euskaraespañol

Eguneko irudia

Hezurren birsorkuntza-prozesuan organismoa imitatzen duten gelatinazko gailu berriak

Hezurretako hutsuneak osatzeko aldamio gisa balia daitezkeen eta hazkuntza-faktoreak askatzen dituzten egitura batzuk sortu dituzte UPV/EHUn

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2017/05/12

Irudia
Ezkerretik eskuinera, Gorka Orive, Pello Sánchez eta José Luis Pedraz. Argazkia: UPV/EHU.

Organismoa bera ez denean gai jasandako hezur-kalteak osatzeko, lagungarria izan ohi da oso egitura bateragarri eta biodegradagarriak jartzea, aldi baterako aldamio-funtzioa izan dezaten kaltetutako ehunean. Horrelako aldamio bat garatzen buru izan da UPV/EHUko Farmazia Fakultateko NanoBioCel taldea, zeinak, euskarri fisikoa izateaz gain, hazkuntza-faktoreak askatzeko aukera ematen baitu, gorputzak egiten duen moduari jarraiki.

Etengabe goraka doan diziplina da medikuntza birsortzailea, eta askotariko estrategia terapeutikoak hartzen ditu barnean, proteina birkonbinatu eta zelula ametatik hasi, eta botikak eta hazkuntza-faktoreak askatzeko material eta matrizeetaraino. UPV/EHUko Farmazia Fakultateko NanoBioCel taldeak aldamio, edo matrize, horietako bat sortu du, hezur-kalte kritikoetan, hau da, erredura, traumatismo, tumore-erauzketa eta bestelako egoera batzuetan sor daitezkeen kalteetan aldi batez hezur-matrizea ordezkatu eta hezur-ehuna birsortzen laguntzeko.

Materiala biodegradarria izan zedin, eta gorputzak errefusatzeko arriskua txikitzearren, "kolagenoaren deribatu bat erabili genuen, kolagenoa prozesatzean sortzen den gelatina bat, frogatuta baitago zitotoxikotasun txikiagoa duela baina bilatzen ari ginen propietateak badituela", azaldu du Pello Sánchez  NanoBioCel taldeko kideak. Gainera, gelatina-proteinak polimerizatu eta aldamioa kohesionatzeko, gardeniaren fruitutik erauzten den molekula bat erabili zuten, "hark ere zitotoxikotasun txikiagoa baitu zelulentzat".

Zelula ama mesenkimalak (hezur-matrizea birsortzen duten zelulak) sostengatzeaz harago, materiala hazkuntza-faktoreak askatzeko gai izatea nahi zuten ikertzaileek, eta unean uneko egoeraren arabera beharrezkoa den moduan eta kantitateetan egitea, gainera. Izan ere, "zelulei zer egin behar duten adierazten dieten proteinak dira, eta, hala, birsorkuntza-prozesua hobetu dezakegu", argitu du ikertzaileak. Azterlanean, lortu nahi zuten propietate berritzaileenetako bat zen "aldamioak hazkuntza-faktoreen askatze-profil egokiak izatea, organismoan gertatzen dena imita zezala. Hezurren birsorkuntzan oso garrantzitsuak diren bi hazkuntza-faktorerekin egin genuen lan: haietako bat lehenengo bi egunetan askatzea nahi genuen, eta bestea, berriz, denbora luzeagoan jarraitzea askatzen".

Etorkizun handiko emaitzak, baita azterketa preklinikoetan ere

Aldamioa diseinatutakoan, zenbait entsegu eta prozesutan probatu zuten, zer propietate, biobateragarritasun eta zitotoxikotasun zituen jakiteko. "Proba guztietan positiboak izan ziren emaitzak. Are gehiago, entseguetako batean espero baino hobeki erantzun zuten zelulek: zelula-alfonbra bat genuen ohiko euskarri batean, eta gainean jarri genuen aldamioa, kontaktuan egoteak zelulak intoxikatzen edo hiltzen zituen ikusteko. Aldamioa altxatzean, hutsune bat ikusi genuen harekin kontaktuan egondako gainazal osoan. Zelulak hil egin zirela pentsatu genuen hasieran, baina gero konturatu ginen zelulek aldamiora migratu zutela, alegia, hazteko jarritako plastikoa baino nahiago zutela gelatina", dio Sánchezek.

Hazkuntza-faktoreen askatze-profilei dagokienez, Sanchezek aipatu duenez, "ikusi genuen hor ere lortu genuela naturan gertatzen dena imitatzea. Lehenengo egunetan askatzea nahi genuen hazkuntza-faktorea lehenengo 24 orduetan askatu zen, zehazki. SHH proteina da, oso une jakinetan, oso leku zehatzetan eta oso kantitate txikitan espresatzen den proteina. Hezurra hausten denean, lehenengo bi egunetan bakarrik espresatzen da, eta inguruko zeluletan zenbait gene aktibatzeko funtzioa du, hezurra osatzen laguntzeko".

Era berean, bigarren hazkuntza-faktorea, VEGF delakoa, gorputzak askatzen duen eran askatu zen: "Kasu horretan, angiogenesia eragiten duen proteina bat da, hau da, odol-hodiak sortzea bultzatzen du, eta zelulak erakarri ere egiten ditu, hezur-ehuna sortzen lagun dezaten".

Proiektuaren lehenengo zatia da aipatutako ikerketa; animalietan azterketa preklinikoak egin dituzte dagoeneko, eta "emaitza itxaropentsuak lortu ditugu. Argitaratze bidean daude. Animalietan halako entseguak egiteko eredu berri bat ere proposatu dugu. Hemendik aurrera, orain arte lortutakoa hobetzen joan gaitezke, hala nola beste elementu batzuk gehituz (kaltzioa, adibidez), edo birsorkuntza hobea izatea eragingo duten hazkuntza-faktoreekin probatuz", dio ikertzaileak bukatzeko.

Informazio osagarria

Gorka Orive eta José Luis Pedraz doktoreek bultzatutako ikerketa berri baten zati da proiektua. UPV/EHUko Farmazia Fakultateko NanoBioCel taldea, halaber,  CIBER-BBN (Bioingeniaritzako, Biomaterialetako eta Nanomedikuntzako Sare Ikerketa Biomedikoko Zentroa) plataformako kide da. Ikerketan, UCA (Unidad de Cirugía Artroscópica) eta AGRENVEC enpresekin lankidetzan aritu dira, azken horrek eman baitzizkien hazkuntza-faktoreak.

Erreferentzia bibliografikoa