euskaraespañol

Eguneko irudia

UPV/EHUk Elena Larrauri legelaria Honoris Causa doktore izendatuko du eta baita 2021eko eta 2022ko doktore berriak aintzatetsi ere

  • Ekitaldia

Noiz eta non

2023/05/19, 17:00

Kokapena

Mitxelena entzunaretoa - Bizkaia Aretoa
Avenida Abandoibarra 3. -48009- Bilbao (Bizkaia)

Deskribapena

Ostiralean, maiatzak 19, Euskal Herriko Unibertsitateak Pompeu Fabra Unibertsitateko Zuzenbide Penal eta Kriminologiako katedradun Elena Larrauri Honoris Causa doktore izendatzeko ekitaldia egingo du, eta baita  2021ean eta 2022an Euskal Herriko Unibertsitatean tesia irakurri zuten doktore berriak ere izendatuko ditu, guztira 886.

Elena Larrauri katedraduna UPV/EHUk 1982az geroztik Honoris Causa doktore izendatuko duen bederatzigarren emakumea da, Micaela Portilla (1993), Carmen Codoñer (2003), Marilyn Strathern (2011), Carmen Reinhart eta Maria Vallet Regi (2013), María Jesús Esteban (2016), Sonia Livingstone (2017) eta Jocelyn Bell-en (2022) ondoren.

Larraurik Fulbright-la Caixa beka jaso du, 'Fullbright Scholar' gisa Santa Barbarako Unibertsitatean (Kalifornia) aritzeko, eta Alexander von Humbolford beka, Frankfurteko Unibertsitatean ikerketa-egonaldi bat egiteko, eta Oxfordeko. Unibertsitateko All Souls College-ko Visiting Fellow izan da. Europako Kriminologia Elkarteko lehendakaria ere izan zen.

Haren ikerketa-ildoak aurrekari penalak, zigorren sistema eta genero-azterketa dira, justizia penalaren sisteman. Indarkeria matxistaren arazoa eta horri aurre egiteko prebentzio-estrategia eraginkorrenak ikusarazteaz eta horretaz gogoeta egiteaz arduratu da. Horren erakusgarri dira haren lan ugariak (besteak beste, ‘Criminología Crítica y Violencia de Género’, Ed. Trotta, Madril, 2018). Zalantzarik gabe, indarkeria sexistaren gaitzak eragin handia du, estatistika nazionalek agerian uzten duten bezala: besteak beste, 2022an bikotekideek edo bikotekide ohiek hildako 49 emakume, eta 2003az geroztik, kontabilizatzen hasi zirenetik, 1.190 emakume. Beraz, nabarmentzekoa da Elena Larraurik emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzioa eta tratamendua aztertzeko egindako lana, kriminologiatik eta justizia penaleko sistematik abiatuta, modu eraginkor eta bermatzailean, baina, aldi berean, sexuagatiko desberdintasun estruktural eta historikoak kontuan hartuta. Gaur egun, Kriminologiako eta Zigor Betearazpeneko Unibertsitate arteko Masterreko zuzendaria da.

Azken urteko doktore berrien datuei erreparatzen badiegu, 2022an tesia irakurri zuten 462 pertsonetatik % 53,9 emakumeak ziren (249) eta % 46,1 gizonak (213); horietatik guztietatik 214k nazioarteko tesi bat egin zuten (% 39,8), eta nazioarteko tesietatik 30tan euskara izan zen erabilitako hizkuntzetako bat, eta, azkenik, 18k tesi industrial bat egin zuten. UPV/EHUn irakurritako tesien kopuruak gora egin du etengabe azken lau urteetan (390 2019an, 429 2020an, 424 2021ean eta 462 2022an). Kopuru horiek Euskal Herriko Unibertsitatea Espainiako lehen sei unibertsitateen artean kokatzen dute.

Inbestidura ekitaldiko programa (maiatzak 19, Bizkaia Aretoan) hauxe da:

  • Elena Larrauri irakasle andrea Honoris Causa doktore izendatzeko aktaren irakurketa Aitor Zurimendi idazkari nagusi jaunaren eskutik.
  • Doktore berriak izendatzeko aktaren irakurketa Eva Portillo idazkari akademiko andrearen eskutik.
  • Elena Larrauri irakasle andrearen laudatioa Adela Asua irakasle andrearen eskutik.
  • Honoris Casusa doktore izendapena.
  • Elena Larrauri irakasle andrearen hitzaldia Euskal Herriko Unibertsitateko Klaustroan sartzeko.
  • Gotzone Barandika Doktore Eskolako zuzendari andrearen hitzaldia.
  • Doktore berrien izendapena.
  • Eva Ferreira errektore andrearen mintzaldia.
  • UPV/EHUko Koroaren emanaldia.