin bat argitaratuko du, kontratatutako enpresek bete beharreko protokoloekin, eta enpresa jardueren koordinaziorako aurkeztu beharko duten dokumentazioarekin.

13.- Plana eguneratzea

Lehen atalean esan bezala, plan hau dinamikoa da, eta eguneratuz joango da osasun, lan eta hezkuntzaren arloko agintariek ematen dituzten  jarraibideen arabera.

Eguneratzeak, egokitzapenak eta atal edo jarduera jakinetarako neurri espezifikoak UPV/EHUren webgunean argitaratuko dira.

Informazio osagarria