Mexikoko Guadalajara, Málaga, Dublin eta Donostiako 566 neraberen artean Leire Ugaldek egindako azterketa batek erakusten duenez, apenas dagoen alderik lau hiri horietako neska-mutikoek telebistan atzematen dituzten balioei dagokienez. Sexuaren arabera aztertuta, pertsonaiekiko enpatia emozionala lehenesten dute neskek; mutilek, berriz, pertsonaien emulazioa. Lurraldeka begiratuta, Dublingo nerabeek ageri dituzte gainerakoekiko alderik handienak, han aztertutako gazteen testuinguru sozioekonomikoaren eraginez, seguruenik. Balio indibidualisten alde egiten dute, nabarmen, hiri hartako telebista-ikusle gaztetxoek.
Telebistak hedatzen dituen balioak, nahiko antzekoak bazter guztietan
UPV/EHUko ikerketa baten arabera, ez dago alde handirik munduko lau hiritako nerabeek telebistan hautematen dituzten balioen artean
Lehenengo argitaratze data: 2015/08/04
"Telebistako pertsonaietan nerabeek hautematen dituzten balioen homogeneizaziorako joera nabari da. Nire alabak, Hondarribian, Disney Channel ikusten du, munduko herrialde askotako milioika nerabek bezala: programa berak, balio berak…", dio Leire Ugaldek, La percepción de valores en personajes televisivos y los hábitos televisivos en adolescentes: un estudio transcultural tesiaren egileak. "Hori izan da ikerketaren ondorio garrantzitsuenetako bat: elkarrengandik oso urrun bizi arren, antz handia dago toki bateko eta besteko nerabeek atzematen dituzten balioen artean. Era berean, denek hauteman dituzte balio-mota desberdinak (indibidualistak nahiz prosozialak). Badu horrek alde on bat —gogoko ditugun balioak sustatzeko erabil dezakegu telebista—, eta txar bat: hain gustukoak ez ditugunen homogeneizazioa", zehaztu du ikertzaileak.
Antzekoa eta berdina ez dira, ordea, gauza bera. "Dublingo lagina da ‘desberdinena': balio indibidualisten alde egiten zuten, nabarmen, hiri horretan aztertu genituen telebista-ikusleek", dio Ugaldek. "Harrituta utzi ninduten Dublingo emaitzek. Ikerketa egin eta gero, hiru hilabete eman nituen hiri horretan, eta orduan jabetu nintzen zertan zetzan aldea: azterketan parte hartu zuten nerabeak Dublingo auzo gatazkatsu eta marjinaletan bizi ziren; desegituratutako familia ugari zegoen, eta drogarekin lotutako arazoak ere… Beste hiru hirietako ikusleekin alderatuta, garrantzi askoz handiagoa ematen zioten Dublingo nerabeek diruari, gauzak edukitzeari… Alor horietan zituzten, izan ere, gabeziarik handienak", dio Ugaldek.
Donostiako ikusleen profilari, berriz, "polita" deritzo tesiaren egileak: "Batetik, gurasoek askoz gehiago kontrolatzen dute zer ikusten duten seme-alabek telebistan. Garrantzitsua da hori, gurasoek irizpide batzuk ezartzen baldin badituzte, eragina baitu horrek nerabeengan. Ikerketa honen arabera, Donostiako neska-mutikoak dira, lagin osotik, egunean telebista-ordu gutxien ikusten dutenak (2,5 ordu), eta Dublingoak, aldiz, gehien ikusten dutenak (4,5 ordu). Alde handia da".
Mutilen kontsumo-profila, neskena baino erakargarriagoa
Leire Ugaldek dioenez, "Dublinen atzemandako aldeak hipotesi berri bat dakarkigu burura: ez ote diren ezaugarri sozioekonomikoak kultura baino aldagai garrantzitsuagoa hiri batzuetatik beste batzuetarako aldean; alegia, euskaldunak edo irlandarrak izatea baino garrantzitsuago ez ote diren batzuen eta besteen baldintza sozioekonomikoak. Gure ikerketak ez dio erantzuten galdera horri, baina hipotesi hori azaltzeko premia adierazten du. Etorkizuneko ikerketek gehiago aztertu behar lukete alderdi hori, nire ustez". Tesigileak azaldu duenez, ohikoa zen Dublinen aztertutako nerabeak bakarrik egotea etxean, gurasorik gabe, edo aitona-amonen etxean, luzaroan telebistaren aurrean, nahi zuten guztia ikusten; Donostiako laginean, aldiz, ez zen halakorik ageri.
Ikuslea mutila ala neska izateak ere badu garrantzia, Ugaldek dioenez: "Neskek enpatia emozionala lehenesten zuten, eta enpatia horren bidez konektatzen zuten pertsonaiekin; mutilek, berriz, beste arrazoi bategatik aukeratzen zituzten pertsonaiak: haien antza izan nahi zutelako. Kontsumo-profila ere desberdina dute neskek eta mutilek: txutxu-mutxu saioak ikusteko joera zuten neskek, gero lagunekin horretaz jarduteko. Mutilen kontsumo-profila, berriz, askoz kulturalagoa zen: animazio-saioak, programazio kulturala, umore-saioak…. Egia esan, mutilen profila neskena baino askoz erakargarriagoa zen".
Informazio osagarria:
Psikodidaktikan doktore, Pedagogia terapeutikoan eta Psikopedagokian lizentziatua, Haur Hezkuntza espezialitatean diplomatua eta sexologoa da Leire Ugalde Lujambio (Pasai Donibane, 1973), La percepción de valores en personajes televisivos y los hábitos televisivos en adolescentes: un estudio transcultural tesiaren egilea. UPV/EHUko Didaktika eta Eskola Antolakuntza Sailean egiten du lan, eta Bilakaeraren eta Hezkuntzaren Psikologia Sailean aurkeztu du tesia.
Concepción Medrano Samaniego —doktorea eta katedraduna— izan du tesiaren zuzendari, eta Juan Ignacio Martinez de Morentin de Goñi doktorea zuzendari laguntzailea. UPV/EHUn egin du, nagusiki, tesirako lana, eta Irlandako NUIMen hiru hilabeteko egonaldia egin zuen.
Bibliografia-erreferentziak:
L. Ugalde, L. eta M.C. Medrano (2014). Valores Percibidos en la Televisión por adolescentes de diferentes contextos culturales. Revista de Psicología INFAD, 1 (3), 315-322.