euskaraespañol

Eguneko irudia

Rock-and-rollak industria diskografikoaren ekoizpen- eta banaketa-prozesuak aldarazi zituen

Industria diskografiko garaikidearen bilakaera aztertu du UPV/EHUk, Europako berrikuntza-prozesuen analisi baten bidez

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2016/08/26

Irudia

UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko ikertzaile Gaizka Insunzak ikerketa bat egin du gaur egungo sektore diskografikoaren dinamika eta joera nagusiak identifikatzeko eta etorkizunean izan litezkeen egoerak definitzeko, eta, horretarako, hainbat metodologia erabili ditu. Ikerketan, sektoreko izen handiko profesionalek hartu dute parte, eta ikertzaileak ondorioztatu du gaur egungo industria diskografikoa kontsumo malguago baten eta ekoizpen-geografia atomizatuago baten mende dagoela.

Eraldaketa handiak ari dira gertatzen kultura-industrietan, globalizazioaren (erlazio sozioekonomikoen esparru berri gisa) eta IKTen garapenaren (bereziki, Internet eta teknologia digitalak) ondorioz. Esan beharra dago sektore diskografikoa salmenta-krisian dagoela 90ko hamarkadaren amaieraz geroztik. Musika grabatuaren salmenta gutxitzeko arrazoi nagusiak dira, besteak beste, edukiak trukatzeko plataformak sortzea eta hedatzea, biniloak eta kaseteak CDekin ordezteko aldia amaitzea, krisi ekonomikoa, teknologiarekin eta olgetarekin lotutako beste sektore batzuen lehia eta diskoetxeen estrategia kontserbadoreak.

Hala ere, "salmenta-krisitik harago, badira beste zenbait aldaketa kualitatibo sektore diskografikoa osatzen duten hainbat alderdiri dagozkionak", adierazi du Gaizka Insunza UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko ikertzaileak, zeinak Europako industria diskografiko garaikidearen berrikuntza-prozesuak aztertu baititu. Insunzak ikerketa zabal bat egin du, hiru fasetan, musika-ekoizpenaren, -banaketaren eta -kontsumoaren ezaugarri berrien inguruan, teknologia digitalen eta globalizazioaren testuinguruan.

Lehenengo fasean, literaturaren berrikuspen bat egin du ikertzaileak, eta konturatu da orain arte gaiarekin lotutako ikerketa ugari egin direla baina ikuspegi askotatik. Horren ondotik, industria diskografikoaren berrikuntzako eta aldaketa teknologikoko prozesuak aztertzeko esparru teorikoa definitu du, eta, haren bidez, produktu-, prozesu-, antolamendu- eta marketin-berrikuntzak izan ditu ardatz bere ikerketan (Osloko Eskuliburuan oinarrituta). Azkenik, inkesta bat egin die, DELPHI metodologiaren bidez, sektore diskografikoan ibilbide luzea duten 13 profesional adituri (esparru teorikoan definitutako arlo guztietakoak).

Paradigma berria eta zoru komuna

"Uste dut azken urteetan industria diskografikoaren arloan egin diren lanetako asko biltzen dituela nire ikerketak", adierazi du Insunzak, eta literaturan hainbat kontraesan hauteman dituenez, "profesionalekin hitz egin nahi izan dut, iritzi akademiko horiek Europako sektore diskografikoan lanean ari diren profesionalen iritziekin alderatzeko". Hala, "adostasun garrantzitsuak lortu ditut, eta uste dut zoru komun bat ezarri dudala, lagungarri izango dena etorkizuneko ikerketetan aurrera egiteko, horrenbesteko kontraesanik gabe".

Ikertzaileak ondorioztatu duenez, "egile eta erreferentzia bibliografiko gehienekin bat eginez, argi eta garbi esan daiteke jauzi kualitatibo bat eman dela musika-ekoizpenari dagokionez. Uste dut hori paradigma berri baten mende dagoela". Batetik, produktuaren immaterializazioa aipatu du Insunzak, hau da, "mp3-arekin aldaketa kualitatibo bat gertatu zen, euskarri fisikoak baztertzean musikaren kontsumoa immaterializatu egin baitzen", azaldu du. Bestetik, "badirudi sare berrietan eta merkaturatze-modu berrietan pisu handia duela, berriro ere, singleak albumaren kaltetan; horrek adierazten du musika-kontsumoa asko aldatu dela eta malgutasun handiagoa dagoela orain", erantsi du.

Gainera, ikertzailearen iritziz, "prozesu digitalak asko ari dira aldatzen musikaren prozesu osoa". Ekoizpenaren geografia atomizatu egin da, eta Major-en mendeko estudio handietatik aldentzen ari da. Sarrera-hesiak murriztu egin dira, eta errazagoa da orain eragile berriak sartzea. Testuinguru horretan, informatikako, telekomunikazioetako eta enpresa berrietako eragile berriak sartu dira musikaren negozioan. Enpresa horiek uste dute musikak indar handia duela sinergiak sortzeko beren produktu eta zerbitzuekin. Azkenik, "paradigma berriak eskaintzen dituen aukerez gainera, Major-ak dira nagusi oraindik ere merkatuan, salmentei dagokienez behintzat. Nolanahi ere, txikitu egin da eskaintza kontrolatzeko gaitasuna", adierazi du.

"Haustura teknologiko orok du gaitasuna industria diskografikoa aldatzeko, iraganean ikusi izan den mailatan —adierazi du Insunzak—. Nire ustez, sormen-hausturek, batzuetan, aldaketak eragin ditzakete industria diskografikoan, rock-and-rollarekin 50eko hamarkadan gertatu zen bezala: orduan, sormenaren arloan izan ziren aldaketak eta horrek eragina izan zuen ekoizpenean, banaketan eta beste zenbait arlotan". Etorkizunari dagokionez, Insunzaren iritziz, musika-kontsumoa gero eta berehalakoagoa da, musika gero eta gehiago kontsumitzen da beste gauza batzuekin lotuta, eta, beraz, gero eta bazkide gehiago bilatu behar ditu musikak; "horrenbestez, musikaren arloan jarduten dugun eta musika atsegin dugun guztiok musika sortzeko, banatzeko... modu berriak bilatu beharko ditugu, bai eta bazkide estrategiko berriak ere".

Informazio osagarria

Gaizka Insunza (Gernika, 1978) Enpresa Zuzendaritza eta Administrazioan lizentziaduna da, eta ‘La evolución de la industria discográfica: Un análisis de los procesos de innovación en Europa' izeneko doktore-tesia egin du UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko Ekonomia Aplikatua I Sailean, Mikel Zurbanoren eta Juan Carlos Miguel de Bustosen zuzendaritzapean.

 

Argazkiak: Tere Ormazábal. UPV/EHU.