Lana UPV/EHUko NanoBioCel taldeko kide den Haritz Gurruchagaren doktorego tesiaren baitan jasota dago eta bere xedea da kapsulatutako zelulak gordetzeko prozesuak kriobabeste geldoaren bidez optimizatzea. Zelula ama mesenkimalen erabilera geroz eta zabaldua dago gaixotasun ezberdinen tratamenduan.
Zelula amen kriobabestea
UPV/EHUko ikerketa batek frogatu duenez, beren ezaugarri onuragarriak babes daitezke tenperatura baxutan gorde eta gero
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2018/01/25
Scientific Reports aldizkariak ‘Cryopreservation of human mesenchymal stem cells in an allogeneic bioscaffold based on platelet rich plasma and synovial fluid’ artikulua argitaratu berri du. Ikerketa hori Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko NanoBioCel taldeko kide den Haritz Gurruchagaren doktorego tesiaren baitan jasota dago eta bere xedea da kapsulatutako zelulak gordetzeko prozesuak kriobabeste geldoaren bidez optimizatzea. UPV/EHUko irakasle Jose Luis Pedraz eta ciber bbn-ko Jesus Ciriza tesiaren zuzendarikideak dira.
Zelula ama mesenkimalak zelula heldu eta pluripotenteak dira, morfologia fribroblastoidea dute, bai eta zelula linu ezberdinetan (kondrozito, osteozito eta adipozitoak, besteak beste) bereizteko gaitasuna ere. Beren erabilera asko areagotu da, azken hamarkadan, izaera ezberdineko gaixotasunak tratatzeko orduan. Aplikazio horietako bat (saiakera klinikoko fasean oraindik) osteoartritisaren tratamendua da, kartilago artikularraren eta bere inguruko ehunaren endekapen geldia dakarren gaixotasuna. Azken ikerketek iradokitzen dutenez, aipatu zelulek kaltetutako ehuna berreskuratzeko eta handitutako ehunaren inguruko komunikazioa aldatzeko gaitasuna dute, gaixotasunaren ondoriozko mina gutxituz honela. Ehun kartilaginosoen trataerari dagokionez, ikerketa batzuek diotenez likido sinobialetik ateratako zelula amek beste ehun batzuetatik ateratako horiek baino ezaugarri hobeak dituzte.
Vitoria-Gasteizko Vithas San Jose Ospitaleko Kirurgia Artroskopikoa Unitateak (UCA, gazteleraz), Mikel Sanchezen zuzendaritzapean, zelula horiek erein eta hezteko oso propietate onuragarriak agertzen dituen aldamio edo matrize bat garatu du. Ondokoak dira matrize horren osagaiak: plaketetan aberatsa den plasma, likido sinobiala eta paziente berberaren likido sinobialetik ateratako zelula ama mesenkimalak. Erraza da biosistema hori sortzea eta likido sinobialaren isolamendu zelularra beharrezkoa ez denez, prozesuaren kostua eta ekosistema ekoizteko behar den denbora asko murrizten dira. Kasu horretan, osteoartritisa duten gaixoek tratamendua behin baino gehiago jaso behar dute gaixotasunean zehar eta frogatu ahal izan denez, zelula horiek beren ezaugarri onuragarrietako zenbait galtzen dituzte gaixoaren adinak gora egin ahala. Horrexegatik, zelula ama mesenkimalak daramatzan biosistema hori babesteak, bere lehen ateratzea eta gero, potentzial terapeutiko handia izan dezake paziente berberaren osteoartritisa etorkizunean tratatu ahal izateko.
UPV/EHUren partaidetza
Arlo horretan gauzatu da Jose Luis Pedraz katedradunak zuzentzen duen UPV/EHUko Farmazia Fakultateko NanoBioCel taldearen partaidetza. Zenbait zelula biomaterialetan babestea talde horrek sustatu duen ikerketa lerro berri bat da eta UCArekin duen lankidetza horren harira jaio da, biosistema hori babestu eta etorkizunean erabilia izan dadin.
Zenbait metodo daude egun zelulak biomaterialetan babestu ahal izateko baina NanoBioCel taldea kriobabeste geldoan espezializatu da. Prozesu horretan, laginak aldez aurretik tratatu beharra dago eta izoztea profil zehatz bati jarraiki egiten da, laginak desizoztu eta gero beren eginkizuna eta ezaugarriak berreskuratu ahal izateko. Bi talde horien arteko lankidetzak gehien ikertu diren terapia zelularretako baten babesteari buruzko ikerketa berritzaile hau ahalbidetu du.
Ikerlanean, paziente ezberdinetako laginak erabili dira matrize bizia osatzeko eta eskala txikian egin da. Lehenik eta behin, UCA unitateak optimizatutako matrizea zelula ama mesenkimalak babesteko egokia zela frogatu zen. Ikerlanaren bigarren zatiak soluzio horren osaera hoberena zehaztea zuen xede eta molekula ezberdinak konbinatuz, izoztean zehar babeste eragin bikainak agertzen zituzten soluzio ezberdinak lortu ziren. Azkenik, biosistema babestu ahal izateko konbinaziorik onena zein den zehaztasun osoz jakin ahal izateko, saiakera zehatzagoak egin ziren ehunak berreskuratzeko ardura izango zuten zelulen funtzionalitatea zehazteko helburuarekin, tenperatura baxutan gordeta zeuden bitartean beren ezaugarriak galtzen ez zituztela baieztatuz. Horrekin guztiarekin baieztatu ahal izan denez, biosistema horren bidez posible da zelulen eta beren ostatu den matrizearen ezaugarri onuragarriak babestea. Lan honek, horrenbestez, ate berri bat ireki dio zelula ama mesenkimalen babesteari, prozedura berri eta erraz bat proposatu baitu xede horretarako, prozesuen kostua zein konplexutasuna gutxituz, askotan bi osagai horiek baitira terapien transmisioa tratamendu klinikora saihesten dutenak.
Erreferentzia bibliografikoa
- Cryopreservation of Human Mesenchymal Stem Cells in an Allogeneic Bioscaffold based on Platelet Rich Plasma and Synovial Fluid
- Scientific Reports 7, Article number: 15733 (2017)
- DOI: 10.1038/s41598-017-16134-6