euskaraespañol

Juan Ignacio Pérez Iglesias

Arotza, fisikaria eta jakite hutsaren atsegina

Fisiologiako katedraduna

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2024/07/01

(Beste leiho bat zabalduko du)
Irudia
Argazkia: Freepik.

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Antofagastako Gabriel Moralesek (Txile) idatzi digu honako hau helarazteko:

“Zuen artikuluak irakurri nituen; argigarriak oso. Izan ere, arotz zaharra izanik, laburra izan zen nire hezkuntza aldia eta, hortaz, agian ez dut irakurritakoaren zatirik handiena ulertuko. Hala eta guztiz ere, zuen hitzak irakurtze hutsak handiagoa den zerbaiten parte garelako sentsazio atsegina eragiten dit. Nire eskerrik beroenak”.

Ikasten dugunean, gozatu ere egiten dugu. Ulertze hutsak atsegina eragiten digu; hori da Gabriel Moralesek bere mezuan dioena, eta horrexegatik nahi izaten dugu gehiago jakin.

Euskaraz badugu grin hori ondo adierazten duen hitza: ‘jakin-mina’, jakiteko mina. Hitz polisemikoa da ‘min’, eta gure barnean dagoen zerbaiti egiten diote erreferentzia haren esanahi guztiek. Erabilerarik ohikoenean, oinazea da mina. Fisikoa izan daiteke, ‘buruko mina’ kasu. Edota aldarteari lotua egon daiteke, nahigabez jositako ‘bihozmin’  hitzaren kasuan esaterako.

Baina esangura gehiago ditu ‘min’ hitzak. ‘Adiskide mina’, adibidez, adiskide maitea da, hurbil-hurbilekoa. ‘Min-minean’ esamoldeak barren-barrenean esan nahi du. Eta ‘herrimina’ ere badugu, euskaraz nostalgia, malenkonia…; hau da, etxera, nor bere lurrera itzultzeko gogoa, urruntasunak eragiten duen oinazea.

Bada, nahiz eta 'jakin-mina’ jakiteko gogoa izan, esanahi sakonagoa ere badu: jakiteko grina, ezagutzeko ahalegina, ikasteko desira bizia. ‘Herrimin’ hitzarekin parekatuz gero, ez dakigun horrek eragiten digun oinazea izango litzateke ‘jakin-mina’. Eta jatorrira itzultze hutsak herrimina sendatzen duen bezalaxe, gauza berriak ikasten ditugunean baretzen da jakin-mina, aurretik ez genekien hura geureganatzen dugunean.

Gozamen intelektuala

Jorge Wagensberg dibulgatzaile handiak “gozamen intelektual” gisa bataiatu zuen zerbait lehendabizikoz ulertzen dugunean sentitzen dugun plazerra, eta izen bereko liburua eskaini zion sentsazio hari. Arrazoi osoz zioen, seguru asko, gozamen hori pizgarri baliotsua zela; ezagutzaren erabilgarritasun hutsak eragin diezagukeen interesa baino askoz ere boteretsuagoa dela ikaste hutsak eragiten duen gozamena.

Gabriel Morales arotz eta irakurleak ”handiagoa den zerbaiten parte garelako sentsazio atsegin“ gisa deskribatutako haren parekoa da Jorge Wagensberg fisikari eta dibulgatzailearen “gozamen intelektuala”.

Ezagutza hain da garrantzitsua gaitasun biologiko gisa (‘fitness’ darwindarra), non logikoa den ezagutza geureganatzean plazerra sentitzea. Eta, hain zuzen ere, jakintza geureganatzeko grinak (jakin-minak, alegia) bultzatzen du ikasketa; oinarrizko behar fisiologiko eta afektiboak asetzeak plazerra sentiarazten digun era berean.

Jakitea, plazer eragile ez ezik, erabilgarria ere bada. Ezagutzari esker, irizpide hobea dugu erabakiak hartzeko, hala maila indibidualean nola kolektiboan. Horrexegatik da lagungarria pertsonen bizitza hobetzeko (erabaki indibidualak), baita jendarteen funtzionamendua hobetzen laguntzeko ere (erabaki kolektiboak). Hori horrela, esan daiteke ezagutza transmititzea eta zabaltzea atsegingarria dela, berez. Horregatik, adierazitakoak nahikoa arrazoi ematen digu egiteko horietaz arduratzen diren erakundeen existentzia justifikatzeko eta beharrezko duten babesa emateko.

Arrakasta isila

Sei urteko ibilbidea egina du The Conversation aldizkariak eta, gaur gaurkoz, gaztelaniaz egiten den herrialdeetan ezagutza zabaltzeko bide nagusia da unibertsitate eta ikergune askorentzat. Beste herrialde batzuetako biztanleentzat ere iturri emankorra da, itzulpenak argitaratzen baitira plataforman.

Ibilbide oparoa izan du aldizkariak. Ez naiz futbol taldeen arrakasta handiaz ari, izen handiko lehiaketak irabazten dituztenean jasotzen duten aitortzaz. Isla mediatiko bakarra du proiektu honen arrakastak: aldizkarian argitaratutako artikuluen etengabeko presentzia. Izan ere, behin  eta berriro berrargitaratzen dira orotariko komunikabide zenbaitetan. Ez da irakurle andana biltzen proiektuaren egilearen lana txalotzera. Baina artikuluek izan badituzte irakurleak; hor daude, eta argitaratzen dena irakurtzen dute.

Arrakasta isila da. Azken sei urteotan, gure unibertsitate eta ikerguneetako gero eta ikertzaile gehiagok idatzi dituzte artikuluak, eta milioika pertsonak irakurtzen dituzte. Hori da aipatu arrakastaren isla. Sortzaileen eta erredakzio taldearen ahalegina, erakunde akademiko eta zientifikoen babesa, eta ehunka egileren lankidetza bildu dira proiektu honetara, arrakasta isil eta diskretu hau lortzeko bidean.

Ezagutzaren komunitatea

 Zifrak garrantzitsuak dira, bai; baina ez da gauza bakarra. Irakurle kopuruaz gain, garrantzi handia dauka hainbat artikuluk izan duten inpaktuak. Hainbat artikuluri esker, gai espezializatuak jorratzeko norengana jo jakin ahal izan dute hainbat komunikabidek; beste hainbatetan, gaur egungo gaien inguruko material didaktikoak eskaini zaizkie hainbat hezkuntza mailatako irakasleei; testu liburuetarako iturri gisa ere erabili dira artikuluak, edota ikertaldeen arteko lankidetza berriak ahalbidetu dituzte; eta, sarritan, “inpaktu” handia eragin dute zenbait artikuluk.

Gure unibertsitate eta ikerguneek ez dute ezagutza zabaltzeko horren plataforma eraginkorrik izan orain arte. Prestakuntza jarduera nagusietatik at, jendartearekin inoiz baino lotura zuzenagoa eman digu proiektu honek. Inoiz baino pertsona gehiagorengana eta inoiz baino urrunago iristea lortu da.

Laburbilduz, ezagutzaren komunitate handia sortu du The Conversation aldizkariak; pertsonek, erakundeek eta komunikabideek osatutako komunitatea, hainbat eragile, interes eta gai biltzen dituena. Gure artikuluak irakurtzen dituztenek, ikasi egiten dute. Wagensbergek aipatzen zuen gozamen intelektuala esperimentatzen dute, Moralesek zioen “handiagoa den zerbait” horren parte izateko sentsazioa sentitzen dute. Eta, gainera, erabakiak oinarri eta funts handiagoz hartzeko tresna intelektualak eskuratzen dituzte.

Horiek guztiak dira gure jardueraren azken ondorioak: pertsona bete eta aseagoak, herritar hobeak. Geure burua zoriontzea merezi dugu, hortaz.

The Conversation