euskaraespañol

Eguneko irudia

María Intxaustegik bat egin du Gribshunden ikerketa proiektuarekin

XV. mendean Suedian hondoratutako Danimarkako itsasontzi bat da, eta oso ondo kontserbatu da gaur arte

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2015/12/29

Irudia

María Molina Intxaustegi, UPV/EHUko Erdi Aroaren, Aro Berriaren eta Amerikaren Historia Saileko ikertzailea, laguntzaile gisa batu zaio Suediako Södertön Unibertsitateko MARIS ikerketa zientifikoko taldeari: hain zuzen ere, Gribshunden proiektua dute ikergai. Intxaustegik mintegi batean parte hartu zuen Ronnebyn, ontzia hondoratu zen herrian; han, Suediako arkeologoek, historialariek, kultur kudeatzaileek eta kultur eragileek kroskoaren etorkizunaz eztabaidatu zuten.

Azaro amaieran, zenbait espezialista Ronnebyn bildu ziren, Suedian, urte honetan aurkitutako itsasontzi hondoratu interesgarrienetako baten etorkizunari buruz eztabaidatzeko. Hizlari daniar eta suediarren artean, Euskal Herriko Unibertsitateko urpeko arkeologo María Intxaustegi izan zen; INSUBeko kide da, eta, orain, ontzia ikertzen diharduen  MARIS taldeko kide ere bai. Mintegian, Intxaustegik gai hauek jorratu zituen: alde batetik, euskal baleontziak eraikitzeko teknikak eta, bestetik, Eskandinaviako ontziek eta Iberiar penintsula iparraldekoek (bereziki, Euskal Herrian eraikitakoek) duten harreman estua.

Gribshunden Danimarkako errege Hans I.aren bandera ontzia izan zen, eta ainguratuta zegoela hondoratu zen, 1495ean. Itsaso Baltikoan ia ez dago zura jaten duen mikroorganismorik; hori dela eta, ontzia ia oso-osorik kontserbatu da, oraindik ere kroskoa, zubia eta popako gaztelua baititu. "Baltikoa itsaso aproposa da urpeko arkeologiarako, han ez baitago itsasontzien zura jaten duten Teredo navalis espezieko harrik. Horri esker, itsaso horretan topatzen ditugun ontzi hondoratuak, Gribshunden bezala, ezin hobeto kontserbatzen dira. Ez dago zubiaren eta popako gazteluaren zati bati eutsi dioten krosko asko; normalean, kroskoaren zati bat baino ez dute kontserbatzen. Uda honetan, are gehiago, dragoi burua duen masta bat berreskuratu da. Proiektu zoragarria dugu esku artean" esan du UPV/EHUko ikertzaileak.

Mintegian, Blekinge museoko zuzendari Markus Sandekjerrek (museo horretan daude, besteak beste, itsasontziak zeraman dragoi burua), indusketaren zuzendari Johan Rönnbyk eta urpeko arkeologo María Intxaustegik berak nabarmendu zuten oso garrantzitsua dela behar bezala kudeatzea hain ongi kontserbatu den ontzi hondoratu bat.

María Molina Intxaustegi UPV/EHUko Erdi Aroaren, Aro Berriaren eta Amerikaren Historia Saileko ikertzailea da, eta Euskal Unibertsitate Sistemako "País Vasco y América: vínculos y relaciones atlánticas" ikertaldean dago. Hitzaldian, Europa iparraldeko ontziak eta euskal ontziak eraikitzeko moduan dauden antzekotasunez aritu zen. Jakinik euskal balea arrantzaleek harremana zutela kultura eskandinaviarrekin, eta kontuan hartuta bi eraikuntza tipologiak oso antzekoak direla, ikerketa ildo paralelo bat abiatu da, bi tipologiak elkarrekin konparatzeko analisi bat egiteko.

Gribshunden ontziari buruzko informazio gehiago:
http://combatarchaeology.org/gribshunden-significance-and-preliminary-investigations/
 

 

Argazkiak: Hanna Franzén eta Marcus Johansson