Eduki publikatzailea

Einstein eta Hitler, historia unibertsaleko heroia eta gaizkilea

Mundu guztiko ia 7.000 ikaslek 40 pertsona eta gertakizun historiko ebaluatu dituzte

Lehenengo argitaratze data: 2015/05/13

Zer partekatzen dute Einsteinek, Ama Teresak, Gandhik, Martin Luther Kingek, Newtonek, Jesusek, Mandelak, Edisonek, Lincolnek eta Budak? Horiek guztiak daude munduaren historiaren heroien Top 10ean. Gaizkileetan, berriz, lehenengo hamar postuetan daude Adolf Hitler, Osama bin Laden, Saddam Hussein, George Bush (semea), Stalin, Mao, Lenin, Genghis Khan, Saladino, Quin enperadorea eta Napoleon.

Heroi eta gaizkileen sailkapen hori munduko zenbait unibertsitatek (tartean dago Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea –UPV/EHU–) lankidetzan egindako azterlanaren emaitza da. Nazioarteko ikerketan unibertsitateko 6.902 ikasle boluntariok parte hartu dute. Batez beste 23 urte dituzte eta 37 herrialdetakoak dira; besteak beste, Argentinakoak, Australiakoak, Pakistangoak, Hego Koreakoak, AEBkoak, Indiakoak, Tunezekoak, Italiakoak eta Japoniakoak. Lanaren oinarrian dago gazte horiek historia unibertsaleko 40 pertsona eta gertakizun garrantzitsuren inguruan egindako ebaluazioa. Emaitzak Plos One zientzia aldizkarian argitaratu dira, eta berretsi egin da irudi historikoak lagungarri direla lezio moralak transmititzeko oinarria sortzeko. Halaber, ikusi da gertakizunek jarduteko arauak eratzen dituztela.

"Azterlan honen oinarrian aurreko lan bat dago, 30 herrialdetan egin zena. Orduan, gazteei historia unibertsaleko pertsona eta gertakizun garrantzitsuenak izendatzeko eskatu zitzaien; ondoren, kultura guztiak biltzen zituzten pertsona eta gertakizunen multzo bat egin genuen. Halere, arabiar eta afrikar kulturetako gertakizun eta pertsonek leku gutxiago izan zuten; izan ere, kultur arlo horiei buruzko inkesta gutxiago zegoen" azaldu du Darío Páezek, UPV/EHUko Psikologia Fakultateko Gizarte Psikologia eta Portaera Zientzien Metodologia Saileko irakasleak.

Gaizkileen inguruko iritziak askotarikoagoak dira

Unibertsitate ikasleek 1etik 7ra bitartean ebaluatu behar zuten zenbateraino ziren positiboak edo negatiboak aurkeztutako gertakizun eta pertsonak. Bada, azterlanak datu esanguratsu bat eman du: adostasun argia dago historia unibertsaleko gertakizun negatiboak zehaztean. Alabaina, ez dago horrenbesteko adostasunik pertsona historikoez hitz egitean. "Gaizkileen inguruko iritziak askotarikoagoak dira. Pertsona batek oso ebaluazio eskasa izan dezake herrialde batean, eta ebaluazio positibo xamarra edo oso positiboa munduko beste leku batean. Hori da Osama bin Ladenen kasua, esate baterako."

Azterlan horrek emandako beste datu esanguratsu bat hau da: "inkestatuei eskatu zitzaienean bat-batean esateko nor ziren historiako pertsona garrantzitsuenak, lider politiko eta militarren izenak eman zituzten; izan ere, gerrak, gatazkak eta botere guduak bururatu zitzaizkien. Alabaina, galdera itxiak zirenean eta hausnartzeko jesartzen zirenean, ikasle berberek garrantzi handiagoa eman zieten zientzialariei eta bestelako humanistei. Halaber, gertakizun historikoei buruz galdetuta, denboran gehiago luzatutako gertakizunak (hala nola industria iraultza, Frantziako iraultza eta zientziaren garapena) gerrak bezain garrantzitsutzat edo garrantzitsuagotzat jo zituzten".

Errealista politikoak, makiavelikoak edo pragmatikoak

Azterlanaren bitxitasunetako bat da berretsi egiten dela aztertutako lagineko pertsona taldearen joera dela era positiboan baloratzea "heroiak", baina baliorik ez kentzea "gaizkileei". "Pertsona horiei errealista politiko esaten diegu, makiaveliko edo pragmatiko, eta uste dute sasoi batean Hitlerrek, Stalinek edo Saddam Husseinek boterea izan bazuten, ez dela haien balorazio negatiborik egin behar. Izan ere, arrakasta izan zuten boterea lortzeko borrokan. Ikuspegi "konfuziar" hori oso presente dago Asiako herrialdeetan" adierazi du Darío Páez irakasleak.

Haurtzarotik eta bizitza osoan jasotako kultur jaraunspenak eragiten du, ikertzaile horren arabera, historiaz dugun ikuspegian. "Aldakortasun hori "gaizkileen" artean agertzen da batez ere; izan ere, azterlan honetan agertu ziren heroien inguruko nolabaiteko adostasun kulturala dago; gehienak bat datoz Einstein eta Mandela heroiak direla. Esate baterako, Osama bin Ladeni buruzko ikuspegia positiboagoa da arabiar kulturan; ostera, Bush semearen irudia askoz ere txarragoa da. Alderantziz gertatzen da Estatu Batuetako kulturan".

Beraz, munduan egindako azterlan honen emaitzek erakusten dute adostasun nahiko garbia dagoela kulturen artean, historia unibertsaleko "heroien" inguruan; bestalde, desadostasuna askoz ere handiagoa da "gaizkileak" izendatu behar direnean. "Heroiak, argi eta garbi, zientzialariak, aurkitzaileak eta askatasunen eta aurrerabidearen aldeko borrokan diharduten pertsonak dira. Gaizkileen artean, ordea, askoz gehiago bereizten da. Ia kultura guztietan Hitler da erreferentziako gaizkilea, ebaluazio txarrena duena; baina kultura batzuetan ikuspegia aldatzen da: ez dute hain balorazio negatiboa egiten, batez ere gaizkileak modernoagoak direnean (Saddam Hussein, Osama bin Laden edo George Bush semea). Azken horrek argi erakusten du Estatu Batuetako gizarteak munduan zuen botere sinbolikoa galdu duela" ondorioztatu du Darío Páezek.

Erreferentzia bibliografikoa
Hanke K, Liu JH, Sibley CG, Paez D, Gaines SO, Moloney G, et al. (2015) "Heroes" and "Villains" of World History across Cultures. PLoS ONE 10(2): e0115641. DOI:10.1371/journal. pone.0115641.

UPV/EHUko KOMUNIKAZIO BULEGOAk
editatutako informazioa